astekaria 2015/12/24
arrowItzuli

kirola

«Pisuzko» jokalariekin

Pello A. Zuazo

«Pisuzko» jokalariekin

«Deialdiak argi erakusten du lehiatzeko gogoz goazela, pisuzko jokalariak daramatzagula», hala aurkeztu zuen atzo Jose Mari Amorrortu gizonezkoen euskal selekzioko hautatzaileak Kataluniaren aurkako lagunartekoa jokatuko duten jokalarien zerrenda. Egunarekin egon diren arazoak tarteko, Lehen Mailako taldeetan minutu gehien jokatzen duten jokalariak falta zitezkeela zabaldu zen, baina, azkenean, ez da halakorik gertatu. Emakumezkoen selekzioko deialdia ere atzo aurkeztu zuten. Bi partidak larunbatean jokatuko dira, Bartzelonan.

Gizonezkoen deialdiari dagokionez, Athleticeko hamar futbolarik bidaiatuko dute Bartzelonara, asko ohikoak hasierako hamaikakoan: Iraizoz, Boveda, Etxeita, Balentziaga, San Jose, Mikel Rico, Eraso, Susaeta, Aduriz eta Muniain. Aurtenetxe ere deitu dute; zornotzarra Athleticek utzita Tenerifen jokatzen ari da. Javier Eraso gaztearentzat lehen partida izango da euskal selekzioarekin. Adurizentzat eta Iraizozentzat, berriz, hamargarrena.

Realetik, berriz, Agirretxe, Ansotegi, Yuri Berchiche, Markel Bergara, Illarramendi, Iñigo Martinez eta Xabi Prieto deitu dituzte. Eibarretik Ander Capa eta Asier Riesgo joango dira, eta Osasunatik, Roberto Torres. Gaizka Toquero Alaveseko golegilea ere zerrendan sartu dute. Ingalaterra, Frantzia eta Alemaniako ligetan jokatzen duten euskal futbolariek ezingo dute jokatu. Xabi Alonso edota Mikel Artetaren hutsunea aipagarria da.

Gizonezkoen partida 21:30ean jokatuko da, Camp Noun. Partidaren egunak buruhauste asko eman dizkio Euskadiko Federazioari. Abenduaren 27an, igandean, jokatzea zen hasierako asmoa, baina federazioak indar egin du larunbatera pasatzeko. «Zalantzak zeuden egunarekin, eta arduratuta geunden. Baina Kataluniako Federazioarekin ados jarri gara», azaldu zuen Mikel Etxarri hautatzaileak. Jokalari onenak eramatea zen asmoa, eta igandea ez zen egunik aproposena. Lehen Mailako taldeek ligako partidak dituzte hilaren 30ean, eta 27an jokatuta deialdian sartzen ziren jokalariek tarte gutxi izango lukete prestatzeko. Taldeek kezka adierazi zioten federazioari, eta, azkenean, lortu dute adostasuna.

Etxarrik argi utzi nahi izan zuen Kataluniaren aurka «parez pare» indarrak neurtzera doazela: «Lehiatzera goaz. Kontuan izanik aurreko hiru partidetan berdindu egin dugula, irabazteko ordua iritsi da». Amorrortuk ere iritzia eman zuen: «Camp Nou agertoki paregabea da garaipena lortzeko. Gure zaleak gogobete nahi ditugu. Punta-puntako taldeak prestatu ditugu».

Hutsune esanguratsuak

Emakumezkoen selekzioaren partida 18:45ean jokatuko da, Miniestadin. Juan Jose Arregi eta Jesus Mari Rodriguez hautatzaileek hemezortzi jokalari deitu dituzte. Horietatik zazpik lehen aldiz jokatuko dute selekzioarekin, eta hutsune esanguratsuak daude. Besteak beste, Iraia Iturregi Athleticeko jokalaria ez dute deitu, ezta Ane Bergara eta Leire Landa Bartzelonakoak ere.

Athleticetik Yulema Corres, Nekane Diez, Vanesa Gimbert, Garazi Murua, Irene Paredes eta Ainhoa Vicente deitu dituzte. Realetik, berriz, Leire Baños, Aintzane Encinas, Nahikari Garcia, Manuela Lareo eta Sandra Ramajo; eta Oiartzunetik, Estibaliz Bajo, Ane Mugarza eta Itxaso Nabaskues. Euskal Herritik kanpoko taldeetako jokalariak ere egongo dira. Ajax Amsterdametik etorriko da Elixabete Sarasola atezaina, eta Logroñotik, Andrea de la Nava. Naiara Beristain Valentziakoa eta Marta Unzue Bartzelonakoa ere deialdian sartu dituzte.

Bi selekzioetako jokalariak Lezamako kirol instalazioetan elkartuko dira larunbatean, 09:00etan. Bartzelonarako bidaia elkarrekin egingo dute, hegazkinez, eta gauean ere elkarrekin itzuliko dira Gasteizera. Horrek ostegunean euren taldeekin entrenatzeko aukera emango die. Egunean bertan bidaiatu eta jokatzea oso ohikoa bihurtu da eliteko taldeen artean. Kataluniako selekzioari dagokionez, bihar aurkeztuko du deialdia. Bartzelonako hainbat jokalarik dagoeneko baieztatu dute jokatuko dutela. Jendetza espero da estadioan, abenduaren 26a jaiegun handia baita Katalunian.

BERRIAn argitaratua (2015/12/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA