astekaria 2018/08/24
arrowItzuli

mundua

Mugatik haragoko krisia

Ander Perez Zala

Mugatik haragoko krisia

Tentsioa areagotzen ari da Hego Amerikaren barne mugetan. Venezuelako krisi politiko eta ekonomikoak etxeko mugak gainditu ditu, eta ondoko herrialdeetara hedatu da krisiaren ondorioetako bat: milioika venezuelarren migrazioa. Lau urteko epean, 2,3 milioi herritar atera dira Venezuelatik, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera —31 milioi biztanle inguru ditu herrialdeak—, baina errealitate hori azken hilabeteotan areagotu da gehienbat, herrialdean izandako gertakari politiko eta ekonomikoak direla medio. Kolonbia, Brasil, Ekuador, Peru, Txile, Uruguay.... hainbat bizilagun bilakatu dira migratzaileen helmuga, eta, orain arte herri horietara iristeko arazo nabarmenik izan ez badute ere, egunotan trabak eta oztopoak areagotu dizkiete venezuelarrei, bai herrialdeetara sartzeko, baita herrialdean bertan geratzeko ere.

Besteak beste, mugetan segurtasuna indartzen hasi dira estatuak, asteburuan izandako liskarren ondorioz: Brasilen, adibidez, venezuelarren kanpalekuak erre zituzten iragan larunbatean. Mota horietako erasoez gain, herrialdera sartzen direnen kopurua mugatzea erabaki du Ekuadorrek, eta Peruk neurri bera jarriko du indarrean larunbatean, nortasun agiria eskatzeaz gain pasaportea ere eskatzen hasi baitzaizkie migratzaileei —adingabeei izan ezik—. Horiek horrela, aurrekaririk gabeko migrazioak ezohiko erabakiak hartzera behartu ditu hainbat gobernu.

Gaur-gaurkoz, Kolonbiak 800.000 venezuelarri eman die herrialdean behin-behinean geratzeko baimena, eta Peruk, berriz, 400.000ri. Baina denak ez dira zapaltzen duten lehen herrialdean geratzen: Ekuadorren, esaterako, 250.000 venezuelar geratu dira, baina milioi batek baino gehiagok igaro dute herrialdeko eremua, muga gainditu eta ondoko estatu batean sartzeko.

Herrialde horiez gain, Brasil bizilagunean izan da arreta nagusia egunotan, iparraldeko Paracaima hirian gertaturikoagatik. Brasilgo Gobernuaren datuen arabera, 40.000 bat venezuelar sartu dira herrialdean mugan dagoen hiri horretatik, eta horietako mila han geratu dira, kanpadendetan bizitzen; migratzaile horien helburua lana bilatzea da, besteak beste. Baina egoera horrek tentsio handia sortu du Paracaimako bizilagunen artean eta, venezuelar batek hango herritar bati lapurtu ziola zabaldu ostean, paracaimarrek migratzaileei egin zieten eraso joan den larunbatean: kanpadendak eta arropa erre, eta harriak bota zizkieten. Tentsioa areagotzen ari da migratzaileen eta herritarren artean, eta, horren ondorioz, venezuelarren aurkako eraso xenofoboak ere bai.

Egoera jasangaitza bilakatu da herritar askorentzat, eta, istiluak eragotzi nahian, Brasilgo Gobernuak militarrak bidali ditu herrialdeak Venezuelarekin duen mugara; ikusteko dago, ordea, neurri horrek eraginik izango ote duen. Izan ere, Michel Temer Brasilgo presidenteak iragarria zuen venezuelarrak herrialdeko beste hirietara lekualdatzeko laguntzak, baina, oraingoz, ez da halako neurririk indarrean sartu, eta mugan zain jarraitzen dute. Temerrek iragarritakoa ez betetzeak, eta venezuelarren aurkako erasoek eragin zuzena izan dute migratzaileengan: askok atzerako bidea hartzea erabaki dute, Venezuelara itzultzeko. Arazo horri aurre egiteko estrategiak garrantzi handia izango du Brasilen, bi hilabete barru egitekoak baitira hauteskunde orokorrak.

Salaketa Maduroren aurka

Migratzaileengan arreta jartzeaz gain, Nicolas Maduro Venezualeko presidentearengan ere jartzeko beharraz ohartarazi zuen atzo Mauricio Macri Argentinako presidenteak. CNN telebista kateari emandako elkarrizketa batean, baieztatu zuen Latinoamerikako beste herrialde batzuekin batera salatuko duela Maduro NZA Nazioarteko Zigor Auzitegian; Txile, Paraguay eta Kolonbia lirateke herrialde horiek, atzo adierazi zuenaren arabera.

Fatou Bensouda NZAko fiskalburuak iragan otsailean jakinarazi zuen atariko azterketa bat abiatu zutela Venezuelan segurtasun indarrek eta manifestariek ustez egindako krimenei buruz. Azterketa hori martxan jarri zuten arren, Macrik uste du beharrezkoa dela Venezuelako presidentearen aurkako salaketa aurkeztea, Venezuelan «giza eskubideak urratzen» direlako. «Bizitzak balioa galdu du han».

«Geldialdi nazionala»

Bien bitartean, etxean, oposizioko hiru alderdik, Causa Rk, Primero Justiciak eta Voluntad Popularrek, gaurko deituriko greba orokorrerako deiari eutsi zioten atzo. «Denboran mugaturiko neurri batez ari gara, baina hau [gaurko greba] borrokarako agenda baten lehen pausoa da», adierazi zuen Venezuelako Asanbleako diputatu ohiak.

Hiru alderdien ordezkariek prentsaurrekoan iradoki zutenaren arabera, datozen hilabeteotan ere greba orokorrerako deiak areagotuko dituzte, Maduroren neurri ekonomikoen aurka protestatzeko.

BERRIAn argitaratua (2018/08/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA