astekaria 2018/09/07
arrowItzuli

bizigiro

Ondare zabala txikitasunean

Eider Etxeberria

Ondare zabala txikitasunean

Arabako herri gehienak txikiak dira biztanleriaz eta azaleraz. 400 herri inguru daude probintzia osoan, eta 500 gurtza leku baino gehiago. Hain zuzen, Arabako lautadako elizen eta baselizen 51 maketa txiki daude ikusgai Estibalizko Santutegiko Harrera Zentroan. Maketak 1:100 eskalan daude eraikiak, eta argazki bilduma batek lagundurik osatu dute erakusketa. Igandera arte egongo dira ikusgai. Bisita gidatuak 11:00etan eta 17:00etan dira, bost euroko sarrera ordainduta. Maketez gain, Estibalizko santutegia eta Arabako Erromanikoa interpretaziogunea ere ikus daitezke. 17:00etatik 20:00etara bisitatzeko aukera dago, doan.

XI. eta XVI. mendeen artean eraikitako eliza eta baselizak ikus daitezke erakusketan. Historian atzera eginez, Arabako herriak Erdi Aroan sortu ziren. Geografia laua zenez, lur eremuak egokiak ziren nekazaritzarako. Gainera, musulmanek ez zuten lortu Araba konkistatzea, eta, hori dela eta, herri bakoitzean eliza bat eraiki zuten garai aurre-erromanikoan. Otoi egiteko erabili ziren nagusiki, baina babeslekuak eta biltokiak ere izan ziren.

Eliza gehienak erromanikoan berreraiki zituzten, aurrez zeuden eliza zaharrak botata. Garai oparo eta aberatsa bizi izan zuten Araban XII. eta XIII. mendeetan. Aberastasun hori elizak eraikitzeko erabili zuten herritarrek. Gaur egun, garai horretako egitura erromanikoa mantentzen dute eliza eta baseliza askok. Halaber, XVI. mendetik aurrera eliza horiei gehikuntzak egin zizkieten: eliz atariak gehitu, dorreak jarri, erretaulak aldatu eta beste hainbat aldaketa egin zizkieten. Azken mendeetan, zaharberritu ere egin dituzte. Hala ere, XI. mendean eraikitako herri eta eliza askok gaur egun ere zutik diraute. Erakusketako maketek eraldaketa horiek guztiak ere erakusten dituzte.

Jose Miguel Lopez Vado izan zen elizen tamaina txikiko bertsio horiek eraikitzeko lana hartu zuen artisaua. Erakusketa Gasteizko Adurtza auzoan egon zen. Lopez Vado 2016an hil zen, eta, ondoren, azken hamar urteetan egin zuen lan guztia Estibalizko fraideei eman zien haren familiak. Fraideen elkarteak, ordea, Estibalizko Ama elkartearen esku utzi zuen artisautza lana, eta duela bi urtetik, Erdi Aroko Araba ikerketarako eta dibulgaziorako elkartearen babesarekin, bisita gidatuak antolatu dituzte.

Jose Miguel Lopez Vado bizikletazalea zen, eta artea ere gustuko zuen. Bi zaletasunak uztartuz, afizio bat sortu zuen: bizikletaz ibiltzera joaten zenean, elizak bisitatzeko aukera baliatzen zuen. Argazkiak ateratzen zituen, dokumentazioa biltzen zuen, elizen neurriak hartzen zituen, eta, azkenik, tailerrean maketak eraikitzen zituen. Egilea zendu zenetik, maketak urtean behin soilik jartzen dituzte erakusgai, material hauskorrez eginak baitaude.

Maketen bidez Arabako ondarea ezagut daitekeela uste du Isabel Mellen Erdi Aroko Araba elkarteko kide eta bisita gidariak: «Era erakargarria da publiko txikienarentzat, beste modu batera ikus daitezkeelako elizak. Arabako ondarea ezagutarazteko bide pedagogikoagoa da». Azaldu du elizak herrialde osoan zehar sakabanatuak daudela eta, beraz, erakusketak aukera ematen duela eraikinak konparatzeko.

Ondarea biltzea «ezinbestekoa» da, haren esanetan: «Bertako tradizioez, kulturaz eta historiaz hitz egiten digu. Arabako herri gehienetako elizek mendeak iraun dute, eta ondare historiko nagusi dira. Elizan gorde dira tradizio eta ohitura gehienak». Ideia horiek mantentzea eta ezagutaraztea «garrantzitsua» da, Mellenen iritziz.

Haren hitzetan, Arabako ondarea beste leku batzuetakoa baino «ezezagunagoa» da: «Arabarrok ez dakigu zenbatekoa den gure ondarea, ez eta, are, zenbaterainoko kalitatea duen ere». Batzuek uste dute Araban apenas dagoela zer ikusi, edo dagoenak ez duela garrantzirik, eta ideia hori alboratu nahi dute erakusketarekin. Mellenek adierazi du Arabako ondareari «balioa ematea» lortu nahi dutela, bertakoetatik abiatua.

Arabako eliza eta baselizak erromanikoak dira nagusiki; hala ere, erakusketan badira Errenazimentukoak eta gotikoak ere. Mellenen esanetan, Lopez Vadok ez zituen elizak garaiaren arabera aukeratzen: «Arreta ematen zioten elizak ikustera joaten zen, eta, ondoren, maketak egiten zituen».

Argazki sorta erakusketan

Argazki erakusketa bat ere badago maketekin. Probintzia artxiboko argazkiak eta bisita gidatuetan ateratako argazkiak daude bertan. Elizen barneko erretaulen argazkiak dira, hain zuzen, bertan ikus daitezkeenak. 19 40ko eta 60ko hamarkadetako argazkiak eta duela bost urte ateratakoak dira.

Garai bateko erretaulen eta gaur egungoen itxura alderatu daiteke horietan, erretaulek berrikuntzak izan baitituzte. Erretaula horietan zenbait irudi ageri dira: Arabako elizetako erretaulen erdiek, gutxi gorabehera, Andre Mariaren jasokundea irudikatzen dute.

Azkenaldian ateratako argazkietako erretaulek beste itxura bat dute. Erretaula horiek azken garaikoak dira. Dirua bildu ahala, erretaula berriak jarri dituzte herritarrek.

Maite Saez de Olazagoitia erakusketako arduradunak azaldu du garai batean erretaulak «garrantzitsuak» zirela, baina denbora igaro ahala aldareak hartu zuela garrantzi handiagoa. «Hasieran, mezak publikoari bizkarra emanez egiten ziren; geroago hasi ziren aurrez aurre egiten».

Erretauletako irudi eta koadro asko saldu egin dituzte, asko hondatu egin dira, eta beste asko kontserbatzeko gorde dituzte. Lapurretak ere izan dira. Horregatik denagatik, hainbat erretaula desagertu egin dira jatorrizko lekuetatik. Gehienak biltegi eta museoetan daude gordeta gaur egun.

BERRIAn argitaratua (2018/09/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA