bizigiro
INTZA UNANUE
«Olatzekin ikasi dut kantuaz eta musikaz dakidan dena»
Izaro Zinkunegi Barandiaran
Zer da musika zuretzat?
Ume-umetatik poztu nauen zerbait da musika. Orain, ihesbidea ere bada; abestiak idaztea sentitzen duzuna ateratzeko modu bat da.
Eskolan ekin zenion ibilbideari.
Ni beti ispilu aurrean aritzen nintzen kantatzen. 8 urte ingururekin, kanta klaseak zeudela ikusi nuen, eta izena eman nuen. Oso oroitzapen onak ditut: asteazkenetan edukitzen genuen entsegua, eta amari esaten nion: «Asteazkena asteko egunik onena da niretzat».
Olatz Zugasti izan duzu gidari hasieratik. Nor da Zugasti zuretzat?
Kantagintzaren munduan, nire ama. Urte asko daramatzat berarekin; haren bidez sartu nintzen Benitoren taldean ere. Nik Olatzekin ikasi dut kantuaz eta musikaz dakidan dena.
Benito Lertxundiren taldean hasi zinen 14 urterekin. Nolaz?
Aurretik ezagutzen nuen Benito, Olatzen etxera entseguak egitera joaten nintzenetik. Ez nago seguru, baina oso natural izan zen, nahigabe bezala; Benitok abeslari bat behar zuen; probatzera joan nintzen, eta ohartzerako barruan nengoen.
Nolakoa izan zen hasiera?
Gogoratzen naiz berez Orioko kontzertuan hasi behar nuela. Baina, ni lasaitzeko, beste bi kontzertu egin genituen aurretik. Abesti gutxi kantatu nituen, baina jende asko zegoen, eta oso urduri egon nintzen.
Baina jarraitzea erabaki zenuen.
Bolada batean esaten nuen: «Ez dut nahi kontzertuetara joan». Gaizki pasatzen nuen, urduritasunagatik. Baina kantatzen hasitakoan nire munduan sartu eta lasaitu egiten nintzen.
Zer da zuretzat Zugasti eta Lertxundirekin eurekin aritzea?
Orain dela gutxira arte ez naiz ohartu. Benito, oriotarra izanik, betidanik ezagutu dut, baita Olatz ere, nire irakaslea izan da eta. Unibertsitatean hasi nintzenean, klasekoak harritu egin ziren Benitorekin abesten nuela jakitean. Orduan pentsatu nuen zerbait badela haiekin abestea.
Biok oriotarrak zarete. Berezia al da herrian abestea?
Beti da berezia; kontzertu gutxi ematen ditugu herrian, eta garrantzi handiagoa dute. Hasi nintzenetik bizpahiru bakarrik egin ditugu. Urduri egoten naiz, batez ere nik bakarrik abesten dudanean; jendeak badaki nor naizen, eta beste presio bat izaten dut.
Bakarka ere hasi zara orain.
Bat-bateko zerbait izan da. Nire ametsa izan da nire kabuz kantatzea, baina orain arte ez nekien musika tresnarik jotzen. Baneuzkan olerki batzuk idatzita; iaz, ukelelea eta gitarra erosi, eta probatzen hasi nintzen. Halako batean, letra baten aurrean ukelelea jotzen hasi nintzen. Saiatzea pentsatu nuen.
Zer oztopo ditu abeslari emakume gazte batek?
Jendea harritu egin izan da Benitoren taldean musikari guztiak gizonezkoak izanik Olatz eta biok taldean aritzeaz, bai onerako eta bai txarrerako ere.
Txarrerako?
Kontzertuen hainbat kritikatan; bat lotsagarria izan zen emakumeokin: «Hamar musikari eta bi emakume», zioen. Horrek islatzen du gu ez garela musikariak, emakumeak baizik; izatekotan, bigarren mailako musikariak. Horretan nabaritu dut gehienbat. Edo kontzertua bukatu eta «zein ederra zaren» entzutean; ez naiz horretara joaten.