mundua
Hirukoiztu egin da Europara iritsi nahian itsasoan hil direnen kopurua
Itxaso Orbegozo Borda
Azken aste eta hilabeteetan Mediterraneoan ibili dira gobernuz kanpoko zenbait erakunde, migratzaileak zeramatzaten txalupak erreskatatu asmoz. Datorren astera arte, ordea, ez da GKE gobernuz kanpoko erakundeen ontzirik ibiliko bertan. Atzo, Matteo Salvini Italiako Barne ministroa «pozik» zegoen ez daudelako ontzi gehiago Mediterraneoan migratzaileen «bizitzak salbatzeko». «Orain ez dago gobernuz kanpoko erakunderik Mediterraneoan. Lan gehiago egin dugu guk hiru hilabetean Alderdi Demokratak bost urtean baino. Aurrera jarraituko dugu beldurrik gabe», nabarmendu zuen. Hala ere, hainbat GKEk ohartarazi dute ontziak Mediterraneora bidaliko dituztela. Proactiva Open Arms GKEak salatu du Europako agintariek babesik gabe utzi dutela itsasoa migratzaileak salbatzeko: «Astebete gobernuz kanpoko erakunderik gabe, berririk gabe: ito diren pertsonak, desagertuak, arriskuan dauden txalupen jakinarazpenak... Giza eskubideak gutxietsita, eta uretan zeuden azken bi ontziak geldiarazita».
Aquarius ontziak 141 iheslari onik lehorreratzea lortu zuen abuztuaren 15ean, eta, berriki, Diciotti Italiako itsas armadaren ontziak 138 lehorreratu zituen Italian, hilaren 26an. Itsasontzi horien lehorreratzeak izan dira azken hilabeteetan EB Europako Batasuneko herrialdeen artean eztabaida gehien sortu dutenak. Aquarius izan zen gobernuz kanpoko erakundeen ontzien artean lehorreratzen azkena, bost egun Maltan porturatzeko baimenaren zain egon ostean. SOS Mediterranee eta MSF Mugarik Gabeko Medikuen ontzia Marsellan (Frantzia) dago orain, itsasoratzeko tramiteak egiten, baina erakundeek baieztatu dute datorren astean Mediterraneora abiatuko dela.
Maltan ere itsasoratzeko baimenaren zain jarraitzen dute Alemaniako gobernuz kanpoko erakundeen bi ontzik. SHM Itsas Salbamendu Humanitarioa Espainiako gobernuz kanpoko erakundeak ere jakinarazi du Aita Mari euskal atunontzia Mediterraneoko erdigunera bidaliko duela irailean.
Azken urteetan, EBko kideek eztabaidagai izan dute migrazio politiken gaineko afera. Europara iritsitakoak herrialdeen artean banatzean sortu diren eztabaiden ondorioz, Mediterraneoko herrialdeek erantzukizun eta konpromiso handiagoa eskatu diete gainontzekoei, baina denak ez daude prest ezarritako kuotak betetzeko.
Maltako Floriana portuan, 100 pertsona lehorreratu ziren hilaren 22an. Ordu batzuk lehenago atzeman zuen Maltako itsas armadak hondoratzear zen txalupa, eta, 100 onik atera bazituzten ere, bi gorpu aurkitu zituzten migratzaileen artean. Maltako Gobernuak gauean eman zien lehorreratzeko baimena. Azken horrekin, Maltako armadak lau ontzi erreskatatu zituen bi astean, eta 310 pertsona salbatu. Hala ere, Italiak eta Maltak konpromisoa eskatu diete herrialdeei lehorreratzeak bermatzeko. Herrialdeen konpromiso falta ikusita, Salvinik lehorreratzeko baimenak ukatzeko politikak eraman ditu aurrera azken hilabeteetan, Maltak zenbaitetan egin izan duen bezala. Horren adibide da Italiako uretan Diciotti itsasontzian astebete kulunka egon ziren iheslarien kasua.
Fiskaltzaren ikerketa
Diciotti-ri baimena ukatu izanagatik, Italiako Fiskaltzak ikerketa ireki zion Salviniri lehorreratzearen egunean, bahiketa, legez kanpoko atxiloketa eta botere abusua egotzita. «Ez naiz kikiltzen mehatxuekin», berretsi zuen Italiako lehen ministroak atzo sare sozialen bidez.