gizartea
Baserriak, azterketa teknikotik at
Itziar Ugarte Irizar
Zehazki, ekainaren 27an amaitu zen 50 urteko antzinatasuna duten etxeak egoera onean daudela frogatzeko epea. Ordurako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 73.429 etxebizitzak egin behar zuten ikuskapen teknikoa, baina %29k besterik ez dute gainditu; guztira, 21.416 etxek. Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak atzo eman zituen datuak. Jaurlaritzak arau berria indarrean jarri zuenetik baserriak eta banakako etxeak «nahastea» ekarri duten puntuak izan direla azaldu zuen, eta horiek argitzea izan dela dekretua eguneratzearen helburu nagusia, betiere, falta diren etxebizitzek lehenbailehen egin dezaten azterketa.
Teknikariek egiten dute ikuskapena, baina etxe jabeek eurek hasi behar dute prozesua. Arkitekto bati edo eraikitze ingeniari bati eskatu behar diote eraikinaren azterketa egiteko, eta hark emandako ziurtagiria udalean aurkeztu behar dute ondoren. Udalaren egitekoa da ziurtagiria Eusko Jaurlaritzaren EuskoRegite erregistroan sartzea.
«Zaharrenetakoa»
Jaurlaritzak aurretik ere jakinarazi zuen motel zihoala 50 urtetik gorako etxebizitzen egoera ikuskatzeko eta erregistratzeko prozesua. Abuztuan, ekaineko epea jada amaituta, aztertuta behar zuten eraikinen %20 baino ez ziren agertzen EuskoRegiten. Pablo Garcia Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza zuzendariak orduan gogorarazi zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako etxeen %43k mende erdia igaroa zutela: «Gure etxebizitza parkea Europa mendebaldeko zaharrenetakoa da». Arriola sailburuak ere EIT igarotzearen garrantzia berresteko baliatu zuen atzoko agerraldia: «Etxebizitzetako egoiliarren eta oinezkoen segurtasuna babestea da helburua, baita ondarea babestea ere». Kalteei aurrea hartzea ere nabarmendu zuen: «Arazoak lehenago atzemanda, konponketa garrantzitsuagoak eta garestiagoak saihestu daitezke».