astekaria 2018/09/07
arrowItzuli

iritzia

Poliziaren hizkuntza

Iñigo Aranbarri

Poliziaren hizkuntza Iñigo Aranbarri

Arkaitz Zarraga irakaslea izan da oraingo honetan gertatua salatu duena. Bilboko jai gunean, trafiko kontu bat dela-eta udaltzain batek geldiarazi duenean, nola konplikatu zaion dena euskaraz egiteko eskatzeagatik. Alferrik ahalegindu bata eta bestea konpontzen. Bi isunekin etxeratu da: «Bata zirkulazioari lotutakoa; bestea, agenteekiko errespetu faltagatik».

Bat haboro, auskalo zenbatgarrena, 1982an Euskararen Legea onartu zenetik EAEn eta 1986an NFKn. Nik neuk, ez daukat azalpen gehiagoren beharrik jakiteko zer gertatu den. Nahikoa da ikustea nola bideratzen den hizkuntzarena errepidean goazela geldiarazten gaituztenean. Berdin da zer polizia den, harremana ikaragarri katramilatzen da euskaraz artatua izateko eskatuz gero. Erdaraz eginda bi minutuko tramite hutsa dena, ordu erdiko kontua izan liteke onenean, Zarragari gertatu bezala, opariarekin ez bazoaz etxera. Guardia Zibila izatea, edo Gendarmeria, edo Espainiako Polizia Nazionala, ahaztu. Denok nahi dugu etxera heldu afaltzera.

Desakatoa izango da isunean agertuko den arrazoia, men ez egitea aginteari. Zinez argudio eskasa ez izatera behintzat benetan pentsaera motzekoa, uste izatea norberarena ez den hizkuntza, ofiziala izanagatik, deabruak irakatsia dela, eta horretxegatik dela ikastezina eta inoren kontra gaizki-esaka jarduteko asmatua.

Nolanahi ere, psikologia sozialerako erradiografia polita herritarren kontrako umiliazio hauen atzean gordetzen dena: nola sentitzen den boteretsua ahulago menpean duenaren hizkuntza ezagutzen ez duenean, nola den zigorra ezina konpontzeko bide historikoa, eta nola, Euskaldunon Egunkaria itxi zutelarik euskararen eta euskaldunen kontrako eraso gehiago ez gertatzeko konpromisoa hartu zuten erakundeek ez dioten konponbiderik ematen larderiazko agerraldi etengabe hauei.

BERRIAn argitaratua (2018/09/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA