astekaria 2015/12/24
arrowItzuli

gizartea

ROBERTO PEREZ ELORZA

«PAIrekin ez da teknikarien irizpidea bete»

Ion Orzaiz

«PAIrekin ez da teknikarien irizpidea bete»

Hamazazpi urtez ingeles irakasle izan zen Roberto Perez Elorza (Iruñea, 1966). 2007tik, baina, Nafarroako Gobernuan lan egiten du. Ebaluazio, Kalitate, Formakuntza eta Elkarbizitza Zerbitzuko zuzendaria da.

Zein puntutan dago PAI programaren ebaluazio prozesua?

Hiru zati ditu ebaluazioak, eta lehenengoaren bukaeran gaude orain. Lehen fase horri Info-PAI izena eman diogu, eta Hezkuntza Departamentuak gordeta zeukan informazio guztia bilatzea eta aztertzea izan da gure zeregin nagusia orain arte: lantaldeak, ikastetxeak, ingelesez ematen diren ikasgaiak, zenbat eskola ordu eskaintzen zaizkion hizkuntza horri... Txosten batean bildu dugu hori guztia, eta erabakiak hartzeko oinarri gisa erabili dugu.

Zeintzuk dira orain arte atera dituzuen ondorio nagusiak?

Lehenik eta behin, deigarria da ez zegoela ikastetxeetan PAI ezartzeko protokolorik. Hezkuntzako beste edozein egitasmorekin ez da halakorik gertatzen; ez Hizkuntza Eskola Ofizialean, ez Bigarren Hezkuntzako Atal Elebidunen kasuan. Norbaitek ikastetxe batean sartu nahi badu, edo ikastetxe horrek programa jakin bat eskaini nahi badu, baldintza batzuk bete beharko ditu. Noren erabakia den, nork eskatu behar duen... Hori guztia zehaztu gabe egon da orain arte, eta esan dezakegu PAIren ezarpen prozesuan ez dela protokolorik edo araudirik bete.

Zenbait ikastetxetan, txosten teknikoen aurka ere ezarri zen PAI programa, ezta?

Bai. Askotan, barne txostenek kontrakoa aholkatzen zuten arren, programa ezartzen zen. Adibidez, bai Ingeles Zerbitzuak eta bai Ikuskaritza Zerbitzuak ikastetxe batean PAI ez ezartzeko gomendioa egin arren, jarri egiten zuten... edo alderantziz. Ez dakit zeintzuk izan litezkeen horren atzean zeuden arrazoiak.

Iragan astelehenean argitaratu zenuten txostenean, planifikaziorik eta aurreikuspenik eza ere kritikatu zenuten...

Bai. Alde batetik, Lehen Hezkuntzan soilik ezarri da PAI, eta konexiorik ez du Bigarren Hezkuntzarekin; beraz, zerbait pentsatu beharko da hutsunea betetzeko. British programan bai [Espainiako Gobernuak British Council erakundearekin batera sustatutako egitasmoa], horretan zehazten da nolakoa izan behar duen hezkuntza ibilbideak, Batxilergoraino. Baina PAIn ez zen halakorik egin, eta, gaur egun, plangintza 6. mailaraino iristen da soilik.

Irakasleen formakuntzarik eza izan da beste arazoetako bat. Nolakoa da egoera?

Esan behar dugu irakasleek, hein handi batean, C1 mailako titulua lortzeko formakuntza jaso dutela eta ahalegin handia egin dutela, baina aurreko gobernuak ez zuen kalkulatu zenbat irakasle elebidun zeuden eta zenbat beharko zituzten. Gerora ikusi zen ez zirela nahikoak.

Gainkarga eragin al die PAIren ezarpenak irakasleei?

Bai, eta, txostenean azaltzen dugun bezala, programa aurrera atera bada, haien esfortzuari esker atera da. Programa berri bat ezartzeak beti eraginen du lanaren gainkarga bat, baina, kasu honetan, egokitutako materialik ere ez zegoen, eta irakasleek eta zuzendariek aparteko lanorduekin orekatu behar izan dute aurreikuspenik eza.

Lehen faseko informazio bilketa egin eta gero, zeintzuk izanen dira hurrengo urratsak?

Prozesuaren bigarren fasea diagnostiko sozialarena da, eta orain ari gara hori lantzen. Hamabi lantalde sortu ditugu PAI programa eskaintzen duten ikastetxeetako irakasleekin, zuzendariekin eta gurasoekin, haien iritziak eta esperientziak jasotzeko. Urtarrilaren 28rako bukatu nahi dugu. Azken fasea ECD-PAI izenekoa da, eta proba diagnostikoetan oinarritzen da. Ikasleek dituzten trebetasunak aztertzen ditugu, alderaketak egin... Proba horiek, dena den, bilakaera luzea dute, eta urtero-urtero egiten ditugu eredu guztietan. Aurten, PAIren ezaugarriak aintzat hartuko ditugu: hizkuntza maila, bestelako konpetentziak...

Oposizioko alderdiek kritikatu egin dute PAIren ebaluazio prozesua. PSNk esan du ez duzuela informazioa ikastetxe guztietan jaso, eta aniztasuna ez duzuela kontuan hartu...

Esan dezakedan bakarra da aniztasunaren gaineko arreta gure analisiaren puntuetako bat izan dela eta txostenean jasota dagoela. Eta informazioa jasotzeko ikastetxe guztietara jo dugu, noski. Beti egin izan dugun bezala.

BERRIAn argitaratua (2015/12/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA