gizartea
Memoriaren testuingurua
Jon Rejado
Lopez de Maturanak txostenean azaldu du gurutzeak 1951ko Gasteizko Misio Santua gogoraraztea izan zuela helburu. Misio horren helburua, historialariak ETBn emandako azalpenen arabera, herritarrak «berriz ebanjelizatzea» izan zen. «Garai horretan pentsatzen zen Errepublika garaian fedea galdu zela». Horren arabera pentsa liteke, Misio Santua ekinbide erlijiosoa izan arren, asmo politikoa zuela hasieratik bertatik.
Misio Santuak bi aste iraun zuen, azaroaren 4tik 18ra arte. El Pensamiento Alavés egunkariak jaso zuen egun horietan gertatutakoa: hasieratik, «Aireko Ministerioak Misioaren zerbitzura jarritako hegazkin batek» Fatimako Ama Birjinaren irudia Gasteizera ekarri zuenetik, amaierako mezara arte. Azken eguneko kronikan, hain zuzen ere, Jose Maria Bueno Monreal Gasteizko apezpikuaren hitzak jaso zituen kazetariak. «Apezpiku jaunaren hitzak nabarmenduko ditugu: eskatu du Jaunak manten dezala fedea eta bake hau Espainian, biak posibleak eta seguruak Gurutzada loriatsuari eta gure estatuko buruari esker».
Olarizuko gurutzearen jatorrizko ideia erlijiosoa izan zela onartuta ere, Misio Santua nekez bereiz daiteke orduko erregimenetik. Beraz, gurutzeari testuinguru hori gehitzeko, beste galdera batzuk ere jar litezke mahai gainean. 1951n Misio Santurik egongo ote zen demokratikoki bozkatutako gobernua indarrez kendu izan ez balute? Misio horiek gogorarazteko gurutzerik eraikitzea erabakiko lukete gasteiztar batzuek? Diktadurak nazionalkatolisizmoa ezarri izanak erraztu ote zuen gurutzea eraikitzea?
Mendiolako erabakiak piztu duen eztabaidaren harira, iraganeko testuinguruaz gain, egokia izan daiteke egungoari ere erreparatzea. Mendiolako administrazio batzarrak herritarrei eman zien hitza: gaia eztabaidatu zuten, aukerak aztertu zituzten, eta gurutzea kentzea erabaki zuten. Gasteizko Udalak bi aukera ditu horren aurrean: edo araudian zirrituak bilatzea Mendiolako herritarren hitza baliogabetzeko; edo eskumena duten herritarren hitza aintzat hartzea, zilegia den erabaki baten kontra egin beharrean. Are, erdibideko erabakia har dezake: Mendiolari gurutzea kentzen lagundu, eta ikurra beste leku batera mugitu, Gasteizko udalbatzak onartutakoa betetzeko.
Udalbatzak aho batez onartu zuen frankismoak markatutako espazioak mantentzea eta testuingurua ematea, Virginia Lopez de Maturana historialariaren txostenean oinarrituta. Horren alde egin zuen «historia ez borratzeko». Hain zuzen ere, historiak utzitako aztarnak kenduz gero, «etorkizuneko belaunaldiek pentsa dezakete ez zela Francoren diktadurarik egon».
Olarizuko gurutzearen inguruan sortutako eztabaidaren nondik norakoak ikusita, agian komeni da hausnartzea noraino heldu behar duen testuinguruak. Mendiolako erabakiaren harira, Elizak frankismoan izan zuen boterea gogoraraz dezake Gasteizko Udalak, gurutzean jarri nahi duen plaka informatiboan. Bestela, etorkizuneko belaunaldiek pentsa dezakete ez zela inolako harremanik egon frankismoaren eta Elizaren artean.