mundua
JUSTINA AGERRE
«Gatazka egoeretan baliteke ospitaleak hutsik egotea»
Itxaso Orbegozo Borda
Zenbaterainoko eragina du gatazka egoerak gizarte baten osasunean?
Erabatekoa: guztiz aldatzen du egoera. Ez duzu behar besteko segurtasunik etxetik ateratzeko; asko beldur dira. Lehenengo, beharra sortu behar zaizu ospitalera joateko; gero, hara iristeko baliabideak behar dituzu; baliteke errepideak existitu ere ez egitea, eta, behin iritsita, ospitalean medikuek egon behar dute; gatazka egoeretan baliteke ospitaleak hutsik egotea. Beraz, prozesua oso kaltetuta egon daiteke.
Afrikako emakumeek pairatzen duten arazo nagusietako bat ablazioa da.
Bai, kasuak egunero ikusten ditugu, baita Ekialde Hurbilean ere. Badaude ablazio oso gogorrak non emakumeei klitoriaz gain ezpainak ere kentzen dizkieten, eta ondoren josi egiten duten ingurua, zulotxo bat soilik utziz. Bertatik hilekoa eta pixa ateratzen dira. Noizbehinka ikusten ditugu halakoak. Badaude beste leku batzuk non klitoria bakarrik kentzen duten, edo ezpainak. Halako kasu asko ikusten ditugu. Ezpainak mozteko kirurgia hemen ere egiten da; oso modan dago. Batzuek txikiagotu egin nahi izaten dituzte estetikoagoak iruditzen zaizkielako. Hori ere ablazioa da; kontua da guk kirurgia estetiko deritzogula eta Afrikan ablazio izena hartzen duela.
Zein dira emakumeen gaixotasunik ohikoenak?
Emakumeak etxean erditzen dira, eta, askotan, oso bakartuta dauden herrixketan. Konplikazio ugari sor daitezke horrelako egoeretan: batetik, erditu eta odoletan has zaitezke; bestetik, haurra pelbisa baino handiagoa izan daiteke, eta ezin aterata gelditu; beraz, emakumeak orduak edo egunak eman ditzake erditzen. Orduan, umetokia puskatu egiten da, eta barruan husten da odola. Beraz, umea hil egiten da, eta, ondoren, emakumea. Beste batzuetan, erditzea lortzen dute, baina infekzio bat sortzen zaie, eta egunak ematen dituzte ospitalera joan gabe. Askotan, oso egoera txarrean iristen dira, eta ezin izaten dugu ezer egin. Dena gaizki egiten da, dena berandu.
Odola aipatu duzu. Nola bizi dute hilekoa leku horietan?
Hilekoaren arazorik handiena baliabide falta da. Pentsatu behar dugu munduaren gehiengoan kuleroak ez direla existitu ere egiten; zer esanik ez konpresak, tanpoiak eta kopak. Orduan, zer egiten du 13 urteko neska batek hilekoarekin dagoenean? Etxean gelditzen da amaitzen zaion arte. Nola joango zara eskolara edo kalera kulerorik ere ez baldin badaukazu? Ezin zara garbitu momentu oro, ezin zara lasai ibili, eta, beraz, hilero astebetez ez dira eskolara joaten. Txorakeria dirudi, baina konpresak eskuragai izateak askatasun handia ematen du nahi duguna egiteko.
Tratu txarrak pairatzen dituzten emakumeekin lan egiten duzue.
Bai, ikusten dugu leku batzuetan harremanak ez direla horren sanoak bikotekideen artean. Denetik dago, baina hemen ere ikusten dira. Hezkuntzan oinarritzen da: zailagoa da zerbait kontatzea berez ondo ez dagoela ez badakizu. Etxean ikusten duguna normala da guretzat, eta ikusitakoa egiten dugu.
Antisorgailurik ez izatearen arazoa ere hizpide izan ohi dugu.
Gehienek ezagutzen dituzte; arazoa da ezin dituztela lortu. Ez dakite non erosi, inork ez dizkie errezetatzen... Halako produktuak lortzea aberatsen esku dago soilik. Batzuek ez dituzte hamar ume eduki nahi, baina ezin diote erremediorik jarri. Arazoa da ume asko hiltzen direla; emakume batek bost ume hezi nahi baditu, hamarrez erditu beharko da. Kulturaren araberakoa da familia handiaren edo txikiaren ideia.
Argentinan jaio zinen. Han, atzera bota dute abortuaren legea.
Oso gai delikatua da. Estatu bakoitzak bere legeak ditu; gehienetan, bortxaketa eta malformazio kasuetan onartzen dira abortuak. Emakume batek ez badu askatasunik abortu seguru bat egiteko, baina, erabaki hori hartu badu, egingo du. Arazoa da zer egoeratan egiten duen; askotan etortzen zaizkigu odoletan, ustez nola egiten den dakien norbaitek abortatzen lagunduta, infekzio batekin. Abortuak leku guztietan egiten dira. Bangladeshen, esaterako, emakumeek abortatzeko pilulak hartzen dituzte, baina hilekoa erregulatzeko pilula deitzen diete. Oso ongi dakite zer diren, baina leunagoa da horrela deitzea. Legalaren eta ilegalaren arteko muga estu horretan, gisa horretako mila kasu daude munduan. Gizartearen onarpenean oinarritzen dira. Nire ustez, Argentinan atzera bota duten legeak ez du errealitatea islatzen: abortuak egiten ziren, egin dira, eta egingo dira.