astekaria 2018/08/24
arrowItzuli

kirola

Ez zen espero halakorik

Laurentzi Garmendia

Ez zen espero halakorik

Kito. Amaitu da sasoi erdian 1 Formulako Munduko Txapelketak izan ohi duen hilabeteko etenaldia. Autoen motorrak aurki entzungo dira berriro, asteburu honetan ekingo baitzaio berriz ere lehiari, Belgikan, Spa-Francorchampseko zirkuituan. Hamabi lasterketa jokatuta, Lewis Hamilton (Mercedes) da lider, 213 puntu lortuta. Egungo txapeldunak, hala ere, ezin du deskuidatu azken txanpan, gertu baitu Sebastian Vettel (Ferrari). 24 puntu besterik ez dago bien artean, eta bederatzi lasterketa jokatzeko.

MERCEDES AHULAGO, HAMILTON INDARTSUAGO



Hamilton dago Vettelen aurretik, baina ez litzateke inor harrituko egoera alderantzizkoa balitz. Alemaniarrak etxean irabazi izan balu, bera litzateke lider. Izan ere, Mercedesek ez du jada azken urteotan ohitura bilakatu duen nagusitasuna alor teknikoan; desabantaila bati aurre eginez prestatu behar dute asteburuko lasterketa, eta nola hala falta hori bete. Pole kopuruek zerbait esaten dute horretan, aurreko urteko zifretatik oso urrun baitabil. Hamabost lortu zituzten iaz hogei lasterketako denboraldian. Hamabi lasterketa jokatu dira aurten, eta bost bakarrik daramatza. Valttei Bottasek bakarra darama, eta haren emaitzek erakusten dute argiago taldearen benetako egoera.

Hala ere, Hungariako lasterketaren ondoren, Hamiltonek alde polita dauka sailkapenean. Iaz, Vettelen atzetik zen une honetan, Hamiltonek bost lasterketatan podiumetik kanpo amaitu baitzuen ordura arte. Bitan gertatu da hori aurten, Austrian izandako erretiratzea kontuan hartu gabe. Hobeto ari da aurten, sendoago. Egoera horretara iristeko, Hamilton inoiz baino hobeto aritu da gidari lanetan; adibidez, Australian, Erresuma Batuan eta Alemanian. Bereziki Silverstonen osatu zuen sailkatze itzuliak erakusten du aurten duen berebiziko grina. Izan ere, lehia gogor eta estuarekin hazi egiten dira handienak, eta horregatik ari da bere onena ematen. Bottas non utzi duen ikusi besterik ez dago Hamiltonen mailak gora egin duela ikusteko: 81 puntu daude bien artean.

Alemania eta Hungaria Ferrariren zirkuitu sendoak ziren, Vettelek abantaila ateratzekoak. Mercedes ez dago italiarrengandik urrun, baina atzean da. Desabantaila horri buelta emateko, Hamiltonek onena eman du, lasterketa askotan atzetik aurrera eginda.

VETTELEK EZ DU BALIATU FERRARIREN ABANTAILA



Aurtengo berdintasunaren erantzule nagusia Ferrari da, eta motor arloan eman duen aurrerapausoa. Italiarren propultsorea erabiltzen duten beste taldeek ere izan duten hobekuntza da horren seinale: Haas eta Sauber azken urteotako denboraldirik onena egiten ari dira. Aurkariak horren jakitun dira, eta Mercedesek, badaezpada, azalpen batzuk eskatu ditu italiarren motorraren inguruan. Energia berreskuratzeko sisteman lortu du hobekuntza nabarmenena Ferrarik, baina FIA Nazioarteko Automobilismo Federazioak legezkotzat jo du. Hori dela eta, orain arte Mercedesen gotorleku ziren zirkuituak -Spa, Monza eta halakoak- Ferrariren mesederako dira aurten.

Txapelketaren buru izan behar luke Ferrarik eta, gehiago zehaztuz, Vettelek. Alemaniarrak ez du abiadurarik galdu, baina orotariko hutsak egin ditu sasoia hasi zenetik. Frantzian eta Alemanian egindako akatsek agerian utzi dituzte haren ahuleziak. Egoera zailtzen denean, Vettelek huts ulertezinak egin ohi ditu, iaz Bakun egin moduan. Horiek gabe, txapelketaburu izango zen. Haren taldekide Kimi Raikkonen, berriz, aspaldiko denboraldirik onena egiten ari da, zortzitan igo baita podiumera. Azken bost lasterketetan beste horrenbestetan igo da, eta hori bi gauzaren erakusle da: bata, Ferrarik auto bikaina duela; eta bestea, finlandiarrari irabazteko oso indartsu izan beharra dagoela.

Ferrarik iaz ere izan zuen titulua irabazteko benetako aukera. Baina, Singapurren, Vettelek ametsa deuseztatu zuen. Aurten berriro gertatuko balitz -eta, italiarren zoritxarrerako, aukera handia dago hori hala gerta dadin-, Vettelen zikloa amaierara iritsiko litzateke Ferrarin.

RED BULLEN EZINA



Red Bullek hiru garaipen daramatza, eta Monako iritsi arte bazuen aukerarik titulua lortzeko borrokatzeko, gidariena ez balitz, behintzat, autogileena. Baina autoa ez da sendoa, eta Renault motorrak indarra falta du. Ondorioz, Max Verstappen eta Daniel Ricciardo sailkapenean hondoratuz joan dira, eta taldea ez da erabakigarria tituluari begira. Errua elkarri botatzen diote Red Bullek eta Renaultek. Biek dute arrazoi, baina horrek ez du ezertarako balio. Taldeak auto bikaina egin du berriro, eta, gidariei dagokienez, oreka ona lortu dute, batez ere Verstappenek urte hasierako antsietatea gainditu duenetik.

Haientzat kaltegarri diren zirkuitu batzuk datoz orain, haien eragina are gehiago gutxituko dutenak. Hala, lehia Ferrari eta Mercedesen artean utziko dute bakarrik, apenas agertu baitira podiumean orain arte. Hala, hemendik aurrera gelditzen diren lasterketetan zeregina bakarra izango da: ahal dela garaipenak lortzea, baina titulurako lehian ez eragitea. Izan ere, 2019ari begira Hondarekin duten lan zaila behar bezala prestatzeari ekin diote jada.

IRAULTZA GIDARIEN ARTEAN



Fernando Alonsok urte amaieran esango dio agur 1 Formulari, eta haren tokia Carlos Sainzek hartuko du McLarenen. Hark Ricciardori utziko dio tokia Renaulten. Beraz, Red Bullek norbait aurkitu behar du. Force Indiaren arazoak Lance Strollen aitaren diruarekin konpondu dira, eta beraz, jakina da non gidatuko duen aurten Williamsekoak. Ferrarik oraindik ez du argitu Raikkoneni kontratua berrituko dion. Guztia zailtzeko, gainera, baliteke gidari aldaketa horietako asko asteburu honetan bertan gertatzea.

BERRIAn argitaratua (2018/08/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA