astekaria 2018/08/24
arrowItzuli

kultura

Materialekin hartu-emanean

Ane Eslava

Materialekin hartu-emanean

Karlos Martinez eta Javier Arbizu eskultoreak Jorge Oteizaren obraren parte bihurtu dira Macla, mamua, bismuto, vicario proiektuan. «Eskultorikoaren eta objektualaren arteko loturak» aztertuz, Oteizaren lanera gerturatu dira, eta erakusketa bat osatu dute lortutako emaitzarekin. Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak eta Altzuzako Oteiza Museoak antolatu duten Hazitegia egonaldi programan egin dute interbentzioa, eta azaroaren 30era arte egongo da ikusgai Oteiza Museoan (Nafarroa). Erakusketa antolatzeko, La Caixa Fundazioaren eta Nafarroako Kutxa Fundazioaren lankidetza izan dute.

Karlos Martinezek eta Javier Arbizuk orain dela hiru urte ezagutu zuten elkar, egonaldi artistiko batean. Ikusita biek antzeko interesak, kezkak eta erreferenteak zituztela, elkarlanean hastea erabaki zuten. Interbentzio txikiak sortzen hasi ziren, beraiek Oteizaren obraren elementuak bihurtzeko asmoz. Materialen berezko ezaugarriak aldatuz, «eskultorikoa eta objektuala» lotzea eta «arteari lotutako esanahi berriak» bilatzea zuten helburu.

Bide horri jarraituz, iaz ikerketa eta produkzio egonaldi bat egin zuten Uharte zentroan: Hazitegia programaren lehenbiziko egonaldia. Programa horren bitartez, Altzuzako Oteiza Museoa eta Uharteko Arte Garaikidearen Zentroa elkartzea dute helburu, bai eta sorkuntza garaikidetik Oteizaren obrari buruzko gogoeta gune berriak sortzea ere.

«Egonaldi hori erabili genuen bilerak egiteko eta hitz egiteko; bai gure artean, bai beste agente batzuekin», azaldu du Martinezek. Besteak beste, gorputzaren eta arkitekturaren arteko mugak bilatu eta eskala humanoaren eta objektuen arteko harremanen inguruan gogoeta egin zuten. Horrela, proiektu bat definituz joan ziren, eta hazi horren lehenbiziko fruituak Madrilgo Uharte zentroan jarri zituzten, egun bakar batez: otsailaren 17an.

Orain, programa horren bigarren atala Oteiza Museora eraman dute. Martinezek nabarmendu du «zabala» dela Macla, mamua, bismuto, vicario proiektua: «Egitasmoari ekin genionean, ez genuen amaierarik zehaztu, eta bidean fase asko igaro ditugu».

Maklaren ideiatik abiatuta

Interbentzioaren abiapuntua maklaren ideia da, eta Oteizaren izen bereko obra multzoarekin lotuta dago. Martinez: «Makla seriea oso garrantzitsua izan zen Jorgeren [Oteiza] ibilbidean, baina zaila da horra sartu ahal izatea, obrak ulertzeko ikusten denaz harago joan beharra dagoelako. Horregatik, pentsatu genuen gu, orain gauden tokitik, agian horietara sar gintezkeela». Obrak laborategian ikustea esperientzia «enbrionarioa» izan zela gaineratu du.

Bestalde, bismutoaren presentziak ere indar handia du erakusketan: forma geometrikoetan kristaltzen den minerala da, eta horrek sormen prozesuan «nolabaiteko autonomia» ematen die materialei, Martinezen hitzetan. Gainera, galdategi batera joan behar izan gabe minerala haiek landu ahal izateak materialarekin elkartzea eta negoziatzea ahalbidetu zien. Bismutoarekin lotuta, «jositako gorputzaren» eta «ase gabe dagoen eskulturaren» ideiak ere landu dituzte; hain zuzen, Oteizak proposatzen zituen ideiak.

Mamuari dagokionez, eskultoreak esaten zuen bere lantokian eta proiektuetan beti zebilela mamu bat. Martinezek ziurtatu du haiek ere sentsazio hori dutela: «Mamuaren ideia lotzen dugu energiarekin, fantasiarekin, fedearekin, askatasunarekin, denboraren joanarekin... Kontrolatu ezin dugun aldea da, edo azalpenik ez duena».

Azkenik, bikarioaren kontzeptua ere erabili dute: hitz horrek erreferentzia egiten dio absente dagoen beste objektu baten funtzioa egiten duen objektuari, uste baitute objektu guztiek beste espazio batzuk okupa ditzaketela.

Bizitza dago narriaduran

Aulki bat, motor bat, apurtutako kristal bat, lanpara bat, metalezko hodi bat... Erakusketan eguneroko objektuek hartzen dute protagonismoa. Hainbat arrazoirengatik aukeratu dituzte: «haien formatuarengatik, funtzioarengatik, aurarengatik...». Orotara, hamazazpi piezak osatzen dute interbentzioa, eta museoko hainbat espaziotan banatuta daude, batzuk eraikinaren kanpoaldean.

Sormen prozesuan Martinezek eta Arbizuk ez dute gelditu nahi izan objektuek denborarekin izaten duten hondatzea eta eraldatzea, Oteizaren lan egiteko moduari keinu bat eginez. Narriadura horretan «bizitza» ikusten dute haiek, «ezerk ez baitio denboraren joanari ihes egiten».

Bestalde, egileek ez dute proiektua ulertzen soilik obra multzo baten erakusketa gisa: uste dute interbentzioa osatzen duten piezetako bakoitzak aktibatu egiten duela okupatzen duen espazioa. Gainera, izen bereko argitalpen batekin osatu dute erakusketa: egitasmoaren baitan egin dituzten bi interbentzioen argazkiak agertzen dira, bai eta Rosa Lleó Green Parrot plataformako komisario eta zuzendariak idatzitako testu bat ere. Azaroaren 30era arte egongo da ikusgai, eta, irailaren 15ean, publikoak aukera izango du erakusketa Martinez eta Arbizurekin bisitatzeko.

BERRIAn argitaratua (2018/08/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA