iritzia
Apuntatu
Xabier Paya
Hala da, irakurle estimatua: ohartzen garenerako, kanpaien erritmoan mahatsak irensten ibiliko gara. Urteari geratzen zaizkion 112 egunak istant batean igaroko dira. Hori dela eta, Arkupeko lehen ale honetan urtea amaitu bitartean zer gertatuko den kontatzea pentsatu dut, unea iristen denean prest egon gaitezen. Hartu agenda eta apuntatu.
Urri lehen eta bigarrenean efemeride handiak betetzen dira euskaldunontzat. Duela ehun urte Eusko Ikaskuntza sortzeko kongresu erraldoia antolatu zen Oñatin (zinez sinestezina kongresuaren handitasuna eta edertasuna; orduan gertatutakoaren 1.000 orrialdeko aktak sarean dituzu) eta duela mende erdi Euskaltzaindiak euskara batua abiarazteko lehen urrats adostuak egin zituen. Ziurrenik euskararen batasuna izango da euskal lurralde guztietako euskaldunak elkartu dituen egitasmo bakarra: ez alderdi politikorik, ez mugimendu sozialik. Urrian iraganeko espiritu ekintzailea airean ibiliko zaigu berriz, eta Eusko Ikaskuntzak eta Euskaltzaindiak etorkizunerako koordenatu berriak bilatuko dituzte jardunaldi garrantzitsuetan. Apuntatu.
Azaroan Euskaraldia dator, euskaldunok elkarren artean euskaraz egitera animatuko gaituen ekimena, edo Telesforo Monzonen erdara-greben bertsio berria, irratian entzun nuenez. Parte-hartzaileok bereizgarri bana jantzi beharko dugu soinean (bide batez, testu honetan hau irakurtzera heldu bazara, jakin «ahobizia» izan beharko zenukeela) eta hartara erraz jakingo dugu zein ari garen 11 eguneko euskarazko bizitzaren jolasean. Bai, ni ere ez naiz markazalea, baina kontsolagarri zait pentsatzea lehen euskaraz egiteko leku askotan txapa eman behar genuela, eta oraingoan txapa janztea izango dela kontua. Elkarrekiko presio sozialak egingo ahal du norberaren baitako terapia psikologikoak orain arte ezin izan duena! Egia esan, desiratzen nago egunero ikusten ditudan ezezagunen artean ustekabeko ahobiziak, belarriprestak eta irribiziak deskubritzeko, euskaldun oso, euskaldun hartzaile edo euskaltzale irudikatzen ez nituen bizikideak. Beraz, zu euretariko bat izan zaitezkeelakoan, badakizu: apuntatu.
Abenduan sei hilabete faltako dira udal eta foru hauteskundeetarako. Erakundeak partekatzeko tratua egin zutenak hasi dira jadanik elkarrengandik urruntzen, baina, gabonilaren hondarrean beranduenez, jendaurrean azaldu beharko dute ikasturte bukaerako dantzaldian elkarrekin sekula dantzatuko ez liratekeen bi nerabe bezalaxe. Gainerako alderdietako batzuek iragarri dituzte euren aurpegi berriak eta zahar-berriak, baina oraindik izango da jauzia egitera animatzen den bisaia ezagunen bat, bozkak erakarriko dituen itu magnetikoren bat. Zuk ikusi nori jaurtitzen diozun bozka. Hori bai, mesedez, apuntatu.