ekonomia
Gerra hotza auto elektrikoetan
Ivan Santamaria
Ibilgailu elektrikoen merkatu horretan bere burua hasieratik ezberdindu du Teslak. Hirietan eta ingurune hurbiletan erabiltzeko pentsatuta dauden auto txikien ordez, distantzia luzeak egin eta abiadura handia hartzen duten bolidoak diseinatu ditu, sektoreko ikono bihurtzeraino.
Itxurari erreparatuta, bi konpainien ibilgailuek ez dute zerikusirik. Teslaren irudi ultramodernoari jarraitu gabe, vintage estiloa lehenetsi du Kalaxnikovek. Izh markak 1973tik 1997ra merkaturatu zuen Kombi auto sobietarraren bertsio eguneratua da, kolore urdin argian. Estilo horrek sekulako ikusmina piztu du, eta sare sozialetan azkar zabaldu diren meme irudietarako bazka izan da. Konpainiak azaldu du sei segundotan lor dezakeela orduko ehun kilometroko abiadura, eta 350 kilometro egiteko autonomia izango duela, orduko 90 kilowatteko potentzia bultzatuko duen bateria bati esker.
Kalaxnikovek ezagutarazi duen CV-1 prototipoarekin apustua benetakoa den edo ez ikusteko dago —serie produkzioari buruz txintik ere ez du esan enpresak—, baina bereganatu duen arretak balio dio konpainiari azken aldian bilatu duen birmoldatzea saltzeko. Armagintza militarra eta zibila alde batera utzi gabe, beste sektore batzuetara hedatzeari ekin dio, orain dela urte batzuk pribatizatzeko prozesua martxan jarri zuenetik.
Napoleonen garaitik egiten dira armak Errusiako Izhevsk hirian, Moskutik 1.200 kilometrora, mendebaldeko norabidean. Mende eta erdi eta bi mundu gerra geroago, Izhmax arma ekoizlearen produkzioan iraultza gertatu zen, Mikhail Kalaxnikovek egindako asmakizun baten eskutik: Avtomat Kalaxnikova erriflea. Edo, ezagunagoa den aldaeran, AK-47. Laster bihurtu zen sobietar armadako eraso arma ofiziala, eta nazioarte osora zabaldu zen. Asmatu zenetik, gatazka armatu eta gerra gehienetan erabili da.
Mikhail Kalaxnikov mito antzeko bat da —bederatzi metroko estatua handi bat du Moskun—, baina Sobietar Batasunaren desegitea Izhmax konpainia publikoa apurka higatuz joan zen, eta inor gutxik espero zuen aurrera egitea XXI. mendean. Porrot egiteko zorian zegoela, Rostec konpainia publikoak berregituratze plan bati ekin zion. Horren barruan aldatu zuen izena, Kalaxnikov Concern bihurtzeko.
Aldaketa nagusia, edonola ere, kapital pribatua sartzea izan da. Rostec jabeak akzioen %49 saldu zizkien hiru inbertitzaile errusiarri, trukean negozioa biziberritzeko milioiak jarriko zituztela hitzemanda. Haietako bat zen Alexei Krivorutxko. Denborarekin, akzioen %75 bereganatu ditu Krivorutxkok, konpainiaren jabetza osoa eskuratzeko.
Irabaziak eta hedapena
Zazpi urtean lehen aldiz, 2014an irabaziak izan zituen berriro Kalaxnikovek. Ez da lorpen txikia, kontuan hartuta urte horretan hasi zirela AEBak Errusiako enpresak zigortzen, Krimeako okupazioari jarraituz. Inbertitzaile berrien eskuetan, hasieran 4.000 langile ziren, eta orain 7.000 dira, eta beste ekoizle txikiago batzuk erosita, droneen edo itsasontzi militar txikien merkatuan sartu da.
Ibilgailu elektrikoen sektorean jarri du orain arreta. CV-1 prototipoa aurkeztu duen azoka berean iragarri du akordio bat sinatu duela Arabiar Emirerri Batuekin, motozikletak eta hiru gurpileko auto elektrikoak saltzeko. Atzerrira esportatuko dituen lehen ibilgailuak izango dira.
Oraingoz, konpainiaren salmenten %80 produktu militarrak dira, eta negozio zibilaren parterik handiena ere armek osatzen dute. Bere burua berrasmatzen hasi da Kalaxnikov, baina bide luzea egin beharko du Teslari itzal egiteraino.