bizigiro
Mendigatxaren eleen oihartzuna
Iker Tubia
Adexkiderik bage bizitea da orobat nola testigorik bage iltea. Halako hitzik ez esaerarik ez da aditzen dagoeneko Bidankozeko karriketan. Ezta Erronkarin, Urzainkin edo Izaban ere (Nafarroa). Baina Erronkaribarreko euskararen eleak ez dira erabat ezabatu: galdutako euskalkia ongi gorderik dago hainbat idazki eta liburutan. Uskara edo erronkarierari buruzkoak Mariano Mendigatxari esker jaso dira, hein handi batean, eta horregatik egin diote omenaldia sorterrian, hil eta ehun urtera.
Modu horretan, erronkarierak Bidankozeko karrikak hartu ditu berriz ere. Larunbatean izan zen omenaldia, eta, besteak beste, bidankoztarrek berriz ere ahotan izan zituzten hark idatzirik utzitako kantu zaharren eleak. Ehun lagun inguru bildu ziren Mendigatxaren sorterrian: lehenbizi, Gotzon Perez Artutxen hitzaldia aditzeko, eta gero Mendigatxa zenaren etxearen atarian, haren omenezko plakaren inaugurazioan.
Mendigatxa nekazaria zen, baina euskara oso aberatsa zuen. Luis Luziano Bonapartek erronkariko euskara aztertu eta jasotzeko mezulari izan zuen. Hura eta Prudencio Hualde apaiza izan ziren haren iturri nagusiak. Mendigatxa 1918ko uztailaren 31n zendu zen, Bidankozen bertan, 86 urte zituela. Ordurako, Erronkaribarreko uskara azkenetan zen.
Bidankozen bada oraindik Mendigatxa nor den ez dakienik. Mendigacha, ríndete (Mendigatxa, errenditu zaitez) esamoldea jaso dute abizen horri loturik. Hain zuzen ere, liberalek Mariano Mendigatxaren aita atxilotzera joan zirenean bota zuten esaldia da, eta oraindik ere erabiltzen da. Argiago dute nor zen Hualde. Esan beharra dago oroigarri bat paratu zutela haren etxean duela 40 urte. Orain, bidankoztarrek zorra kitatu dute Mendigatxarekin: plaka batek gogoratzen du erronkarieraren mezulari hura.
Gotzon Perez Artutxek sakon aztertu du pertsonaia haren historia, eta omenaldiaren garrantzia azpimarratu du: «Alde batetik, berari zor diogu Erronkariko euskararen inguruan dakigun guztia». Bonapartek aditz jokoak eta hitzak bildu zituen haren ahotik. Donibane Lohizunen (Lapurdi) izan zen hitzordua, 1867an. Mendigatxa mando gainean ailegatu zen bertara, 25 urte zituela. Aurrerago, Arturo Kanpion joan zitzaion etxera, 1878an, Orreaga balada Bidankozeko euskarara itzul zezan. Azkena Resurreccion Maria de Azkue izan zen. Gutxienez lau aldiz elkartu ziren -Zuberoan eta Bidankozen-, eta adiskide egin ziren. Azkuek gutunak idazteko eskatu zion Mendigatxari, eta, ele haietan, hark ibiltzen zuen euskara ez ezik, bertako bizimodua eta ohiturak ere gorde ziren.
Esaterako, eskutitz horiei esker jakin daiteke garai batean Bidankozen hildakoen omenezko bestak ospatzen zituztela irailean, edota otsail hasieran bazutela ohitura bat liskarrak konpontzeko balio zuena: etxeen izenak txapel batean sartu, eta binaka ateratzen zituzten. Baten etxean bazkaria egin behar zuten, eta bestearenean, afaria. Gainera, Mendigatxak hamar kanta idatzirik utzi zituen eskutitz haietan, partitura eta guzti, garai hartako organo jotzaileari esker. «Hori herri askok ez dute», dio Perezek.
Mendigatxaren testigantzaren garrantziari neurria hartzea errazagoa da jakinda Euskaltzaindiak parte hartu duela omenaldian. Andres Urrutia lehendakariak euskararen aldeko hitzartze bat egin zuen Mendigatxaren etxeko atarian, eta haren testigantzak zer garrantzia izan duen nabarmendu zuen. Adierazi zuen Azkueren lekukoa jaso nahi zutela, eta XIX. mende bukaeran euskararen egoerari erreparatu eta horren argazkia egin zutenen lana goraipatu: «Mendigatxa gai izan zen transmititzeko Bidankozeko uskara oinarri zuen bizitzeko bide eta modu hori. Bizitzeko modu hori, zoritxarrez, galdu da. Euskaltzaindiak eskerrak eman nahi dizkio Mendigatxari eta bera bezalako jendeari, gai izan zirelako testigantza emateko».
Dirudienez, Mendigatxa gizon arduratsua izan zen. Perezek azaldu duenez, eskutitzetan ikus daiteke, adibidez, hezkuntzarekin interesa zuela. Gutun batean Azkueri azaldu zion maisuak alde egin zuela otsailean, eta kezkaturik zegoen ikasturte horretan ez zutelako beste irakaslerik izanen. Bestalde, alkate zelarik, herriak galdutako errota berreskuratu zuen, eta ustelkeria salatu.
Mendigatxa sindromea
Euskarari dagokionez, badirudi Azkuerekin izandako harremanak euskaltzaletasuna berpiztu ziola. Armiarma literatura atari digitalean diotenez, balioa eman zion erronkarierari: «Kontziente zela erranen genuke, bazekiela geroko euskaldunentzat ari zela Gutun barruko istorioak kontari, eta ez Don Resurreccionentzat». Perezek dio eskutitzetan «pena» eta «amorrua» ageri zuela euskararen galeraren aurrean. «Ez dakigu noraino zen kontziente, baina beharbada Azkuek transmitituko zion hori». Are, konpromisoa hartu zuen hilero-hilero eskutitz bat idazteko.
Perezek Mendigatxaren etxean irudikatu du nolakoa izanen zen euskararen galera. Ama 1870ean hil zen, eta ordura arte euskaraz baizik ez zuten egiten etxean. «Uztarroztarra zuen emaztea; beraz, harekin euskaraz egingo zuen. Haren seme-alabek hitz egingo zuten euskara. Baina, azken karlistaldiaren ondoren, transmisioa eten zen». 1883an, Mendigatxaren ondorengoak ezkondu egin ziren. «Hor koxka bat izanen zen euskararen galeran. Beharbada alabaren senarrak ez zuen euskaraz hitz egiten». Orduan, Mendigatxak seguruenik euskaraz eginen zuen emaztearekin eta alabarekin, baina suhiarekin batera erdara sartu zen etxean.
Hiru urteren buruan, Mendigatxaren emaztea hil egin zen. «Hor utzi zioten euskaraz hitz egiteari». Mendigatxaren bilobek ez zuten euskaraz ikasi. «Mariano saiatu zen biloba gazteenari erakusten, baina ez zuen lortu». Gorka Lekaroz filologoak dioenez, 1860an bidankoztar ia guziek euskara jaso zuten gurasoengandik, baina urte haietan hasi zen euskararen jarraipena eteten. Mendigatxak 1903an aitortu zion Azkueri gazteek nekez ikasiko zutela inguruan ordurako entzuten ez zuten hizkuntza. «Beraz, joan den mendea hasi zenerako erdaldunak ziren gazte bidankoztarrak, eta euskara arras apalduta edo zeharo desagertua bide zegoen herriko karriketan», dio Lekarozek Lingua Navarrorum blogean.
Prozesu hori beste etxeetan ere gertatu zen. Erronkarierak 1991n eman zuen azken hatsa, Fidela Bernat -euskara etxean ikasi zuen azken hiztuna- hiltzearekin batera. Hala ere, zenbaitek erronkariera ikertu dute edo ikertzen ari dira. Alberto Angos da horietako bat. Hiru liburu kaleratu ditu erronkarieraren gramatika, esaldiak eta testuak aztertuz. Erronkarieraren ezaugarri batzuk berreskuratzearen alde dago, baina zaila dela onartu du: «Lantzean behin, ikastaroren bat egin dugu, ea jendearengan jakin-mina pizten den. Kontua da ikasliburuak beharko liratekeela ». Berak aditz taulak bildu zituen, baina horrekin ez da aski. «Ikastaroa xumea da, oinarrizkoena irakasteko».
Uste du euskaltegietan erakusten den oinarritik abiatuta geroaldia eta deklinabideak ikas daitezkeela, eta batik bat hiztegia. Angosek ikastetxeetan jarri du arreta. «Nahiz eta batua ikasi, hiztegia landu dezakete, herriari nortasuna ematearren». Etorri beharrean xin, atea beharrean borta, eta abar. Baina irakasleak askotan aldatzen direla eta, zaila iruditzen zaio halakorik egitea.
Dena den, Perezek nabarmendu du badagoela kontzientzia herritarren artean. «Ez bakarrik euskararekin, baita ondarearekin ere: janzkera, almadiak...». Hala ere, haren aburuz «nahikoa» dute oraingoz euskara batua zabaltzearekin. «Hori pauso handia litzateke». Mendigatxaren etxean etendako haria berriz ere tenkatzea da afera, euskalkia galdu arren. Euskara berreskuratzea.