astekaria 2018/09/07
arrowItzuli

bizigiro

PATXI SALABERRI

«Onomastika ez da bakarrik linguistika»

Iker Tubia

«Onomastika ez da bakarrik linguistika»

Etxean hitzaldiak emateak urduri jartzen duela aitortu du, baina, hala ere, euskararen mugei buruz aritu da sorterrian Patxi Salaberri (Uxue, Nafarroa, 1959), NUPek antolatutako jardunaldietan. Euskaltzain osoa, filologiako doktorea eta NUPeko irakaslea da. Onomastikan aditua da, eta tesian Nafarroako eki-erdialdeko euskara aztertu zuen toponimiaren bidez.

Aldabea, Antzandieta, Turtunbera... Uxueko toponimoak dira. Ezin esan euskara ez dela bertakoa.

Euskara galdu zen, eta egun arazoa ez da bakarrik linguistikoa, herria asko hustu baita. Baina ez dago zalantzarik Uxueko hizkuntza orokorra izan dela, ez bakarrik toponimoengatik. Idoatek petrikilo batek euskaraz esandakoa jaso zuen, eta Peio Monteanok bortxaketa salaketa bat aurkitu zuen. «Guk ez dugu holakorik egin», zioen mutilak.

Aurkikuntza berriez mintzatu zara hitzaldian. Zein dira?

Monteanok euskarazko bi-hiru esaldi aurkitu ditu beste auzibide batean. Pitillasen, liskar bat izan zen artzainen artean. Tartean bi zuberotar, lapurtar bat, uxuetarrak eta Pitillaskoak zeuden. Lekukoa zuberotarra da, eta elkarri zer erran zioten erraten du. Beraz, uxuetarren euskarazko esaldiak dira, zuberotar baten ahotik pasatuta.

Zuberotarrak Pitillasen?

XVI. mendetik aurrera, Iparraldekoak asko ziren eremu hauetan. Normalean, muga geografikoak aipatzen dira, baina, gero, toki erdaldunetan —auziaren garaian Pitillas erdaldunduta egongo zen—, hainbat tokitako euskaldunak zeuden. Ez hori bakarrik, Nafarroa euskalduna orduan oso zabala zen: hamar nafarretik zazpi eremu euskaldunetan bizi zirela dio Monteanok.

Noiz arte izan zen Uxue euskalduna?

Hori esatea zaila da. Uste dut XVII. mende bukaeran herria euskalduna zela. Garai hartan, Tafallan, mandozain sakandar bat eritu, eta lekuko euskaldunak behar izan zituen testamentua egiteko. Haietako bat Uxuekoa zen. XVIII. mendean, euskarari zor zaizkion grafiak agertzen dira; adibidez, Antzandieta. Horrek erran nahi du ebakera euskararena zela. Baina izaten ahal da erdaldunek ebakera batzuk euskaraz gordetzea. Gero, XIX. mende hasieran, Artaxoako apeza hil zen, eta hura euskalduna zen. Pentsatzen dut XVIII. mende bukaeran azken putarrak emanen zituela euskarak.

Toponimoen bidez jakin liteke nolakoa zen Uxueko euskara?

Toponimiaren bidez ongi iker daitezke alor batzuk, baina beste batzuk ez. Hitz arruntak agertzen dira, atzizki batzuk ere bai... eta fonetikan gauza batzuk ikusten dira. Aditzak oso-oso gutxi aurkitzen ditugu, eta, noski, sintaxi kontuak falta zaizkigu; beraz, orain atera diren esaldi horiek harribitxiak dira.

Uxue izenaren jatorriak ere zalantzak sortzen ditu. Zer uste duzu?

Uxue eta usoa batzen dituen elezahar bat dago; orduan, aspalditik hegaztiaren izenarekin lotu da. Arazoa da forma zaharra urzo dela. Euskaraz rz-ren eboluzio normala s da. Arraroa da x izatea, baina ez ezinezkoa: Lusarreta [lur zahar] Luxarreta agertzen da garai batean. Bestalde, Iruñeko katedralean behin agertzen da Uxue r-z idatzia. Horrek bide emanen liguke oinarrian ur dagoela pentsatzeko. Uxuen ur franko dago, eta etxe askotan berezko putzuak daude. Kontua da lekukotasun bakarra daukagula; orduan, hori ere ez da inolaz ere segurua. Noizbait ere egingo da argia.

Toponimoak askotan izaten dira eztabaidagai, ezta?

Kontua da nork izaten dituen eztabaida horiek, edozeinek esan baitezake edozer gauza. Ofiziokoa bada, ongi, baina zale asko dago.

Oraindik bizirik dagoen eztabaida: Iruñea edo Iruña?

Onomastika ez da bakarrik linguistika, kontu soziologikoa ere bada, eta kontu politikoak daude. Euskaltzaindiak aspaldian esan zuen Iruñea zela euskal izena. Gero, alkate bat etorri zen, eta hark Iruña jarri zuen, politika kontuengatik. Gainera, gazteleraz Iruña errazagoa da.

Jaime Ignacio del Burgok berriki esan du euskara batua asmakuntza dela, eta nafarreraren kontrakoa. Zer uste duzu?

Eta erdara batua ez da asmakeria? Nik etxean ikasi dudan gaztelera ez da Iruñean erabiltzen dudana. Eta bestea ere faltsua da. XVI. mendeko prozesuan garbi ikusten da zuberotarrak oso ongi ulertzen dituela uxuetarrak. Lehen, euskalkiak askoz ere hurbilago zeuden elkarrengandik. Euskara batua ez da oraingo gauza. Baturik zegoen hizkuntza hori, politika kontuengatik banatu zena, berriz batzen ari gara. Hori zilegi da, eta gauza ona da.

Nola ikusten duzu Nafarroako Gobernuaren jarrera aldaketa euskarari dagokionez?

Azken hamarkadetan ukazioa izan da; orduan, jarrera aldaketa oso ona da. Garai batean, nafar gehienak euskaldun hutsak ginen, eta hori ezkutatzea da gure nortasunaren alderdi garrantzitsuena ezkutatzea.

BERRIAn argitaratua (2018/09/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA