astekaria 2018/09/07
arrowItzuli

kirola

ASIER ILLARRAMENDI

«Berriz ere Europan sartzea gustatuko litzaiguke»

Jon Ander De la Hoz

«Berriz ere Europan sartzea gustatuko litzaiguke»

Lasai dago Zubieta. Entrenamendua ikustera joan diren zaleek etxerako bidea hartu dute jada, eta lorezainen lanak soilik hausten du isiltasuna. Geldirik dago Espainiako Liga, selekzioen partidak direla eta. Realaren lehen taldean ere nabari da hori; ohi baino jokalari gutxiago aritu dira lan saioan. Horien artean dago Asier Illarramendi, eta argi du non jarri behar den arreta halako egunetan: «Minik ez hartzea da garrantzitsuena». Sasoi hasieraz, taldearen jokoaz eta proiektu berriaz aritu da.

Bederatzitik lau puntu atera dituzue. Zein da lehendabiziko balorazioa?

Etxetik kanpo hiru partida izan ditugu, nahiko zailak hirurak. Lehen jardunaldian, Vila-realek sartu zuen lehen gola, baina horri buelta eman, eta irabazi egin genuen. Beste bi partidetan, ordea, aurretik jarri ostean azken unean emaitza irauli egin ziguten, eta hori kolpea izan zen. Halere, etxetik kanpo hiru partida jokatuta, lau puntu atera ditugu, eta ez da balantze eskasa ere.

Aztertu dituzue azken unean jasotako bi gol horien ingurukoak?

Leganesen 0-2 aurretik jarri eta gero, bigarren zatiaren hasieran sartu ziguten lehen gola, eta minutu asko gelditzen ziren aurretik. Uste dut taldea atzean sartu zela: haiek izan zituzten azken aukerak, eta gola sartzea lortu zuten. Pena izan zen, baina uste dut haiek ere ez zutela galtzea merezi; gauza batzuk guk baino hobeto egin zituzten, eta, azkenean, berdinketarekin etxeratu behar izan genuen.

Eta Eibarren?

Neurketa berdindua izan zen. Guk 1-2koa huts egin genuen. Aukera askorik gabeko partida izan zen, eta azken unean sartu ziguten gola. Bi partidetan izan genuen partida akabatzeko aukera, eta ikusi genuen zer gerta daitekeen halakoetan.

Partidan jazotakoek zerikusirik izan dezakete emaitza horietan? Diego Llorentek min hartu zuenean etorri zen Leganesen gorakada, eta Martin Merquelanzek min hartu ostean sartu zuen 2-1ekoa Eibarrek.

Izan liteke, baina uste dut bigarrengo kasuan zerikusi handiagoa izan dezakeela. Diegok min hartu zuen, baina haren ordez Aritz Elustondo sartu zen. Eibarren bat gutxiagorekin geratu ginen, eta, nahiz eta bost minutu soilik falta, zerikusia izan dezake. Halere, ez dago aitzakiarik, eta aurrera begiratu behar dugu.

Diego Llorentez eta Merquelanzez gain, Willian Josek ere hartu zuen min. Zorte txarra izaten ari zarete liga hasieran?

Bai. Denboraldi-aurrea nahiko ondo joan zen, lesio askorik gabe. Liga hasieran asko izan ditugu, eta Diegorena eta Martinena, itxuraz, luzerako dira. Sasoi-aurreko lanaren ostean, oraintxe hasi gara pixka bat gozatzen, eta tristura ematen du, bai taldearengatik, baina bereziki min hartu dutenengatik.

Ligako lehen geldialdia Asier Garitanoren estilora gerturatzeko erabiliko duzue?

Bai. Azken hiru urteetan beste joko estilo bat izan dugu, eta hasiera honetan pixka bat kostatzen da Asierren ideiak barneratzea. Uste dut taldea hobetuz joango dela pixkanaka.

Zein berrikuntza nabarmenduko zenituzke?

Asierri ez zaio gustatzen taldea kontraerasoetan harrapatzea. Baloiaren atzetik jende nahiko izatea gustatzen zaio, eta zelai erdia ez galtzea. Aurreko urteetan, lagun askorekin jotzen genuen erasora, eta kontraerasoetan min egiten ziguten. Atzealdearen kontrola izatea eta inork despistatuta ez harrapatzea nahi du.

Roberto Olabe futbol zuzendariak aste hasieran esan zuen taldeak baduela zer hobetua. Baduzue horretarako tarterik?

Bai. Hobetzeko tarte handia dugu oraindik. Hasiera ez da oso ona izan joko aldetik. Azkenengo bizpahiru urteetan beste era batera jokatzen ohituta geunden, eta, orain, Asierrekin, beste estilo bat nahi dugu landu. Pixkanaka joango gara hartzen; gainera, etxetik kanpo jokatu ditugu lehen hiru partidak, eta hori zailagoa da. Zerikusia izan dezake.

Gaur, Araba saria jokatuko duzue Gasteizen. Baliagarria izango da lanketa horretarako?

Bi lagunarteko dira, baina kontzeptuak barneratzen jarraitzeko laguntza emango digu. Ez ditugu puntu gutxi lortu hasieran, baina ez gaude oso gustura orain arteko jokoarekin, eta ea partida hauek balio diguten hobetuz joateko.

Jokalari berriak daude taldean. Zer eskain dezakete?

Theok ez zituen nahi beste minutu izan aurreko sasoian, eta uste dut horren bila etorriko zela Realera. Alavesen erakutsi zuen bere maila, eta espero dugu horretara iristea, taldeari laguntzeko. Sandrorekin ere gauza bera; jarraitutasun askorik ez du izan. Sevillan egon zen azken denboraldian, eta nahi baino gutxiago jokatu zuen. Bartzelonan eta Malagan erakutsi zuen zer-nolako jokalaria den, eta espero dugu orduan bezala aritzea, taldearen helburuak betetzen laguntzeko.

Zer moduz moldatzen dira bigarren taldetik igo diren jokalariak?

Ondo. Ikusi dut nola entrenatu diren sasoi-aurrean, ze gogorekin, eta ondo ari dira. Hasiera beti da gogorra; denoi kostatu zaigu lehen taldean sartzea. Ondo ari dira, eta, bigarren taldean egon arren, gurekin entrenatzen direnek ere maila dute. Ez dugu kezkatu beharrik Realaren datorren urteei begira.

Imanol Agirretxek futbola utzi berri du. Esanahi handiko agurra da.

Bai. Azken urteetan jokalari garrantzitsuak joan dira, eta Imanol da horietako bat. Inork espero ez zuen erabakia izan da, denboraldi-aurrean ondo eta gogotsu egin baitu lan, baina lesioak egoera iraultzea ekarri dio. Bere erabakia da, eta pena ematen du. Azken urteetan jarraitutasun asko izan ez badu ere, laguntza garrantzitsua izan da guretzat. Bai aldagelan, bai taldean, eta baita Zubieta inguruan ere. Berak esan du pozik dagoela hartu duen erabakiarekin, eta, bera hala badago, gu ere pozik gaude.

Gertutik ikusi duzue haren eguneroko borroka. Taldean zuen garrantzia eredu izan da zuentzat?

Bai. Ez ditu igaro gimnasioan bizpahiru hilabete; elkarrekin denbora pasatu dugu. Hasierako lesioaren ostean, uste genuen hilabete pasatxoko kontua izango zela, baina luzatu egin zitzaion. Goraipatzekoa da haren jarrera; egunero lanean, aurpegi txarrik gabe, lehenbailehen sendatzeko asmoarekin... Alde horretatik, haren jarrera guretzat eredu izan da.

Taldean aldaketa dezente izan dituzue azken boladan, eta jokalari garrantzitsu asko joan zaizkizue. Belaunaldi aldaketa batean dago Reala?

Izan liteke. Azken bizpahiru urteetan taldean denbora asko igaro duten jokalariak joan zaizkigu: Xabi Prieto, Mikel Gonzalez, Jon Ansotegi, Carlos Martinez, Markel Bergara, Imanol bera... Taldea Bigarren Mailan zegoela iritsi ziren, eta uste dut azken urteetako Realaren bloke gogorra izan dela. Adina aurrera doa, gu ere gorantz goaz, eta trantsizio horretan gaude. Aurten, talde gaztea dugu, eta jende berria sartzea garrantzitsua da Realarentzat, harrobia hor egotea.

Jokalari batzuek, zuk besteak beste, aurrerapauso bat eman behar izan duzue?

Bai. Eman dugu, eta eman beharko dugu. Egia da beteranoenak joan egin direla azken urtean. Gu ere ez gara lehengo umeak, zaharragoak gara, eta gazteak zaindu eta taldeari bultzada bat eman beharko diogu, aurrera atera dadin.

Kapitain izendatu zaituzte. Badu esanahi berezirik?

Bai, berezia da. Nire ametsa beti izan da hemen jokatzea, eta besokoa eramatea ardura garrantzitsua da. Adibidez, garrantzitsua da hemen zer lantzen den erakustea eta guztiak horrekin identifikatuta sentitzea.

Lan jakinik ezarri dizu kapitain izateak, esaterako, taldera datozenekin?

Hemen urtero gaudenok baditugu ardura batzuk: kanpotik datozenei hau zer den erakustea, adibidez. Behetik datozen gazteek badakite hori; badakite zer den eta nora egin behar den bultza. Kanpotik etorri direnek itxura ona dute, eta garrantzitsua da haiek hasieratik ondo egokitzea.

Realaren proiektuaren zutabeetako bat zara. Egunerokoan, igartzen duzu hori?

Bai, badakit itzuli nintzenetik Realeko bizkarrezurrean sartuko nintzela, eta jendea irteten joan ahala, oraindik eta gehiago.

121 pase eman dituzu lehen hiru partidetan, inork baino gehiago taldean. Jokoa bideratzean garrantzia duzu.

Saiatzen gara horretan. Aurten, beste estilo bat landu nahi dugu, eta partidak igaro ahala ikusiko taldea norantz doan. Azken urteetan estilo batekin aritu ondoren, trantsizio batean gaude, eta ea aurrerantzean hobetzen dugun.

Jokoan solte ageri zara, eta jada egin duzu gol bat. Zure ibilbideko garairik gozoenetakoa da?

Aurreko sasoian ere gauzak ez ziren oso ondo joan, baina uste dut momentu onak ere izan genituela taldean. Nik ere bai; azken bi urteetan partida asko jokatu ditut, eta, alde horretatik, gustura nago. Baita erakutsi dudanarekin ere.

Horri segida ematea da zure helburua?

Bai, eta taldeari laguntzea. Guztion nahia da taldea ondo aritzea, eta iazko helburu horretatik gertu ibiltzea. Denok nahi dugu gure onena eman, baina, batez ere, taldea ondo ibiltzea.

Europarako sailkatzea duzue begiz joa?

Gustatuko litzaiguke berriz ere Europarako sailkatzea. Espainiako Ligan lehiakortasun handia dago horretarako, talde asko daude borroka horretan, eta gu ere inguru horretan ibiltzea gustatuko litzaiguke.

Horretarako, garrantzitsua izango da etxean sendo izatea. Hilaren 15ean estreinatuko duzue Anoeta berritua, Bartzelonaren aurka. Egun berezia izango da.

Bai. Guztiok nahi genuen zerbait da; azken denbora honetan guztiok geunden Anoetako pistak noiz kenduko zain, eta uste dut jendea gero eta gertuago egonda gertutasun hori igarriko dugula zelaian, eta guretzat garrantzitsua da hori. Bai guk eta bai zaleek hori nahi genuen, eta ziur partida berezia izango dela. Ea guztia ondo irteten den.

Estadio berriko lanak ikusteko aukera izan duzu. Nolako itxura ari da hartzen?

Polita. Beste giro bat egongo da, gainera, atletismoko pistak apur bat hoztu egiten baitzuen giroa, nahiz eta zaleek animatu. Pentsatzen dut berotasun horrek emaitza onak lortzen lagunduko digula.

AFE Espainiako Futbolarien Elkartea Lehen Mailako kapitainek egindako bileran izan zen. Zer iritzi duzu AEBetan partidak jokatzeko aukeraz?

Ikusiko da zer gertatuko den. Bilera hartan hitz egindakoa agertuko da; guk ezin dugu ezer esan. Liga etengabe handitzen ari da, bai ordutegiak direla, bai egutegiak...Tira, horrek bide berriak zabaltzen ditu, eta ikusiko dugu. Halere, beste gauza batzuk kontuan hartu behar dira, eta ea zertan geratzen den.

Euskal selekzioak datorren urriaren 12an jokatuko du, Gasteizen, Venezuelaren aurka. Hautatuak izan zaitezketen hainbat jokalari zaudete taldean. Hitz egin duzue gaiaz? Piztu du ikusminik?

Polita da berriz ere halako partida bat jokatzea. Azken aldian jokatu genuenarekin gu ere ez ginen geratu oso gustura. Mugimendu gutxi izan zen, aldarrikapen gutxi ere bai, eta, hori dela eta, partidak ez zuen izan besteetan edukitzen duen kolorea eta giroa. Ea oraingoan hori berreskuratzen den, eta zerbaitetarako balio duen behintzat.

BERRIAn argitaratua (2018/09/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA