astekaria 2018/09/14
arrowItzuli

kultura

Monobolumena

Iñigo Astiz

Monobolumena

Presaka zebilen eta ez zen aldaketaz ohartu, harik eta autoaren eserlekuan eseri, eta pedalak ohi baino urrunago zeuzkala igarri zuen arte; ez urrunegi ere, baina bai pixka bat urrunago. Renault. Ez zuen denborarik ongi begiratu, eta konprobazioak egiten hasteko, baina ez: hura ez zela bere autoa: berak Fiat Punto zahar bat zeukan, anaiarena zen berez, baina berak erabili ohi zuen. Gidatzen ari zena Renault bat zen, ordea. Monobolumen bat, gainera. Martxekin asmatzea ez zitzaion gehiegi kostatu; bere autoan baino gogorxeago zeudela sumatu zuen, baina horren jakitun balitz bezala jokatzen zuten bere muskuluek, eta ez zen askorik entretenitu erretrobisorea egokitzerakoan zintzilik ikusi zituen pinu itxurako anbientadorearekin eta familia argazkiarekin, nahiz eta berak ez zuen sekula izan pinu itxurako anbientadorerik autoan, eta are gutxiago familiarik. Presak zeraman aurrera.

Ordurako hasia zen bere buruari galdetzen ea nola sartu ote zen hain leun berea ez zen auto horretara, ez baitzuen gogoan atea behartu behar izan zuenik. Zuzen zihoan ezezagun zitzaion helmuga baterantz. Ez zuen ulertzen nola, baina bidegurutze bakoitzean argi izaten zuten bere keinuek zein norabide hartu behar zuen. Baina bitxiena zen berak dena onartzen zuela; nondik zetorkion oso ongi ulertzen ez zuen naturaltasun batek gidatzen zituen bere keinuak. Ohartzerako autopistan aurrera zihoan, sekula erostea bururatuko ez zitzaion jazz edo blues moduko disko bat entzuten eta, are, baita, tarteka, bere baitarako melodiaren zatiren bat xuxurlatzen ere.

Hirira heltzerakoan, ezagutzen ez zuen pertsona bat agurtzeko bozina jotzen ikusi zuen bere burua. Haren izena ere oihukatu zuen erabat propio sentitu ez zuen ahots batekin. Eta, halere, ez zen izua sentitzen zuena, ordea, poz bare moduko bat baizik; batez ere, gizon ezezagun hark ere agur eginez erantzun zionean. 40 bat urte izango zituen gizon hark eta ikusten zitzaion burusoiltzen hasia zegoela korrika egiteko zeraman biseraren azpian. Lagunak zirela argi zegoen, baina hartu-eman labur horretan oinarriturik, ezin izan zuen jakin zerk lotzen zituen. Lankideak? Bazitekeen, baina ez zuen gogoan gizon hura sekula ikusi izana.

Kilometro batzuk egin ostean, bigarren ilaran geratu zuen autoa kiroldegi moduko baten aurrean, gisa berean aparkatutako beste marka eta neurri batzuetako monobolumen batzuen parean, eta hor egon zen tartetxo batez. Auto haien neurri eta egokierak konparatzen jarri zenerako, kiroldegitik ume sorta bat ikusi zuen korrika ateratzen, eta normaltasun osoz onartu zuen haietariko bi, bikiak, patinetan bere autoraino irristean iritsi, atea ireki, masailean muxu bana eman, eta, autoa martxan jarri ahala, entrenamenduari buruzko zehaztapenak ematen hasi izana, guzti-guztia izotz pistetako dantzariek beren jauzi eta bueltekin marrazten dituzten mugimendu bakar eta leun horietako baten parte izan balitz bezala, eta berak koreografia haren jario naturalaz gozatzea beste aukerarik izango ez balu bezala.

Nonbait, Aitor izeneko bikiak errieta moduko bat izan zuen Mikel izeneko beste mutil batekin, eta, kontatzen zuenagatik, bazirudien Mikel hura taldeko liderra-edo zela. Beste bikiak behin eta berriz errepikatzen zuen Aitorrek ez zuela ezertxo ere egin, eta, benetan, Mikel izan zela, argi eta garbi, falta egin ziona pilotaren bila joan ere egin gabe. «Bere kontra joan da, aita». Autoa martxan zela, atzeko eserlekuetatik mugitu beharrik gabe joan ziren umeak beren hockey makil, patin eta motxilak autoaren maleteroan uzten, eta entrenamenduko sesioari buruz azalpen gehiago ematen jarraitu zuten. Bera, ordurako hain zegoen bere izaera berri hartan murgildurik, inpresiorik ere ez ziola egin bere bizitzan lehenengoz ikusten zituen ume ezezagun haiek aita izendatu izanak. Une hari zegokionez, argi zuen: aita zen, edo behintzat, aita balitz bezala jokatzera bultzatzen zuen giroak edo aireak, edo presak. Dutxatu ote ziren galdetu zien, izerdi hezetan zirela igarritakoan. Eta hori egiterakoan ere, ez zuen bere keinuen aurkako erresistentziarik sentitu: «Hurrena dutxatu zaitezte, bale?». Errepidean ezkerrerantzako errebuelta luze bat hartzeko bolantea leunki biratu ahala, harrigarriki eroso zihoakion dena, eta halako harrotasun bat sentitu zuen gidatzen zuen monobolumenaren kalitateagatik, ziur baitzegoen itxuraz antzekoak izanik ere, kiroldegi atariko gainontzeko autoek ez zutela bereak besteko erosotasunik eskaintzen bihurguneetan.

Urbanizazio moduko batera sartu, eta instintuz jakin zuen zer etxeren aurrean geratu. Patroi berean eraikitakoak ziren etxe guztiak, eta berdin-berdinak iruditu zitzaizkion denak, baina haietako batera eraman zuten bere mugimenduek zuzen. Agur muxua haurrek, nor zen ere ez zekien Mireiaren urtebetetzean ongi portatzeko berak, eta agur bat gero autoa itzali ere egin gabe etxeko atarira azaldutako emakumeari. Sartzeko keinua egin zion eskuaz hark, baina ezetz buruarekin berak. «Presa daukat», markatu zituen hitzak ezpainekin, ahoskatu ere egin gabe, eta hatzaz erlojuari keinu egin zion, enfasi modura. Eta martxan berriro, oraingoan, hiri kanpoaldeko gune industrial baterantz, bertan autoa aparkatzera. Maniobrarik egin beharrik gabe utzi zuen Renault monobolumen ezin berriagoz osatutako ilara baten erdian jadanik bere sentitzen zuen autoa, motorra itzali, autotik atera, eta autoa gelditu duenetik beregana gerturatzen ikusi duen trajedun gizonarrengana jo du zuzenean berak. Berehala errekonozitu du autora gerturatuzerakoan.

- Erosoa, ezta? Oso espaziotsua da. Leuna. Oraindik akaso ez duzu igarriko, gazte-gaztea zarelako, baina eskertuko duzu hori umeen extra-eskolarrekin hasten zarenean... Denborarekin pentsatu behar dira gauzak. Bulegoan eta sinatuko ditugu paperak orduan? Zu aurretik, mesedez. Ez dakit esan dizudan baina nahi bazenu, epeka ere ordain dezakezu.

BERRIAn argitaratua (2018/09/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA