gizartea
Kale Nagusirik beltzena, berriro
Garikoitz Goikoetxea Arantxa Iraola
Bideoa: goizeko desfilea (Julen Aperribai, BerriaTB).
Berritasun bat izan da aurtengo alardearen atarian: Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatu du plastikorik ez jartzeko Jaizkibelen aurka. Eskariari, ordea, arbuio keinuak gogortuta erantzun diote tradizioaren izenean ari direla argudiatzen dutenek. Neska nerabeak ziren asko. Kale Nagusiko lehen igaroaldia izan zen gogorrena. Orain arte, goizeko entseguan ez ziren inoiz igaro Kale Nagusitik, eta han ikusi zituztenean, oso gogor erantzun zuten aurkakoek. Malkotan atera ziren Jaizkibeleko kide asko Kale Nagusitik. Bi hitz besterik ezin zuen esan konpainiako kapitainak, Oihana Etxebarrietak, hunkituta, minduta: «Oso gogorra». Samurragoak izan ziren ondorengo bi igaroaldiak, Kale Nagusian gora eta behera, nahiz protesta giroa izan.
Egoera ikusita, desfiletik atera egin zituzten haurrak -10 urterekin hasten dira desfilatzen-. Ez zen girorik egokiena. Kazetarien aurka ere jo zuten oldartutako herritarrek: oihu egin zieten, bultzatu, eta telefonoa bota zioten Euskal Irratietako kazetari bati.
Behin goizeko desfilea amaituta, arrangura ezin zuen ezkutatu Etxebarrieta kapitainak. «Atzerapausotzat» jo zuen atzokoa, eta kritikatu zuen ertzainak «permisibitatez» aritu zirela Jaizkibelen aurkako jazarpenaren aurrean. Ardura eskatu zien instituzioei.
Jasotako babesagatik esker ona agertu zuen Jaizkibel konpainiak: «Oso polita izan da». 700 bat lagun elkartu zituen desfile parekideak: jende gazte asko erakarri dute aurten. Emakumeak soldadu gisa onartzen ez dituzten konpainietan, berriz, 5.000 pertsona inguru atera ziren. Zenbakiek agerian jartzen dute zenbatekoa den bi jaien arteko desoreka. Jaizkibeleko kideak Kale Nagusiko buelta egin eta alardeko kideen aurretik pasatu zirenean, bizkarra eman zieten desfile horretako kide gehienek; ehunka gizon, elkarren alboan, bizkarra emanda.
Babes keinuak
Mugimendu feministak dei berezia egin zuen atzo Jaizkibeli sostengua erakusteko. Kale Nagusian nabaritu zen hori. Zumarditik aterata, pankarta handi bat zabaldu zuten: Alardea feminista izango da, edo ez da izango. Mugimendu feministak iaz egin zuen horrelako beste keinu bat, eta, iazko moduan, udaltzainek berehalaxe kendu zuten pankarta.
Desfile mistoa babesteko jarrera aspaldi hartua dute hainbat erakundek eta talde politikok; urtero moduan, han izan ziren Emakundeko eta EAEko Arartekoko ordezkariak, baita EH Bilduko eta Ahal Dugu-koak ere. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak aitortu zuen «gogorra» izan zela Kale Nagusian gertatutakoa. Azken urteotan guztietan han izan da Landaida, baina atzokoak ukitu egin zuen: «Benetan tristea izan da ikusi behar izan duguna; Jaizkibel desfilatzen, neskak negarrez». Udalaren ardura nabarmendu zuen. Bide beretik, «suntsituta» agertu zen Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea ere, Kale Nagusian gertatutakoarekin asaldatuta. Gaiari «serio» heltzeko eskatu zien erakundeei. Udaletxeko arkupean izan zen beste erakunde ordezkari bat ere: Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatua. Bi desfileak ikusi zituen: Jaizkibelena eta emakumeak soldadu gisa onartzen ez dituena. Itxasoren sinadura darama aste honetan aldundiak ateratako oharrak, plastiko beltzak ez jartzeko eskariak. Ez diote jaramonik egin haren eskariari. Lan handia dagoela egiteko, mezu hori eman zuen diputatuak: «Nola da posible XXI. mendean gai ez izatea 'bizi eta utzi bizitzen' leloa geure egiteko?».
Irungo alarde mistoa txalotzen lehen aldiz izan da aurten EAJko ordezkaritza bat; udaletxeko balkoian, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari Eider Mendoza izan zen, hainbat alderdikiderekin. Uste izatekoa zen Hondarribian ere izango zirela, eta Mendoza bera joan zen, beste bi ordezkarirekin: Maria Eugenia Arrizabalagarekin eta Kerman Orbegozorekin. Kale Nagusian ez egotea erabaki zuten, Saindua aldean geratzea, beste ordezkarietatik aparte. Bi desfileei «errespetua» erakustera joan ziren. «Hemen ez dago toki ofizialik harrera egiteko; Sainduako leku hau egokia iruditu zaigu», adierazi zuen Mendozak. Bazuen Kale Nagusiko giroaren berri. Aitortu du neurriak hartu behar direla: «Nabarmen uzten du elkarbizitzaren aldeko lan izugarria dagoela egiteko; izugarria, oraindik ere».
Ertzainekin eztabaidan
Arratsaldeko desfileak ere agerian utzi zuen hori. Ibilbide gehiena txalo artean egin zuen Jaizkibelek, eguraldi bikaina lagun. Berriro arazo handiak sortu zituzten, ordea, Kale Nagusian: plastikoak, kartelak eta zarata, kalearen hasiera-hasieratik. Hori ikusita, bidea eten egin zuten Jaizkibeleko kideek: musika jotzen segitu zuten, baina Zumarditik Kale Nagusirako maldan geratu ziren geldi. Bideoa: arratsaldeko desfilea (Gorka Rubio, Foku)
Konpainiako hiru arduradun igo ziren kale ertzera, ertzain arduraduna zegoen lekura, eta azalpenak eskatu zizkioten: horrela ezin zutela desfilea egin. Goizean azken urteetako jazarpenik handiena jasan zuten, eta neurriak hartzeko eskatu zioten. Tentsio handiko elkarrizketa izan zen. Jaizkibeleko kideek Segurtasun Sailaren ebazpena erakutsi zioten ertzainari, plastiko beltzen aurkakoa, eta hori betetzeko eskatu. «Zuek baino hobeto dakit zer egin behar dudan», erantzun zien poliziak. Iazko aldean, laxoago jokatu zuen Ertzaintzak: plastikoak gerritik behera jaisteko agindu zuen iaz; atzo, berriz, burutik gora ere jarri zuten plastikoa batzuek. Horri erantsi behar zaio txilibituekin eta bozgorailuekin egindako zarata; udaletxe pareko balkoi batean ipini zituzten bozgorailuak. Poliziak, bai, aitortu zien iazko aldean arazo gehiago sortu zirela.
Minutu luzeak izan ziren, deserosoak: ertzain arduraduna eta Jaizkibeleko hiru buruak kale sarrerako arkupean, konpainiako kideak zain maldan, eta Kale Nagusia oihuka eta txistuka. Ertzainak adierazten zien hura ez zela eztabaidan hasteko garaia eta lekua; Jaizkibeleko kideek, berriz, ebazpena betearazi behar zuela. Poliziaburuak iragarri zien isunak jarriko dizkietela ebazpena bete ez zutenenei. Are, ohartarazi zuen denak ez zirela Jaizkibelen aurkakoak: «Zuetakoak ere izan dira». Euskaraz aritu ziren.
Aurrera segitzea erabaki zuen Jaizkibelek, Kale Nagusia igotzea. Gogorra izan zen, gogorra. Goizean baino jende gehiago zegoen pilatua bide bazterrean, tarte batzuetan lekurik ere apenas zegoen desfilea pasatzeko, eta edozein unetan leher zitekeen dena. Bultzakadak izan ziren; grabatzen ari zen ertzain bat jo zuten espaloitik -erasotzailea identifikatzen hasi zen polizia, baina aurrera jarraitzeko agindu zion arduradunak, zabar-. Oihu eta zarata artean, apenas entzuten zen Jaizkibelen musika, eta azkenerako oihu martxa bihurtu zen: «emakumeak alardean» oihukatu zuten Jaizkibeleko kideek eta haiek babestera joandakoek; «betiko alardea» eskatu zuten aurkariek.
Kostata, bultzakada artean iritsi ziren Arma Plazara. Ospakizun unea zen: beste urte bat eginda. Kale Nagusian, berriz, atzera-aurrera zebiltzan: plastikoak eta kartelak biltzen. Datorren urterako.
Bideoa: Ertzain bat jo duten unea (Garikoitz Goikoetxea, BerriaTB).