astekaria 2015/12/24
arrowItzuli

bizigiro

Ilusio, desio eta ametsek aurrea hartu dute

Ander Gartzia Badiola- Maialen Belarra

Ilusio, desio eta ametsek aurrea hartu dute

Olentzero eta Mari Domingik magiaz bete zituzten Bilboko kaleak. Eguzkia amatatu eta gaua heltzearekin batera, karroza koloretsuek lagunduta agertu ziren Moyua plazan. Ordurako, bertara bilduak ziren haur eta heldu, txapela buruan, gaueko bi protagonistei ongietorria emateko zain. Carlton hoteletik atera ziren, izar ospetsuak legez, kameren flash artean. Zain zituzten kanpoaldean Maurizia, Leon eta Fasioren buruhandiak ere, eta euren doinuen erritmora hasi ziren dantzatzen. Olentzerok, bost metro garai den egurrezko pottokaren altzora igo, eta «kaixo guztioi» ozen batekin agurtu zuen errepidearen bi aldeetan batutako jendetza. Mari Domingik gauza bera egin zuen, egurrezko ahate baten gainetik.

Gaztetxoenen begiek distira egin zuten Basajaun karro bete oparirekin agertu zenean bere triziklo gainean. Bost pertsona ari ziren tiraka, trizikloaren gurpil erraldoiak astiro-astiro mugitzen ziren bitartean. Urrunetik antzeman zuten ikazkina ikuspegi ezin hobea zeukaten haurrek. «Han dator Olentzero!», oihukatu zuten gurasoen sorbalda gainean eserita. Bien bitartean, bazterrak nahasten zebiltzan galtzagorriak. Olentzeroren deabru itxurako laguntzaile nekaezinek Kale Nagusia argitu zuten eskuan zeramatzaten su bengalekin. Haiek baino aurrerago, erraldoiak eta joaldunak, gaitero eta atabalariekin batera.

Kolore biziz apaindutako karrozen kalejirak Arriaga antzokirako bidea hartu zuen, ohitura bihurtu den legez. Han, jendetza zuten zain Olentzerok eta Mari Domingik. Inork ez zezan galdu xehetasun txikienik ere, bildutakoek antzokiaren ondoko pantaila erraldoian ikusi ahal izan zuten han gertatutako guztia. Horra, horra, gure Olentzero abestu ostean, dantza eta kolorez beteriko ikuskizuna hasi zuten Arriaga antzokiaren aurreko plazan. Olentzero eta Mari Domingi agurtuz eman zioten haurrek amaiera magiaz betetako gauari.

Iruñean ere bai

Aurten sekula baino lehenago iritsi dira Olentzero eta Mari Domingi Iruñeko Iturrama auzora. Atzo goizean puska biltzen ibili ziren, eta lortutakoarekin hamaiketakoa egin zuten lehen aldiz Erletokieta auzo lokalean. Gonbidatu bereziak zain zituzten, ordea, Olentzero eta Mari Domingi hara joan baitziren umeen eskutitzak jasotzera. Joanes Abartzuzak ez zien eskutitzik eman, baina ahopeka zerbait eskatu ziela aitortu zuen: «Nire amonaren etxetik pasatzeko esan diet, eta baietz erantzun didate. Oraindik ez dut pentsatu zer eskatuko diedan». Eskuak patataz beteta zituela egin zituen hitzok.

Julen Pastor Erletokietako kideak jakinarazi zuen lokalaren bidez auzoan kultura sustatu nahi dutela: «Iaz ireki genuen, baina oraindik oso berria zen, eta jende gutxi zegoen lan egiteko. Aurten gogoz hartu dugu, eta primeran atera da guztia. Olentzero eta Mari Domingi ere ilusioz bildu dira eskutitzak jasotzera».

Giroa are gehiago berotu zen, 20:30ean auzo osoa Amaiur ikastolaren ingurura gerturatu baitzen, kalejira hasteko. Umeek zeramatzaten zuziek inguruari berotasun berezia ematen zioten, eta musikarik ere ez zen falta izan; joaldunak, txalapartariak, txistulariak, gaiteroak, trikitilariak… Aurrealdean, ikastolako umeek Olentzeroren panpina zeramaten bizkar gainean, eta atzeko organ zeuden Olentzero eta Mari Domingi. Umeek irribarretsu agurtu zituzten biak.

Ezkirotz plazan geldiunea egin zuten, gorputza astindu eta sabela pixka bat betetzeko. Txokolate beroa, txistorra, salda eta abar. Amaiur dantza taldeak hainbat dantza egin ondoren Lopez frontoira abiatu ziren, eta han amaitu zen kalejira. Eguna bukatzeko, Erletokietan ogitarteko afaria egin zuten.

Maria Soto Iturramako Jai Batzordeko kideak azaldu du aurten ez dela inongo arazorik egon baimenak lortzerakoan: «Udalak berehala eman dizkigu». Orain arte zenbait arazo izan dituztela gogorarazi du.

BERRIAn argitaratua (2015/12/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA