astekaria 2015/12/24
arrowItzuli

gizartea

Sirena hotsen beldur

Maialen Belarra

Sirena hotsen beldur

Espero dut sirena horiek entzun beharrik ez izatea; ez da seinale ona izango. Sekulako dirutza gastatzen ari dira gu guztiok hil gaitezen. Hitz gogorrak dira, baina hori da egia». Irmo hitz egin du Mari Carmen Huelva zangozarrak (Nafarroa). Antonio Casas eta Carlos Revuelto geologoen ikerketa batek dio Esako urtegiko horma hausten bada hogei minutuan Zangoza ur azpian egongo litzatekeela. Lau ikerlari independenteren arabera, ordea, denbora horretan ez dago inolako aukerarik 5.200 biztanle dituen herri oso bat husteko.

2013an jakin zuten herritarrek eskuineko hegalean lur mugimendu handia zegoela; hilean 21 zentimetro ere mugitzen zen. «Herriko botiketako lasaigarri guztiak saldu ziren, beldur handia genuelako», azaldu du Iker Aramendia Esa + Ez plataformako kideak. «Ikararekin bizitzen ikasi badugu ere, ez gaude lasai. Hegala oraindik mugitzen ari da, baina ez dituzte obrak gelditu nahi».

Huelvak aitortu du ohean dagoenean kontuari buelta asko ematen dizkiola. Euriak ikaratzen duela dio, baina argi du Zangoza dela bere herria, eta han bizi nahi duela. Halaber, udalak larrialdi plan bat izan arren, simulakrorik ez egin izana deitoratu du. «Herritarren artean beldurra zabalduko lukeela diote, baina ezinbestekoa da probaren bat egitea».

Alternatibei kasurik ez

Aramendiak ez ditu udalaren arrazoiak ulertzen: «Diotenez, herria handiegia da, eta zaila da horrelako zerbait egitea. Are zailagoa izango da benetan zerbait gertatzen bada». Ondotik hurbildu da Maria Teresa Vives bizilaguna. Haren ustez, Ebroko Ur Konfederazioak lasaitasuna hedatu nahi du, «inolako argudio teknikorik izan gabe». Haserre hitz egin du: «Hausten bada, ez da herrian inor geldituko hori kontatzeko. Ordu laurdenean guztiak ur azpian egongo gara, baina badirudi horrek ez duela inporta. Ez dituzte alternatibak ikusi ere egin nahi».

Besteak beste, Bardeako ubidean presa txikiak egitea eta urtegiko ur maila jaistea dira aukerak. «Zenbat uri egin diezaiokegu aurre? Maila horretara jaitsi behar da ur kantitatea. Egoera errealak landu behar ditugu; bestela, 20 minutuena ez da inoiz posible izango», azaldu du Esa + Ez taldeko kideak. Bizilagunek oroitarazi dutenez, Rene Petit urtegiaren lehen eraikuntza ingeniariak hasieratik izan zituen zalantzak kokalekua zela eta. Ez zitzaion guztiz egokia iruditzen. «Gerora egin dituzten astakeria guztiekin, egokia ez zena oso arriskutsu bilakatu dute», jakinarazi du Vivesek, amorratuta.

Arriskuak berekin ekar lezakeen errealitateaz mintzatu da Oscar Erdozain herritarra. Zangozarrek zer egin jakin beharko luketela uste du. «Zer ez den egin behar ere garrantzitsua da. Inon ez da azaltzen autoa hartzea ez dela komenigarria. Ur azpian geratzeko arriskua izanik, zentzuzkoena ez hartzea da, baina une horietan batek daki. Adineko jendeak, adibidez, ezin badu oinez ibili. Zer egin behar du?». Vivesek —84 urte ditu— ohartarazi du bera etxean geldituko litzatekeela: «Nik beti esaten dut larrera ez iristeko nahiago dudala etxean gelditu. Behintzat horrela ez nau urak eramango». Haren senarrak 94 urte ditu, eta alzheimerra du. Ia ezin da oinez ibili ere egin.

Erdozainek, aldiz, argi du noizbait sirena hotsak entzunez gero korrika joango litzatekeela bere 8 eta 10 urteko seme-alaben bila. Gauza bera dio Aramendiak ere. «Esaten digute zerbait gertatuz gero ez dugula gure seme-alaben bila joan behar. Ez bada simulakrorik egin, nork ziurtatuko dit nire haurrak herriaren goiko aldean elkartuko direla nirekin? Ez dut inolako segurtasunik. Simulakroak egin behar dira, eta ez bat bakarrik».

Informazio gutxi

Zaharren egoitza, haurtzaindegia, eskola publikoa eta ikastola ibaitik oso gertu daude. «Sekulako txikizioa izango litzateke», ohartarazi du Huelvak. Hala eta guztiz ere, une honetan urtegiko maila nahiko baxu dago. «Zerbait gertatzekotan, orain gerta dadila», adierazi du Erdozainek, erdi txantxetan. Vivesek gogorarazi du askotan arriskuan egon direla, baina horretaz arriskua pasatu ondoren ohartu direla. «Obrak 2009rako bukatuko zituztela esan zuten. Zerbait gertatzean, adabakiak jartzen dituzte, benetako arazoari heldu gabe».

Era berean, Espainiako Gobernuak eta Ebroko Ur Konfederazioak informazioa gordetzen dutela uste du Erdozainek, «bakar batzuen mesederako». Nafarroako gobernu berriarekin itxaropena du, ordea: «Behintzat txostenak eskatu, presio egin, eta segurtasuna berma dezakete. Gainerakoa Espainiako Gobernuak kudeatzen du, zoritxarrez».

Aramendiaren arabera, beldurretik kezkara eta kezkatik erantzukizunera pasatu dira. «Jada ez gara beldur; noizean behin bai, baina ohartu gara non bizi garen, eta zer egiten duten honen erantzule direnek. Horren aurka egin behar dugu; hori da gure erantzukizuna. Batzuek zapia jarri dute begietan, eta beste aldera begiratu, baina gehienek esan dute horrela ezin dela jarraitu».

Esa + Ez plataformako kideak aitortu du hasieran berak ere ez zekiela zenbateraino zen erreala arriskua, eta hori askori gertatu zaiela. Orain, ordea, herri guztia egiaz ohartu dela uste du. «Oso gogorra da jakitea zure bizitza osoan arrisku baten azpian bizi izan zarela. Gaur egun, iruditzen zait oso kontziente garela, eta erne gaudela, baina zenbat denbora iraun dezakegu horrela?».

BERRIAn argitaratua (2015/12/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA