astekaria 2018/08/31
arrowItzuli

mundua

JOSEPH GARCIA

«Kezkagarria da Espainiak betoa izatea akordioa aplikatzeko»

Urtzi Urrutikoetxea

«Kezkagarria da Espainiak betoa izatea akordioa aplikatzeko»

Joseph Garcia (Gibraltar, Erresuma Batua, 1967) Gibraltarko Alderdi Liberaleko burua izan da azken mende laurdenean, oposizioan luzaroan eta koalizio gobernuan 2011tik. Parlamentuko hamazazpi eserlekuetatik hiru dauzkate liberalek, eta sozialistekin eratu zuten gobernu koalizioa. Elkarrizketa gazteleraz ala ingelesez egin zalantzan egon ostean, ingelesez egitea hobetsi du.

Gibraltartarrek masiboki esan zioten ezetz brexit-ari, baina aurrera doa prozesua.

Oraingoz seinale txarrak dira. Kezkagarria da Espainiak aparteko beto eskubidea izatea azken akordioa hemen aplikatzeko. Haserre diot hau: Europako Batzordeak, zigortu beharrean, saritu egin beharko zuen emaitzarik europazaleena izan zuen lurraldea [%95,91k bozkatu zuten ezetz]. Bat gatoz mugaz beste aldeko udalekin, sindikatuekin eta merkataritza ganberekin: inork ez du nahi muga arazorik.

Muga itxiaren memoria oso presente dago hemen.

Espainiak ez zuen muga soilik itxi, baita ferry loturak eta telefono komunikazioak ere. Senideak zatituta gelditu ziren; gogoan dut haurra nintzela jendea oihuka mugan, elkarrengandik 200 metrora. Hala zenekien izeba bat hil edo familian ume bat jaio zela; haurtxoa gora jaso eta erakutsi egiten zuten. Hiri setiatua ginen. Belaunaldi oso batek, nik neuk, ez genuen Espainia zapaldu 16 urte izan genituen arte; ez genuen Espainia ezagutzen muga ireki zuten arte 1985ean.

Gaitasun eskasa gibraltartarrak limurtzeko?

Espainiako klase politikoko sektore batek ez du ikasi lezioa. Gibraltar ez da Espainiarena izan 1704tik, hau da, Estatu Batuak edo Italia edo Alemania estatu gisa eratu baino askoz lehenagotik. Ezin duzu denboran atzera egin. NBEko deskolonizatu beharreko zerrendatik irteteko herritarrek autodeterminazio librea behar dute.

Espainiarentzat, Gibraltarrek ez du eskubiderik. Uste du britainiar kolonia izateari utzi beharko liokeela espainiar kolonia izateko, edo, are okerrago, bien kolonia. Erresuma absolutistetan, errege batek besteari lurraldeak ematen zizkion, baina ez gaude XVIII. mendean, eta gure subiranotasunaz ezer esan behar bada, geure hitzak dauka garrantzia.

Zer ondorio izan dezake brexit-ak ?

Guretzat, jendearen mugimendua da eztabaida. Espainian bizi diren 13.000 lagunek egiten dute hemen lan; Espainiaren mugaldeko BPGaren %25 da Gibraltar. Gure enpresek 450 milioi euroren erosketak egiten dituzte Espainian; esaterako,handik datoz eraikuntza material guztiak. Gibraltar ez da sekula aduana batasuneko zati izan; guk inportazioak zergapetzen ditugu, Espainiatik zein Erresuma Batutik sartu. Gure onerako izan da EBren legeak ematen digun babesa. Orain, baliteke babes hori galtzea. Badakigu muga korapilatsu bat ez dela inoren interesekoa; konponbide irudimentsu eta onargarriren baten bila ari gara. Adibidez, Schengenen eta mikroestatuekin (Andorra edo San Marinon) gertatzen diren bidaiatzeko gune komunak egotea. Aukera guztiak aztertuko ditugu, eta, borondatea baldin badago, egongo da konponbidea.

Imajina dezagun Jeremy Corbyn Downing Streeten. Historikoki izan duen diskurtso antiinperialistarekin, gerta liteke Gibraltarrez libratu nahi izatea?

Eskoziak, Ipar Irlandak edo Espainiako edozein autonomiak baino autogobernu handiagoa dugu. Zergak igo ditzakegu inork muturrik sartu gabe. Eta konstituzioan ere oso argi dago ez dela aldaketarik egongo Gibraltarre n subiranotasunean herriak argi eta askatasunez adierazitako borondate demokratikoaren aurka. 2006an are berme handiagoa lortu genuen; Erresuma Batuak hitz egin ere ez du egingo gaiari buruz Espainiarekin gure oniritzirik gabe.

Tony Blair (1997 eta 2007 artean lehen ministro izandakoa) saiatu zen, hala ere.

1967an, Francoren ala Erresuma Batuaren artean erabaki genuen. 2002an, ez genuen Espainia soilik izan aurka; Londresek ere esan zigun legez kanpokoa zela. Baina aurka egonda ere, ez zuen eragotzi. Herritarren %98k uko egin zioten subiranotasuna partekatzeari. Oso garrantzitsua izan zen gure garapen konstituzionalerako, aurre egin geniolako, Espainiari ez eze, beti babestu gintuen baina guk nahi ez genuen zerbait egin zuen Erresuma Batuari.

Espainiak beti du begi bat zuekin, baina bere barruan ere baditu lurralde arazoak. Askok arretaz jarraitu diote Kataluniakoari.

Konstituzionalki oso desberdin gaude; NBEk ere saltwater test-a darabil koloniak aipatzerakoan; itsasoz haragoko lurraldeak. Baina ikuspegi demokratiko soil batetik, zur eta lur gelditu ginen ikusita nola jipoitu zuten jendea Europan erreferendumaren egunean. Halakoak elkarrizketan eta elkarlanean konpondu behar dira, ez jendearen aurkako indarkeriaz. Ez dut beste herrialde baten barne arazoetan sartu nahi, baina ikusita nola jokatu zuen Erresuma Batuak Eskoziako erreferendumean, uste dut lezio batzuk har litezkeela.

BERRIAn argitaratua (2018/08/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA