politika
PELLO URIZAR
«Erabaki eskubidea kenduz gero, zail genuke estatus berria babestea»
Jon O. Urain
Zer lehentasun duzue EAk eta EH Bilduk urte politiko berrian?
Ipar Euskal Herria erakusten ari da hegoaldekook ikasi beharko genukeena: posible dela ezberdinen arteko adostasuna. Bide hori jorratuko dugu EH Bairen barruan, pausoak poliki emanez eta emaitzak lortuz. Nafarroan, batzuek diote gutxiegi egin dela. Aldaketa eskatzen duenak bi minututan igaro nahi du 0tik 100era, eta esperientziak esaten digu gizartearen gehiengoak ez duela horrela nabari, eta posible ere ez dela; alkateek legealdi bat baino gehiago behar izaten dute proiektu bat aurrera ateratzeko, eta zer esanik ez horrelako aldaketa bat gauzatzeko. Aldaketan sakontzeak izan behar du helburu; EAk lan egingo du EH Bilduk norabide horri jarrai diezaion.
Mobilizazio handiko hilabeteak izan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zer espero duzue?
Esan genuen legealdi honek erabakiaren legealdia izan behar zuela. Hainbat eremu dauzkagu: emakumeak, pentsiodunak, sindikatuak, beste eragile batzuk, Gure Esku Dago eta Eusko Ikaskuntza, kasu... Eragile politikooi dagokigu sinergiak sortzea esparru horiekin, eta legeak horretara bideratzea. Aurreko urte politikoan, estatus berrirako oinarriak finkatu genituen. Aurrerapauso garrantzitsua izan zen, eta uste dugu bideak hortik joan behar duela.
Orain, aditu talde bati dagokio oinarriekin testu artikulatu bat osatzea. Egibarrek gogorarazi zuen testuari forma ematea baino ez dagokiola batzorde horri.
Eztabaida talde politikoei dagokie. Ekaina eta uztail hasiera oso gogorrak izan dira, atal ugari adostu genituelako. Zirriborroa prest dagoenean, tokatuko zaigu lege proposamen gisa sartzen denean zuzenketen bitartez eztabaidatzea. Baina orain oinarri batzuk daude, eta horiek testu artikulatu batera eraman behar dituzte. Ezin da beste eztabaida bat planteatu; ez dute zilegitasunik horretarako.
Zer giro antzematen duzue EAJn? Hura estutzen ari dira kanpotik eta barrutik, oinarriak moldatzeko.
EAJri hainbat gauza irakurri dizkiot. Izan daiteke etxe barruan errealitate ezberdinak dituztela. Nire susmoa da batzuk nazio ikuspegiarekin jokatzen ari direla, luzera begirakoa, eta hori da guk lehenesten duguna, datozen 30-40 urteetarako marko politikoa osatzen ari baikara; beste batzuk, berriz, koiunturaren arabera ari dira: zer dagoen Madrilen, zer atera daitekeen. Tentazio hori hor dago beti, baina adabaki bat da. Guri esan digute legebiltzarrean hartutako erabakiak Euzkadi Buru Batzarrean onartutakoak direla. Hortik aurrera, Sabin Etxeak erabakitzen badu taktizismoan jaustea, niretzat akatsa litzateke. Guk gerri politikoa izan dugu, mahai gainean jarri ditugu adostasuna erraztu duten formulak, eta filosofia horrekin goaz. Gure helburu gorena lortu ez arren, hobe da herri mailako batzuk lortzea maximalismoetan jaustea eta dena bertan behera gelditzea baino. Adostasuna hemen lortu behar dugu, eta gero Madrilera joan. Gu prest gaude hemen adosteko eta adostutakoa beste esparru batzuetan negoziatzeko.
EH Bilduk baluke marra gorririk EAJk oinarriak berriz negoziatzeko asmorik balu?
Erabakitzeko eskubidea funtsezkoa da. Hor dago gakoa. Erabakitzeko eskubideak markatzen du herritarrek noraino duten eskumena erabakitzeko zer erlazio izan behar duten estatuarekin, euskal herritarron artean nahiz gizarte eredua erabakitzeko. Erabakitzeko eskubidea tiradera batean sartuz gero, guk zail izango genuke estatus berria babestea.
Badago aukerarik galdeketa gaitzailea egiteko?
EAJren proposamena zen, eta ona iruditu zitzaigun. Bete beharrekoa ez bada ere, balioa dauka. Izango den edo ez, betikoarekin egiten dugu topo: legeak zer dioen. Badaude aukerak: estatutuaren moldaketa, galdeketa egiteko eskumena eskualdatzea... Legezko ibilbidea badago, borondate politikoa egonez gero.
Eta borondaterik ez badago?
Guk aukera guztiak aztertu ditugu, eta argi daukagu garaia heltzean erabakiko dugula A, B edo C aukeratzea. Orain ez dugu bizkarrean hartuko beste batzuen arazoa izan daitekeena. Borondate politikorik ez badago, tokatuko zaigu erabaki batzuk hartzea. Guk prozesu bat egin dugu; ate guztiak irekita uzten ditugu, eta norbait ateak itxiz joaten bada, aukera bakarra geratuko zaigu.
Zer iruditzen zaizu Pedro Sanchezen gobernua?
Sanchezek badaki oso tarte txikia duela; gauza bat da oposizioa batzea Rajoy botatzeko, eta beste bat oposizio horri bilduta eustea bere politikak aurrera eramateko. Sanchezek erabaki du bi urteok baliatzea PSOE sendotzeko, erakusteko borondatea duela aldaketak egiteko eta bozak prestatzeko.
EH Bilduri komeni al zaio Sanchezek irautea, presoen auzia konponbidean jar dezan?
Batzuk tematzen dira presoen gaia blokeatzen, egoera anormalari eusteko. Zorionez, Iparraldea beste dinamika batean dago. Zorionez, presoen auziak gero eta pisu politiko txikiagoa dauka. Frantziak erabaki du mugitzea. Legea moldatu gabe, giza eskubideak babesteko neurriak har daitezke, eta uste dut Sanchezek horiek hartuko dituela.
Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Poliziaren biktimen legea aldatzea adostu dute. Babestuko duzue ekintzak ikertzeko helbururik ez duen lege bat?
Komeni da biktima ezberdinekin hitz egitea; tentuz jokatu behar da. Errespetu bera zor zaie biktima guztiei. EAk egiaren batzorde bat sortzea eskatu izan du, argitzeko argitzeke dauden kasuak. Egiaren batzorde batek irakurketa osoa egiten du, alde guztietako biktimena, eta ziur aski batzorde horrek eskatuko luke estoldetako ilun horiek argitzeko, erabaki batzuen errudun politikoak agertzeko. Balio dezala biktima guztiak berdin tratatzeko.
Osasuntsu dago laukoa?
Ez dago 2015ean bezala. Egia da barne gatazkak sortu direla, eta kezka sortzen dute. Harro esan behar da EH Bilduk oso maila altua eman duela, eta erakutsi duela bere interesetatik harago jokatzen. Egia da laukoa osatzen duten alderdi guztiek esan dutela beren helburua adostasunari eustea dela. Entzuten dira zurrumurruak, keinuak daudela PSNrekin, are gehiago Sanchez Moncloan egonda... Guk argi dugu aldaketa erabakitzeko eskubidean oinarritu behar dela, eta orain arte PSNk gehiago babestu du erregimena aldaketa baino. Ez nuke arazorik PSNk 1980ko hamarkadako ikuskerarekin jokatuko balu, baina urteotan ikusi dugu PSNk erregimena babestu duela. Baliteke tentazioren bat egotea, baina jende askok ikusten du PSNrekin gobernatzeak ez duela etorkizuneko proiekziorik.
Hipotesitzat duzue bazkideek PSN lehenesteko aukera?
Guk analisi politiko osoa egiten dugu. Ez dago gure esku, ez baita izango gure bazkidea; orain arte egin duenaren beste muturrean dagoela erakutsi beharko luke. Kudeaketa akordio batetik harago, ez litzateke ezer aterako. Badaude akordiorako gutxieneko batzuk, denon eskuzabaltasunarekin; horiek bermatzea oso zaila litzateke PSNrekin.
Zer moduz Geroa Bairekin, bereziki Maravillas hustu eta gero?
Gertatu dena ez da ona izan; beste modu batzuk daude gauzak egiteko. Esatea hori epaileen esku dagoela... Gero ikusi da salaketa kenduta epaileen ibilbidea bukatzen dela. Hori egin zitekeen aurretik ere. Ez da seinale ona abuztua aprobetxatzea horrelako gauzak egiteko. Ez dakit keinu bat izan den, baina ez du ezer konpondu. Beste modu batera egin behar da, batez ere ikusi denean badaudela beste modu batzuk. Elkarrizketak agian esfortzu eta denbora gehiago eskatzen ditu, baina emaitzak finkoagoak izaten dira. Ez zen erabaki egokia izan.
Baretu al dira urak EAn iazko kongresutik?
Kongresuan argi adierazi zen bi ikuspegi zeudela EH Bilduri buruz. Zilegi da eztabaida: batzuek uste dute hauteskunde koalizio huts bat izan behar duela; beste batzuek uste dugu beste gorputz bat izan behar duela, beste izaera bat. 2009an, konpromiso bat hartu genuen: estatu bat izateko, alternatiba sendo bat eraiki behar genuen, eta hori ez da lortzen koalizio soil batekin. Herri honi beste zerbait eman behar zaio. 2011n, koalizioaren formulak pisua izan zuen, baina eboluzioa behar zuen, eta nik neuk eta alderdiaren gehiengoak uste dugu bide horretatik jarraitu behar dugula, EAren filosofiaren zati handi bat EH Bildun dagoela oraintxe bertan.
Azkoitiko alkartetxearen eztabaidak etxe barruko hautsak harrotu ditu. Zer gertatu da?
Etxe barruko gauzak etxe barruan konpontzen ditugu; arau oso definituak ditugu. Ezagutu genuen garai bat non etxe barruko gauzak hedabideetan eztabaidatzen ziren, eta badirudi zoritxarrez orain ere horretan ari direla batzuk. Ez naiz ni izango. Etxe barruko gauzak kanpora ateratzea ez da egokia kudeaketari dagokionez, baina gainera ez zaio inori interesatzen. Guri eskaintza politiko bat egitea dagokigu.
Udal eta foru hauteskundeak daude maiatzean. Ari zarete zerrendak prestatzen?
Adostuta dauzkagu jada hiriburuetarako, batzar nagusietarako eta Nafarroako Parlamenturako zerrendaburuak; egutegi batekin ari gara, eta prozesua modu natural batean egiten ari gara.
Arazorik espero duzue alderdien kuotekin?
Beti egongo dira tirabirak. Legez, EH Bildu federazio bat da. Alderdietan ere eztabaidak daude, batez ere udal bozetan, ehunka zerrenda osatzen baitira. Ez da soilik EH Bilduren eta EAren arazoa.
Nola helduko da EH Bildu hauteskundeetara?
Oso ongi. PP ahalik eta leku gehienetatik kentzea izango da gure konpromisoa. Erakunde askotan irabaziko dugu, gobernura heltzeko moduan.