gizartea
Tabua arintzeko lanabes bat
Arantxa Iraola
Eta adierazi du unitate didaktikoak zorrotz betetzen dituela Hezkuntza Sailak emandako irizpideak. «Ezin dugu ahantzi gaur egun hezkidetza edo genero berdintasuna lan ildo nagusi bat da ikastetxeetan; Heziberriren barruan, eta propio hezkidetzaren inguruan indarrean dagoen planean. Ez dugu guk asmatu: hortxe dago, idatzita. Gainera, urte dezentetan jaso dugu eskaera, irakasle askoren partetik: beharra dago propio gai horren inguruan jarduteko». Argi utzi du «lan proposamen bat» dela, eta eskolentzat hautazkoa dela unitatea erabiltzen hastea. Orain bi urte hasi ziren lehen saioak egiten ikasgeletan. «Oso politak izan ziren. Ikusi genituen 13-14 urteko neska-mutilak pentsatzen zutenak gatazka hau ezin dela konpondu. Eta, saioetan parte hartu eta gero, ulertzen dute hitz egin daitekeela; eta hori zen gure helburua, jendeak hitz egitea; guk ez genuen inor konbentzitu nahi, bakarrik nahi genuen haiek ikustea bizitza honetan edozer gauzari buruz hitz egin daitekeela». Muga bat bakarra ipini zieten ikasleei, zorrotz-zorrotz betetzekoa: «Errespetuz hitz egitea».
Iazko ikasturtean berriz gogorarazi zieten ikastetxeei unitatea eskura zela: ordurako, hainbat eskolaren interesa ere atzeman zuten. «Eta, hain justu, badakit hainbat ikastetxetan oso lan politak egin dituztela unitatean oinarrituta: lan zoragarriak», azaldu du Fernandezek. Horregatik, aski minberak izan ziren ikasturte amaieran sare sozialetan ikusitako mezuak, arbuio hitzak: «Oso modu txarrean egindakoak izan ziren, oso itsusiak; zentroen izenak-eta aipatu dira». Jaurlaritzako Hezkuntza Saila berehala informatu zuten gertatutakoaz, eta azalpenak ere eman behar izan dituzte: unitateari buruzko txosten bat eskatu zieten Lakuatik. Eragozpenak eragozpen, Berritzeguneko ordezkariak espero du zentroek unitatean sakontzen jarraitzea. Ez du jarduteko beste erarik ulertzen. Babes handiagoa eskertuko luke, hainbat profesional ataka zailean daudelako. «Hondarribian, adibidez, badakit hainbat irakaslek unitatea martxan jarri nahi zutela, baina ez dira ausartu».
Esperientzia oso onak
Egoera hori gainditzera egin behar dela uste du Fernandezek, gatazka «bizi» dagoelako eta landu egin behar delako: «Sarri askotan, egoera mozorrotu egin nahi izaten da: normaltasuna dagoela esaten da, baina ez da egia». Ikasgeletan ikusi du, ikasleekin izan dituzten esperientzietan. «Lehenengo aldiz gaiari buruz hitz egitera joan ginenean, ikasleen jarrera fisikoan nabaritzen zen: ez zuten hitz egin nahi, sinesten zuten ezin zela hitz egin. Mundu honetan zenbat gatazka gogor egon dira? Gure herrian ondo dakigu... Eta alardeari buruz ezin dugu hitz egin? Nola ba! Ez da posible. Gure gazteek Irunen eta Hondarribian sinesten dute alardeaz ezin dutela hitz egin? Hori ezin dugu onartu; irakasleok ezin dugu onartu, eta politikariek ere ezin dute horrekin jarraitu. Familiak ere hor daude: ez lukete onartu behar».
Sutan probatzen da nolakoa den eltzea, eta unitateak funtzionatu egiten du. Fernandezek ez du dudarik : «Egon diren esperientziak onak dira». Era egituratuan erabilitako lehen unitatea da, ez gaiari buruzko aurrena. Auziari buruzko lehen unitate didaktikoa Juana Mugarrietakoa elkartean egin zuten; elkarte hori alarde parekidea sustatzen aritu zen gatazkaren lehen urteetan. Garai oso zailak ziren, eta oso gutxi erabili zen. Baina Berritzegunean landu duten materialean aipatu egin dute, azalean bertan, ez baitute motiborik nondik edan duten ezkutatzeko. «Guk beti aipatzen ditugu gure iturriak».