gizartea
Maravillas eta Bardea
Martxelo Otamendi
Nafarrenak izan eta nafar erakundeen esku ez dauden ondasunen zerrenda egiten hasita, zein lekutan egongo litzateke Maravillas gaztetxea hartzen duen jauregia, zerrenda hori merkatu prezioaren arabera egingo bagenu? Oso atzean, oso behean, zerrenda osatuko luketen ondasun lapurtuak edota okupatuak kontuan edukita. Ez da zaila asmatzea zein ondasunek hartuko lukeen lehen postua: Bardeak.
Demagogia ariketa litzateke Nafarroako Gobernuari eskatzea foruzainak bidaltzea Bardeara eta Espainiako armada handik kanporatzearekin batera praktika militarreko eremua erabat ixtea. Baina horretaraino iritsi gabe, logikoa al da nafarren ondasun interesak horren sutsuki defenditzen dituen Nafarroako Gobernuak arreta handiagoa jartzea Maravillas gaztetxeari, Bardeako okupazioari eta txikizioari baino? Zergatik? Maravillaseko gazteak baketsuak eta indargabeak direlako eta Espainiako armada indartsua delako?
Prentsaurreko eta adierazpen publiko gehiago egiten ditu Nafarroako Gobernuak Maravillasi buruz Bardeari buruz baino. Maravillas huts zezaten salaketa auzitegian jarri duen gobernuak zergatik ez du auzitegi berean jartzen Bardea husteko salaketa? Babesa ez zaio faltako, baita egunotan borra kolpeak jaso dituzten gazteena ere; ez, aitzitik, gobernuaren jarrera txalotu duten alderdiena.
Okupazioa, benetako okupazioa, Bardean gertatzen da, eta hori Solanak badaki. Baina isilik dago.