astekaria 2018/08/31
arrowItzuli

gizartea

ANA ISABEL FERNANDEZ BEDOIA

«Oso arriskutsua da egunero zazpi ordu baino gutxiago lo egitea»

Ibai Maruri Bilbao

«Oso arriskutsua da egunero zazpi ordu baino gutxiago lo egitea»

Norbere ohera sartu, eta, gehienera, hogei minuturen buruan loak hartu, eta zazpi eta bederatzi ordu artean lo egin. Ana Isabel Fernandez Bedoia (Bilbo, 1965) Gurutzetako ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) neurofisiologoaren arabera, hori da lo ondo egitea. EHUren udako ikastaroetan azaldu ditu haren ezagutzak.

Zer da loa?

Gizakiak duen funtzio fisiologiko bat da, esna egon ahal izateko beharrezkoa. Loaren helburua ez da soilik atseden hartzea. Adibidez, egun osoan ikasi dugun guztia burmuinean txertatzeko ezinbestekoa dugu. Baita egunez sortu ditugun toxinak kanporatzeko ere. Loa buruarentzat da: gorputzak eserita ere har dezake atseden. Baina buruak atseden hartzeko ezinbestekoa dugu kontzientzia galtzea.

Zer da lo txarto egitea?

Kontu bi bereizi behar dira: lo gutxi egitea eta insomnioa. Lo gutxi egitea da guk loari orduak kentzea, egunez gero eta gauza gehiago egin nahi ditugulako. Gizarte industrializatuetan gero eta ohikoagoa da. Baina lo faltak luzera osasun arazoak sortzen ditu: eritasun kardiobaskularrak sortzen ditu, diabetesa, hipertentsioa. Egunero zazpi ordu baino gutxiago lo egitea oso arriskutsua da. Zenbat eta lo gutxiago egin, bizitza itxaropena orduan eta laburragoa da.

Eta insomnioa da...

Lo egiteko zailtasuna. Bi modutakoa izan daiteke: loak hartzea kosta egiten zaigula, edo loak hartu ondoren sarri esnatzen garela.

«Oheratu naizen baino nekatuago jaiki naiz». Zer gertatu da?

Mikroiratzartze asko eduki dituzula. Mikroiratzartzeak gu ohartu gabe gertatzen dira, oso laburrak direlako. Baina lo sakona eragozten digute, eta ez dugu atsedenik hartzen. Normalean apneak edo atsedenik gabeko zangoen sindromeak eragindako iratzartzeak izaten dira.

Zer dira parasomniak?

Lo gaudela ditugun jokaera aldaketak dira. Jokaera aldaketak askotarikoak izan daitezke. Sexuari edo elikadurari lotutakoak, adibidez. Lo daudela jaiki eta esnatu gabe jaten hastea izan daiteke, adibidez. Edo harreman sexualak edukitzea. Berez, lo daude, baina iratzarririk daudela dirudi. Kasu arinenetan ez dira ohetik jaikitzen, baina ametsetan irudikatzen duten hori antzezten dute nolabait: oihuka has daitezke, ukabilkadak ematen... Alboan norbait badago lotan, arriskutsua izan daiteke.

Loa eragozten duten arazo horiek guztiek konponbidea dute?

Batzuek, oso erraza. Loaren higienea zaintzearekin nahikoa da, ohitura batzuk aldatzearekin. Estresa saihestu behar da. Sendagairen baten ondorio bada, sendagaiz aldatu. Beste batzuek tratamendua behar izaten dute, eta komeni izaten da pazientearen bilakaera gertutik jarraitzea. Izan ere, parasomnia batzuetan, loaren REM zikloarekin lotutakoetan, adibidez, ohartu gara eritasun neurodegeneratiboak iragartzen dizkigutela. Parkinsona agertu baino hamar urte lehenago agertzen dira loaren nahasmendu horiek, adibidez.

Zer dira ametsak?

Jarduera kognitiboak dira. Beti egiten dugu amets, baina normalean ez gara gogoratzen. Egun osoan egin dugunaren osaketa dira, baina modu orokorragoan. Horregatik dira nahasiak, dena nahasten dugulako. REM zikloan ametsak osatuagoak dira, garatuagoak; beraz, ziklo horretan esnatzen garenean, hobeto gogoratzen ditugu ametsak. Egunean egin dugunarekin lotuta egoten dira. Beraz, egunez estresatuta egon bagara, ametsean ere hori sentituko dugu, eta amesgaiztoa izango da. Normala da amesgaiztoak edukitzea. Ez zaie garrantzirik eman behar, ez bada loa galarazten digutela.

Lotarako pilulen kontsumoak gora egin du.

Ez joan gimnasiora arratsalde bukaeran, lotarako eta esnatzeko ordutegi finkoa eduki astelehenetik igandera, ez erabili gailu elektronikoak lotara joan aurreko ordubetean, ez ibili kezkak buruan bueltaka... Ohitura aldaketa txiki horiek egin baino errazagoa da pilulak hartzea.

Siesta: bai ala ez?

Siestak kalte egiten badizu, ez. Eta on egiten badizu, hogei minutu baino gehiago, ez. Bestela gauean arazoak izango dituzu.

BERRIAn argitaratua (2018/08/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA