astekaria 2018/09/07
arrowItzuli

bizigiro

Ondorengoei bidea ixten

Zihara Jainaga Larrinaga

Ondorengoei bidea ixten

Katu beltz bat abiadura bizian igaro da errepide erditik. Haragi zati bat darama ahoan. Eta, halako batean, beste dozena erdi katu agertu zaizkio inguruan. Borrokan hasi dira, denak ahora eramateko zerbait aurkitu nahian. Kaleko katuak dira. Kateme baten ernaldiak 64 egun irauten du, batez beste, eta, bakoitzeko, hiru eta bederatzi kume artean izan ditzake. Hori gutxi ez, eta, kumea izan berritan, berriz ernari jar daitezke. Urtean, hortaz, lauzpabost ernaldi izaten dituzte. Hau da, ugaldu eta ugaldu ari dira Euskal Herriko kaleetan. Horregatik, azken urteotan, herri zein hiriburuek arazo larri bat dute jomugan: katuen koloniak kontrolpean izatea. Egoerari aurre egiteko, gero eta gehiago dira programa bereziak abiatu dituzten udalak. Bilboko Udalak udan emandako datuen arabera, maiatzera arte, urtebetean, 222 katu antzutu dituzte.

Euskal Herriko hiriburuei dagokienez, Gasteizko Udala izan zen era horretako proiektu bat abiatzen aitzindaria. Udaleko Politika Sozial eta Osasun Publikoaren Arloak eta animalien aldeko Gaden kolektiboak elkarlanean, katu kolonien kudeaketarako programa jarri zuten martxan duela bi urte. Helburu nagusia zen kaleko katuen populazioaren hazkundea kontrolatzea, haien osasun egoera jakitea eta ongizatea ziurtatzea. Era berean, auzotarren osasuna bermatu nahi zuten. 2016az geroztik, 390 katu antzutu dituzte —225 eme eta 165 ar—. Hiriko bost albaitaritza klinikaren laguntza izan dute horretarako, eta ezinbestekoa izan da 44 boluntarioren lana.

Pixkanaka gainontzeko hiriburuetara hedatzen ari den programaren ardatza katuen harrapaketan, esterilizazioan eta askatzean oinarritzen da, HEA (Harrapatu, Esterilizatu eta Askatu) programa deitzen zaio. «Horren bidez, kaleko katuak murrizteaz gain, animalia horien araldietan sorturiko arazoak, hau da, katuen arteko liskarrak saihestu eta hiriko kaleetan gutxiago mugitzea lortu da», azaldu du Gaden kolektiboko kide Andres Illanak.

Bilbok hartu zion Gasteizi lekukoa programa hirian ezartzeko orduan. Aurreko urteetan Bizkaiko hiriburuan erabilitako estrategiak ez ziren eraginkorrak izan, eta, horregatik, beste hiriburu batzuetan zein sistema eta plangintza egiten zen ikusten hastea erabaki zuten. «HEA programa ezagutu genuenean, prestakuntza jaso genuen, eta herritarrek jarritako salaketei aurre egiteko aukera onena iruditu zitzaigun», adierazi du Argizka Etxebarria Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko teknikariak. Salaketak, hein batean, katuek auzoetan egiten dituzten zaraten eta uzten duten usainaren ingurukoak izaten direla argitu du.

2017.urteko bigarren seihilekoa iristearekin bat, hiriko kolonia zehatz batzuez arduratzen ziren herritar boluntarioekin harremanetan jarri ziren udaleko langileak. Eta horrek balio izan zien kolonia guztiak identifikatzeko eta zaintzaileen lanari gertutik erreparatzeko. «Orduan hasi ginen konturatzen zein dimentsio zuen arazoak, gero eta jende gehiago hasi baitzen guregana etortzen», azpimarratu du Etxebarriak.

Egun, 40 boluntariok jarraitzen diete udalaren irizpideei Bilbon, eta auzorik arazotsuenak Otxarkoaga, Errekalde, Basurtu eta Zorrotza dira, besteak beste. Sonia Garcia Bizkaiko ADA Katutxakur taldeko kidea da, eta Errekaldeko Artazu Bekoa auzoko kolonia baten ardura du. Udalak egiten duen lana eskertu badu ere, gehiago egin dezaketela esan du: «Katuak harrapatzeko kaiola berezi batzuk utzi izana ez da nahikoa», kexatu da. «Udalak esterilizazioak soilik ordaintzen ditu, baina kaleko katuek beste hainbat arazo ere badituzte», gaineratu du.

Animaliak jasotzea da, Bilboko teknikarien esanetan, buruhauste handiena. Diru kostuei dagokienez, Gasteizko Udalari, esaterako, 2018an, 23.000 euroko gastua eragin die katu kolonien zaintzak —30.000 euro inguruan ibili ziren aurreko urteetan—. Bilboko Udaletik adierazi dute, aldiz, kostua ez dela zuzenean neurtu behar. «Zentrora katuak iristean, hori ere gastua da, mantendu eta elikatu behar baitira», gaineratu dute. Hortaz, gastutzat baino gehiago inbertsiotzat dute programa.

Herritarrek jarritako salaketen gorakada izan zen Bilboko Udaleko teknikarien ardura nagusia. Horri lotuta, aurtengo lehen seihilekoan salaketak jaitsi egin direla adierazi dute. «Baina oraindik beste urtebete itxaron beharko da benetako datuak aztertzeko», gaineratu du Etxebarriak. «Epe luzerako plana da, eta datozen urteetan beharrizanak jarraituko du». Kontrolik hartu ezean bost urte barru arazo bera izango dela ohartarazi dute. Programaren aldeko apustu «sutsua» egin dute.

Emaitza zehatzei dagokienez, bestalde, Gasteizen eta Bilbon, kaleko katuen %70 antzututa egotea da helburu nagusia. Bilbon, oraingoz, esan daiteke hasiberriak direla programan; ondorioz, dagoen katu kopurua mantentzearekin edo gehiago ez haztearekin konformatzen dira. Gasteizen, aldiz, orain arte, hiriko 67 koloniatan esku hartu dute;hau da, kolonien %56tan. Esku hartu duten kolonia horietatik 26tan, katuen %66,4 dagoeneko antzututa daude; hortaz, kolonia horietan, behintzat, helburutik gertu daude.

Iruñea eta Baionan, hasteke

Nafarroako hiriburuari dagokionez, Txantrea da hiriko auzo arazotsuena. Bertan batzen dira kaleko katu gehienak. Hori horrela, hainbat aldiz saiatu baina emaitza onik lortu ez dutenez, Gasteizen eta Bilboren ereduari jarraituko diote Iruñean ere. Igel Medrano Iruñeko Udaleko animalientzako zentroko albaitariaren esanetan, udalak joan den urte bukaeran lortu zuen arazo horri konponbidea emateko proiektua aurkeztea, eta laster martxan jartzea espero dute; hilabete honetan irekitzeko asmoa adierazi dute. Baina, hiri osoa hartu ordez, kolonia jakinetan jarriko dute arreta. Aurrez, udalaren animalien zentrora eramaten zituzten desjabetzeetan edo beste hainbat kasutan kalean gelditutako katuak, eta klinika pribatuetan artatzen zituzten. «Argi dago katuen gai hau tentu handiz hartu behar dela, eta, gaur egun, programa erabiltzea iruditzen zaigu modurik eraginkorrena», adierazi du Medranok HEA programaren inguruan. Haien asmoa hemendik aurrera esterilizazioa animalien zentroan bertan egitea da. Bestalde, Nafarroan ere, elkarteen gain geratuko da katuak zaintzeaz arduratuko diren boluntarioen erregistro bat egitea. Erregistratutako horiek, halaber, identifikazio txartel bat izango dute salaketarik ez jasotzeko. «Udal ordenantzaren arabera, edonork ezin die katu horiei jaten eman», gogoratu du Medranok. Horrela, udalak zehatz-mehatz jakingo du nortzuek esku hartuko duten eta benetako egoera zein den.

Baionan, oraingoz, ez dago horrelako programarik martxan, baina, udalaren arautegiaren arabera, guztiz debekatuta dago katuei kalean jaten ematea, «azkar ugaltzen direlako». Hori horrela, noizbehinka katu basatiak harrapatzeko kanpainak jartzen dituzte martxan, «katuen ugaritzeari neurria hartzeko eta osasun arauak betetzeko».

Halaber, harrapatutako katu guztiak askatzen dituztela azpimarratu dute. Herritarrak kaleko katu horiek adopzioan hartzera animatu dituzte, «osasun baldintza eskasak dituen kaleko bizitza baino etxe bateko berotasuna askoz hobea delako katuentzat». Era berean, katu koloniak dituzten auzoetako bizilagunek neurriak hartu behar dituzte etxeko katuekin; batez ere, kanpainak egiten dituzten garaian. Horretarako, herriko etxetik informazioa helarazten diete baionarrei, etxera bidaltzen dieten gutun baten bidez.

BERRIAn argitaratua (2018/09/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA