kultura
SAMA ABDULHADI
«Errealitatetik ihes egiteko bide erradikala da technoa»
Andoni Imaz
Beirutera (Libano) joan zen unibertsitatera, eta han topatu zuen musika elektronikoaren eszenak liluratu egin zuen. Soinuarekin lan egin nahi zuela erabaki zuen: ingeniaria egunez, eta DJa gauez. Bihar, Donostiako Gazteszena aretoan ariko da musika jartzen gauerditik aurrera, Dantz jaialdian.
Emakumezko disko jartzaile palestinarra. Bada apurtzailea.
Konplimendua bada, eskerrik asko, eta, bestela, are gehiago poztuko naiz! Baina ea, uste dut apurtzailea dirudiena zera dela, klixe batzuen bat-egitea besterik ez: ni naiz a) musulmana, b) emakumezkoa eta c) gai odoltsuetan besterik aipatzen ez den herrialde batekoa. Batzuetan, sentipena dut jendeak desengainua hartzen duela ni ezagutzean, ez naizelako haiek nahi luketen arabiar zintzoa. Ez dut hijabik janzten, ez dut musika arabiarrik egiten, eta ez, nire aitak ez dauka inolako arazorik egiten dudanarekin. Alderantziz, nire jarraitzaile sutsuenetako bat da.
Eta bai, ordenagailu eramangarri bat daukat, Adidas oinetakoak... Eta ez nintzen gameluz joaten eskolara. Horrek ez nau hain erakargarri egiten? Baietz espero dut! Harro nago espektatiba exotiko horietatik askatu naizelako. Etiketak hor daude, baina identifikatzen nauen lehen gauza zera da, musikaria naizela 2018. urtean. Ez dut erabaki erradikala izatea, ez ditut nire ezaugarriak sustatzen. Nigan daude, baina aurkikuntzei, laguntasunari eta bizi esperientziei esker hasi nuen nire bidea.
Zerk inspiratu zintuen techno musika jartzeko?
18 urterekin ezagutu nuen technoa, Beiruten, eta buruak eztanda egin zidan. Musikan murgiltzen dut nire burua, beste edozein estilorekin baino gehiago. Erritmo kolpe arraroek ez dute zerikusirik musika tresna klasikoekin; ez dute kantatzeko letrarik, ez ezarritako dantzarik, ezta harremanik ere tokiko kulturekin. Interpretazioa erabat irekia da, eta, horregatik, irismen unibertsala dauka.
Zure izenaren alboan sarri ageri da Palestinako lehen DJa etiketa. Aitzindaritzat duzu zure burua?
Deskribapena bi ahoko ezpata dela uste dut. Itsaskorra da, eta baliteke funtzionatzea, baina ni naizenetik eta egiten dudanetik urruti dagoen zerbait ematen du aditzera. Hori esanda, harro nago Palestinakoa izateaz, eszena sustatzeaz eta harrotasun, kultura eta modernitate zentzuaz. Iruditzen zait festa, musika eta technoa diruditena baino politikoagoak direla. Krisi eta gerra garaian, underground eszenek jendea elkartzen dute funtsezko balioen bueltan: denbora pasatu elkarrekin, dantzan, musikan murgilduta. Beldurrez bizitzeari uko egitea da; bizirik irauteari uztea, bizitzeko.
Nolakoa zen Palestinako eszena zu musika jartzen hasi aurretik? Eta nolako bilakaera izan du, bereziki Ramallahen?
Rapa eta hip-hopa ziren nagusi, elektronika pixka bat, baina ez zegoen techno eszenarik. Mugak eta etxeratze aginduak zorrotzak ziren, eta badira oraindik ere; ez da rave baterako toki egokiena. Ni hasi nintzenean ere, jendeak denbora behar izan zuen technoa zer zen ulertzeko. Batzuk eskandalizatuta zeuden! Erabat ezberdina nintzen bertako taldeekiko, musika tresnekiko, ekitaldiekiko. Ironikoki, jendea asaldatzen zuen horrek berak liluratzen ninduen ni: egunerokotik ihes egiteko bide erradikalak. Gaur egungo eszena erotzekoa da; asteburuero aritzen dira mundu osoko DJak Ramallahen, Haifan, Betleemen. Izugarrizko booma dago.
Lurralde gatazkatsu batean hazi zara. Nolako eragina izan du horrek zugan?
Parisera etorri nintzenean konturatu nintzen zenbateko aldea zegoen niretzat bizitza normala zen horren eta Mendebaldean bizitza den horren artean. Frantziako zenbait gauza txikik surrealistak dirudite. Hildako bakar batek asteak ematen ditu tituluetan, eta txakurrek tratamenduak eta glutenik gabeko dietak dituzte. Frantziako lagunak harritu egiten dira ikusita zein natural hitz egiten dudan kartzelan sartu edo hil dituzten lagunez. Denbora eta bizitzeko modua ezberdinak dira. Heriotza ez da samurra, kaka hutsa da, baina ez da beldurgarria ere. Beldurrarekin hazten gara, besterik gabe, eta hari aurre egin behar diogu, beste gauza batzuen artean, festan!
Audio ingeniaria zara egunez, eta DJa eta musika ekoizlea gauez. Baina, gaueko lana gero eta gehiago luzatzen ari da, ezta?
Zalantzarik gabe esatea motz gelditzea da. Zorteduna naiz hainbeste tokitatik deitzen didatelako musika jartzeko. Gelditu gabe ibiltzeak esan nahi du egunotan ez dudala denborarik ez lotarako ez maletak desegiteko. Eta asko eskertzen dut, gainera.