astekaria 2018/08/31
arrowItzuli

kultura

MARIELLE LABEQUE

«'Amoria' ez da piano bakarlarien luzimendurako proiektu bat»

Amagoia Gurrutxaga Uranga

«'Amoria' ez da piano bakarlarien luzimendurako proiektu bat»

Entsegu osteko bazkaria bukatu berri hartu du telefonoa Marielle Labequek (Baiona, 1952). Katia ahizparekin (Baiona, 1950) ondu du Amoria (Deutsche Grammophone) diskoa. Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburuko bertso batzuetatik hartu dute proiektuaren izenburua, eta bihar aurkeztuko dute Kursaal auditoriumean, Musika Hamabostaldiaren barruan, 20:00etan hasita. Donostiako emanaldiarekin hasitako biran, Gasteiz, Donibane Lohizune, Bilbo, Blanhac (Okzitania) eta Iruñea bisitatuko dituzte urtea bukatu baino lehenago. Datorren urteko apirilaren 5ean, berriz, Parisko Phillarmonien joko dute.

Biharko kontzertuan, diskoan bezala, Hegiak boskotea, Carlos Mena kontratenorea, Easo Eskolania eta Elena de Murgia viola da gamba jolea izango dituzte lagun. Denen artean aletuko dituzte euskal musikan zeharreko bidaia berria, musika tresna eta melodia herrikoiak eta klasikoak uztartuz.

Ostiraletik salgai duzue Amoria diskoa, eta Donostian aurkeztear zaudete. Kontzertuak inoiz ez dira soilak, baina biharkoa ez da kontzertu soil bat, proiektu handi bateko urratsa baizik.

Amoria proiektu berezi bat da, bai. Euskal Herrira itzultzen ari gara ahizpa eta biok, eta ederra da gure bizitzetako memento honetantxe halako zerbait egitea, euskal musikaren historiari begiratzea. Ez da lan erraza izan, memento eta toki desberdinetan egin behar izan baitugu grabaketa. Iazko udan Azkoitiko [Gipuzkoa] Santa Kutz komentuan grabatu genituen Easo Eskolaniako haurrak; Erromako gure estudioan ere aritu gara grabatzen; eta Elkarren Donostiakoan ere bai. Musika asko ikusi behar zen, gainera, hautaketa egiteko, eta hautatutakoa, gero, moldatu egin behar zen. Eromena izan da. Hainbat pertsona aritu dira horretan ere. Talde lana izan da erabat, eta hori bera ederra da oso. Sorpresak ere izan dira: aurkitu ez dugu, bada, bi pianorako idatzitako fandangoren bat!

Hautaketa hori egitean, Thierry Bizkari ezinbesteko makulu izan omen duzue.

Bai. Hark eraman gintuen Eresbilera, musikaren euskal artxibora. Haren bitartez, musika pieza asko izan dugu esku artean. Probatzen aritu gara, baten soinua eta bestea.

Hegiak taldearekin.

Bai. Bakoitza, berean, oso ona da talde horretan. Thierry bera, Oreka TXko txalapartariak [Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte], Eñauten [Elorrieta] ahotsa, Anderren [Zulaika] atabala-eta... talde zoragarria osatzen dute denen artean. Harrigarriak dira benetan. Konpaktatu egin dira, gainera. Lan asko egin dugu, eta hauxe genuen lan horri ekiteko tenorea. Oso-oso pozik gaude. Carlos Mena eta Elena de Murgia ere ez nituzke ahaztu nahi, jakina.

David Chalmin izan duzue produktore lan honetan ere.

Bai. Bi estudio dauzka, bat Parisen eta bestea Erroman, eta Senpere ondoan beste bat sortu du, LFO. Hor egin ditugu kontzerturako entseguetako batzuk ere. Estudio berri hori oso handia da, sabaia oso goian dauka, eta Easoko haurren ahotsak lehen aldiz han entzun nituenean, negargura sortu zitzaidan, hain hunkigarria zen haien kantaera eta soinua.

Aspalditik dator proiektua. Zeuk esan duzu duela urtebete ari zinetela lehen grabaketak egiten, eta duela bost urte, Oreka TXkoekin-eta Animalien Ihauteria aurkeztu zenutenean, euskal musikaren hiru mende proiektu bakarrean biltzeko asmoa agertu zenuten. Azkenean, sei mende izan dira.

Bai, pixka bat luzatu zaigu [barreak]. Lan handia eskatu digu, musika asko irakurri dugu, eta aberasgarria izan da oso. Kalakan-ekoen haustura ere egon da tartean. Thierryk taldea utzi zuen, eta bera izan da gure itsumutil nagusia honetan, baina Carlos Menak ere egin ditu bere proposamenak barroko-erdiko piezetarako, kantatzeaz gain. Gehiago gara daiteke ideia; pieza asko geratu zaizkigu kanpoan eta musika mordoa ikusiko nuke berriz ere, baina oso gustura nago osatu dugun pieza multzoarekin. Ideia bera da interesgarriena.

Badira proiektu honetarako propio sortutako lanak, gainera: Bizkariren Elurra Iruñan eta Alberto Iglesiasen Le Charme Discret aux Arbres.

Bai, eta azken hori, Iglesiasena, bereziki zaila da. Carlos Menarentzat propio egin du, eta Carlosek dena kanta dezakeenez, hain ona denez... Egin ohi dugunetik ateratzen gaitu, nahi baduzu, baina beti dago ondo bizirik dagoen konpositore baten lana jasotzea ere. Musikaren soka ez dela eten azaltzeko, diot.

Gauza bat nabarmendu nahi nuke: Amoria ez da piano bakarlarien luzimendurako programa bat; izugarri ederra da, baina. Carlosen, Thierryren eta Eñauten ahotsak nahastean sortzen dena hain da hunkigarria... Mundu diferenteetakoak dira, eta nahasketa horretatik lilura sortzen da.

Ahotsak bakarrik ez, musika munduak eta hizkuntzak ere nahasten dira diskoan. Kontzertuan ikusiko dugu jendeak nola hartzen duen hori guztia. Kontzertu horretarako propio prestatu dugu, gainera, diskoan sartu ez dugun [Jesus] Guridiren Ave María. Easoko umeekin arituko gara. Kantu horrek haurtzaroa dakarkit gogora, gure aitak euskal ahotsak asko maite zituelako eta gozatu egiten zuelako halakoak entzutean. Pena handia dut aita ez dagoelako hemen, proiektu hau ezagutzeko.

Maitasunari egiten dio erreferentzia Amoria izenburuak. Ahizpak eta zuk krisirik izan al duzue hainbeste urte dirauen musikari ofizioarekiko maitasunari bikote artistiko gisa eustean?

Beti daude tentsioak, jakina, ekidiezinak direlako, baina ahizpak eta biok beti aurkitzen dugu konponbidea. Aurkitu nahi dugulako. Gure artean maitasuna badagoen seinale. Ofizioarekiko maitasunari, berriz, jende desberdinarekin eta proiektu desberdinetan lan eginez eusten diogula esango nuke. Errutinari ihes egiteko modu bat da. Proiektu berri bakoitzak indarberritzen gaitu. Poulencen kontzertuari eutsi izan bagenio betirako, nire ustez, ez geundeke hemen. Hala ere, uste dut gure arteko tentsio une gogorrenen garaiak gaindituak direla. Ia 50 urteren buruan, pentsatzen dut urte gehiago ere egin ditzakegula elkarrekin, eta ume nintzenean ez nuen hala ikusten. Balio handia ematen diot egun gure artean daukagunari.

Ravel maitatzeari utziko al diozue sekula? Amoria-n ere haren bi pieza sartu dituzue.

Ezinezkoa da Ravel maitatzeari uztea. Artista izugarria zen. Eta euskalduna. Eta Euskal Herriarekin maiteminduta zegoen.

BERRIAn argitaratua (2018/08/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA