kultura
Zinemaldian inoizko euskal pelikula gehien emango dute
Itziar Ugarte Irizar
Zinemira saila izango da ekoizpen oparo horren erakusleiho nagusia. Zinemaldiak Euskal Herriko ekoizpenari propio eskaintzen dion adarrak hamabi pelikula emango ditu aurten. Ana Schulz eta Cristobal Fernandezen Mudar la piel izango da horietan lehena; Schulzen aita Juan —ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko bitartekari aritua— eta Roberto Florez —traizioagatik zigortutako CNIko agente ohia— dira protagonistak; lagun harreman bat izan zuten biek zenbait urtez, eta zuzendariek hari horretatik tiraka osatu dute dokumentala, haien lehen lan luzea. Klausurako filma, aldiz, Fermin Muguruzaren Black is Beltza animaziozko lana izango da —Unax Ugaldek, Emma Suarezek, Josean Bengoetxeak, Willy Toledok, Ander Lipusek eta Ramon Agirrek jarri dute ahotsa, besteak beste—. Aurten lehen aldiz, gainera, Trueba zinema aretoan izan ordez, Kursaalean emango dituzte inaugurazioko eta klausurako bi filmak, euskal zinemari ikusgarritasun handiagoa emate aldera.
Sail beraren barruan estreinatuko dituzte Gure oroitzapenak eta Margolaria ere. Aurrenekoan, Joseba Sarrionandiaren inguruko pieza labur bana osatu dute hamabi zuzendarik, idazlearen askotariko unibertsoa iruditara ekarriz; hauek dira proiektuan parte hartu duten zuzendariak: Oskar Alegria, Ozcan Alper, Asier Altuna, Mireia Gabilondo, Eugene Green, Itziar Leemans, Josu Martinez, Fermin Muguruza, Ane Muñoz, Maider Oleaga, Carlos Quintela eta Maialen Sarasua. Margolaria, aldiz, Oier Aranzabalek zuzendu duen lehen pelikula da; Mikel Urdangarin musikariaren eta Alain Urrutia margolariaren arteko solasaldi bat abiapuntu hartuta, filmak arteaz bizitzeko apustua egiten duen artistaren egunerokoa kontatzen du.
Zinemira saila osatuko duten filmak hauek dira: Izaro (Txuspo Poyo), Lady off (David Rodriguez Losadar), La noche nos lleva (David Gonzalez Rudiez), Errementari (Paul Urkijo), Gallo (Antonio Diaz Huerta), Kutxak (Juanmi Gutierrez), Basque selfie (Joaquin Calderon) eta Bajo la piel del lobo (Samuel Fuentes). Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko hautagaiak dira denak, beste zinema jaialdi batzuetan estreinatutakoak salbu: Mudar la piel, Errementari eta Bajo la piel del lobo.
Lanen bat ia sail denetan
Zinemiraz kanpo, jaialdiko beste lau sailetara iritsiko da Euskal Herriko ekoizpena. Dagoeneko jakina zenez, Telmo Esnalen Dantza izango da aurten Sail Ofizialean ikusi ahalko den bertako lan bakarra, lehiaketatik kanpokoa. Koldo Almandozek, ostera, Zuzendari Berriak sailean aurkeztuko du Oreina, eta Irizar sarirako lehian ere izango da. Laulad Ahmed, Patxi Bisquert, Ramon Agirre, Iraila Elias eta Erika Olaizola daude aktore nagusien artean.
Maddi Barberrek 592 metroz goiti film laburra erakutsiko du Zabaltegi-Tabakalera sailean; Itoizko urtegia eraikitzeko Nafarroako Pirinioetan urperatu zuten lur eremua jarri du kontakizunaren oinarrian. Perlak sailak, berriz, Raul de la Fuenteren eta Damian Nenoweren Un dia mas con vida filma hartuko du, Ryszard Kapuscinski kazetariak Angolan egindako bidaia kontatzen duena. Eta asteon jakinarazi dutenez, gastronomiari lotutako Culinary Zinema sailean Euskal Herriko ekoizpen bi aurkeztuko dituzte: Bihar dok 13 (Aitor Bereziartua eta Ander Iriarte) eta Y en cada lenteja un dios (Miguel Angel Jimenez). Irizar sarirako lehian izango dira horiek ere.
Film laburrak Zinemira-Kimuak sailean emango dituzte. Ohi bezala, baina, akreditazioa dutenak soilik sartu ahalko dira emanaldietara. Zazpi dira aurtengo laburrak: Barberren 592 metroz goiti, Josu Martinezen Ama, Maria Elorzaren Ipurtargiak oraindik, Iban del Camporen Espedizio handia, Miguel Angel Jimenezen Kafenio Kastello, Sara Fantovan Ez nazazue esnatu, eta Pello Gutierrezen Zain.
Azken bi estreinaldiak Euskal Zinemaren galan eta ETB galan izango dira; lehenengoan, Josu Martinezek Jainkoak ez dit barkatzen aurkeztuko du —Lezo Urreiztietaren istorioa jaso du zinemagileak—; bigarrenean, irailaren 26an, Victor Cabacok Vitoria, 3 de marzo aurkeztuko du, 1976ko martxoaren 3an Poliziak tiroz hildako bost langileen gertakizunetan harilkatua.
Aitortza aktore etengabeari
Ramon Agirrek (Donostia,1954) Donostiako Antzerti arte dramatikoko eskolan egin zituen lehen urratsak. 1980ko hamarkadan zinemarako lehen lanak egin zituenetik —27 horas (Montxo Armendariz, 1986) eta Ander eta Yul (Ana Diez, 1988)—, ia zenbatezinak dira aktoreak jokatu dituen pertsonaia denak, izan zinemarako, antzerkirako edo telebistarako. Zinemira sariarekin, urratsez urrats ondutako bide hori aitortzea erabaki du aurten Zinemaldiak. Lau pelikuletan ere ikusi ahal izango da haren marka aurtengo jaialdian: Oreina, Black is Beltza, Errementari eta Bajo la piel del lobo. Bitartean, Agirrek lanean jarraitzen du egunotan, Agur, Etxebeste! filmatzen.