astekaria 2018/09/07
arrowItzuli

mundua

ROSA MARIA CALAF

«Txinan eta Indian jaio ere ez zara egiten emakumea bazara»

Kristina Berasain Tristan

«Txinan eta Indian jaio ere ez zara egiten emakumea bazara»

New Yorken, Moskun, Buenos Airesen, Erroman, Vienan, Hong Kongen eta Pekinen aritu da Rosa Maria Calaf berriemaile gisa (Bartzelona, 1945). TVEko kazetari mitikoa da, aitzindaria, erreferentea, bere zorroztasunagatik eta zintzotasunagatik, eta munduko bazter urrunenetan eta exotikoenetan egon da bere ibilbide luze eta oparoan. Munduko 196 herrialdetik 183tan izan da, eta, erretiroa hartu badu ere, ez dio utzi bidaiatzeari. «Falta zaizkit Eritrea, Somalia, Yemen... Baina zaila da hara joatea. Sudanera noa aurki». Donostiako Udaleko Lankidetza Atalak eta Donostia Kulturak antolatutako hitzaldiaren aurretik hartu du BERRIA.

Emakumeak Asian da hitzaldiaren izenburua. Zein da argazki orokorra?

Emakumeak toki guztietan daude diskriminatuta, maila ezberdinetan, han eta hemen; berdintasuna, zerbaitetan egotekotan, berdintasunik ezan dago. Asian, diskriminatuta egoteaz gain, emakumeak zapalduak eta jazarriak daude; eskubiderik ez dute, eta eskubiderik ez dutela ere pentsatzen dute. Han bizi dira munduan dauden pobreen bi herenak, eta egoera itzela da. Abusuak etengabeak dira; kultura patriarkala edota fundamentalismoa izaten dira aitzakia. Txina eta India dira herrialderik zailenak emakumeentzat, ez baitaukazu jaiotzeko eskubidea ere: ia bi milioi neskato jaio ere ez dira egiten, fetizidioa debekatuta dagoen arren, eta jaiotzen direnean ere mutikoek baino eskubide gutxiago dituzte, eskolan-eta... Gero, indarkeria dago, bortxaketak, objektu gisa tratatua izatea. Emakumeak jabetza bat dira; familiarena hasieran, eta senarrarena gero.

Legeak egin dituzte...

Bai, baina paperean geratzen dira. Maok berak esan zuen emakumea zeruaren erdia zela, baina iraultzarako behar zituen, noski; garai hartan, emakumeei izenik ez zitzaien jartzen, eta oinak lotu egiten zitzaizkien. Iruditeria kolektiboa ez da aldatu. Eta paradoxikoa da, baina munduan lehen ministro izatera iritsi zen lehen emakumea asiarra zen; Sri Lankako Sirimavo Bandaranaike.

Txina eta India dira ekialdeko bi herrialde jendetsuenak; haietan daude okerren emakumeak?

Bai. Indian eta Txinan 70 milioi gizon gehiago daude emakume baino, eta hori arazo bilakatzen ari da. Gero, sexu esplotazioa, bortxaketa, emakumeen trafikoa eta ohore krimenak daude. Thailandiara, Kanbodiara eta Filipinetara hemengo gizonak joaten dira neskatoekin sexu harremanak izatera, eta hango komunitate batzuetan oso zabalduta dagoen ustea da neskato bat bortxatzeak zortea dakarkizula. Pakistanen, 90 minutuan behin dago ohore delitu bat, eta mila emakume hiltzen dituzte urtero. Epaile batek behin emakume bat heriotza zigorrera zigortu zuen, eta haren izena aipatu ere ez zuen egin; senarraren emaztea zen, aitaren alaba eta anaien arreba.

Japoniako matxismoa ere salatu izan duzu.

Bai, ezezagunagoa delako. Japonia herrialde matxista, misogino eta patriarkalena da. Orain ohartu dira horrek zer dakarren, eta lehen ministroa bera atera da esatera urrats batzuk egin behar direla, bestela herrialdearenak egingo duela. Zenbait kanpaina egiten ari dira, eta ez da erraza izango egoera iraultzea, baina nork daki; feudalismotik modernitatera belaunaldi batean egin zuten jauzi.

Esaten da mundua aldatuko bada emakumeengatik aldatuko dela. Hala izango al da?

Bai. Kontua da ekintzaile izateak zure bizitza arriskuan jartzea dakarrela, baina emakumeen ekarpena ez da soilik ona emakumeentzat, baizik eta denentzat.

Menbebaldean hainbat aurrerapauso izan dira. Kontzientzia handiagoa dugula uste duzu?

Tentuz ibili behar dugu. Botere egitura batzuk daude, interes batzuk, indarra hartzen ari diren mugimenduen kontra egiteko; izena kenduz, irrigarri utziz, banalizatuz, manipulatuz, gezurtatuz... Garai batean, erasoak zuzenekoak ziren, debekuak ezartzen ziren, baina orain sotilagoa da, eta kontu handiz ibili behar gara.

Trumpen moduko gizon eredu bat agintean dagoenean sortu da Me too mugimendua. Lotura al dute?

Ez dut horretan pentsatu, baina esango nuke borroka eta ahalegin handiz urteetan lortutako eskubideak galtzen direnean agertu direla horrelako gizon ereduak agintean, eta bai, baliteke zerikusia izatea.

Aitzindaria izan zara lanbidean; telebistan, lehen emakume berriemailea izan zinen. Nolabaiteko bazterketarik egin al dizute?

Nik beti esaten dut zorionekoa izan naizela, inoiz ez dudala zuzeneko erasorik jasan, baina argi daukat gizonezkoek baino zailtasun gehiago izan ditudala iritsi naizen lekura iristeko. 70eko hamarkadan hasi nintzen lanean, eta garai hartan bi edo hiru emakume baino ez ginen telebistan. Nik nazioartean egin nahi nuen lan, eta moda desfile batera bidali ninduten lehen erreportajea egitera. Hamahiru urte behar izan nituen nazioarteko berriemaile izateko; etengabe erakutsi behar duzu gaitasuna daukazula, eta askotan, edukietan baino, zure fisikoan jartzen dute arreta. Mikromatxismo horiek sotilagoak dira, eta alertan egon behar duzu beti.

Aldatu al da emakumeen egoera kazetaritzan?

Bai. Orain, emakume kazetari asko daude, leku guztietan, baita gatazka guneetan ere, baina ez iritzi guneetan eta erabaki guneetan. Hor ez gaude, eta hor dago borroka, botere guneetan. Eta ez naiz soilik kazetaritzaz ari.

Eta nola ikusten duzu lanbidea?

Kazetaritza ikuskizun bihurtzen ari gara, zerbait zinematografikoa. Emozioaren diktadura batean bizi gara; informatzen gaituztela pentsatzen dugu, baina manipulatu egiten gaituzte. Ikuskizuna ez da informazioa, eta ideologia bat da hori sustatzen ari dena. Kazetaritza politikaren esku dago, eta politika, berriz, ekonomiaren esku. Promiskuitate handia dago; ez dago botere banaketarik, eta kazetaritzaren oinarrien kalterako da hori; zorroztasuna, independentzia, zintzotasuna eta aniztasunaren kalterako. Interes batzuen esanetara dago kazetaritza, eta hor neurtzen da herrialde baten maila demokratikoa. Espainiako kazetaritza lerratua dago; pentsamendu bakarra sustatzen da, eta informazioa gero eta hutsalagoa da.

Ahots kritikoa zara. Zerikusia izan al du horrek TVEko zuzendaritzari uko egin izanarekin?

Niri inoiz ez zait gustatu zuzendari izatea; bakoitzak balio duenerako balio du, eta nik ez dut balio kudeaketarako eta zuzendaritzarako. Ni kazetaria naiz, baina bai, baliteke nire kezka horiek ere zerikusia izatea, interes asko ikusten baititut tartean.

TV3eko sortzaile izan zinen. Nola ikusten duzu orain?

Tristura handiarekin. Uste dut giza kapital handia daukala, baina kalitatezko telebista moderno, alternatiboa eta anitza egiten lortu zuen izen ona lausotzen ari da, eta gaur egun uste dut ez duela bere egitekoa betetzen.

Eta Katalunia?

Oso kezkatuta nago, zeren uste baitut independentista izatea bezain zilegi dela ez izatea, eta uste dut bi aldeak konfrontazio etengabean daudela eta ez dutela egoera kudeatzen asmatu, bereziki Madrilen, PPrekin. Beste behin, agerian geratu da konfrontazio kultura bat garela, eta ez dakit inoiz ikasiko dugun, mutur horiek soilik aurrez aurre daudenean existitzen baitira, eta horrela elikatzen dute elkar. Kezkatuta nago, munduko leku askotan egon naizelako eta ikusi dudalako zer ekartzen duten konfrontazio identitarioek. Ni erabakitzeko eskubidearen alde nago, eta nire sustraiak oso argi ditut; beti defendatu ditut norberaren identitatea eta kultura, baina identitate guztiak errespetatu behar dira. Hori da aniztasuna, eta ezin dena da bestea baztertu. Ni Mediterraneokoa naiz. Italian eta Grezian etxean bezala sentitzen naiz, eta, niretzat, mugek ez lukete existitu behar.

BERRIAn argitaratua (2018/09/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA