astekaria 2018/08/24
arrowItzuli

gizartea

Mugarri da gaur neska hura

Arantxa Iraola

Mugarri da gaur neska hura

Jakina da giza espezie ezberdinen artean harremanak izan zirela iraganean: genetikak iragan urteotan azaldu ditu horren aztarnak. Asteon, ordea, Alemaniako ikertzaile talde batek horren lekukotasun argia aurkeztu du, parerik gabea: denisovar gizon baten eta neanderthal emakume baten erlaziotik jaiotako gizaki baten arrastoa aurkeztu dute. Hezur puska bat aztertuta egin dute aurkikuntza ikertzaileek, eta xehetasunak ere eman dituzte: 13 urte inguruko emakume gazte bat zen. Zail da irudikatzen mundua nola ikusten zuen hark; egun Siberia deitzen den tokian bizi zen, egungo Errusian, orain dela 50.000 urte inguru. Gaur, mugarri bihurtu da arkeologo eta paleoantropologoentzat.

«Harriduraz» hartzeko moduko aurkikuntza dela onartu du Alvaro Arrizabalaga arkeologoak: «Hibridazioak izan dira, badakigu hori, baina oso zaila da aurkitzea hezur bat lehenengo belaunaldikoa. Haren ama %100 neanderthala zen; aita, berriz, %100 denisovarra». Horrek egiten du aurkikuntza apartekoa. «Txiripa historikoa izan da; hori da Ferrari batekin orduko 250 kilometroan joan, frenatu eta aparkatzearen modukoa». Oso-oso zaila. Izan ere, orain arte aurkitu izan diren hibridazioetan sei-zazpi belaunaldi atzera egin behar izan dute ikertzaileek bi espezieen arteko loturaren baten bila: oraingo honetan, berriz, bakar bat ere ez.

Errusian, Denisova leizean, ikerkuntza aski garrantzitsuak egiten ari dira urteotan. Denisovako gizakien espeziea ere —adituek esplikatzen dute neanderthalen «lehengusutzat» har daitekeela; bazituen antzekotasunak harekin— hantxe aurkitu dute, eta aspalditxotik zekiten neanderthalekin erlazioak izan zituela. «Baina benetan harrigarria izan da neanderthal-denisovar ume hau topatzea», onartu du ikerketako arduradun nagusiak, Alemaniako Max Planck Institutuko Antropologia Ebolutiboko zuzendari Svante Paavok.

Aurkikuntza deigarria izan arren, oraindik Denisovako gizakien gaineko informazio asko falta dela esan du Arrizabalagak, zer ikertua franko dagoela: «Datu ugari falta dira, batez ere giza fosilak». Hala ere, Asier Gomez paleontologoak adierazi du aurkikuntza honek eta alorrean jazotzen ari diren beste hainbatek agerian uzten dituztela giza espezieen arteko harremanak. «Ikusten ari gara uste baino ohikoagoa zela espezie ezberdinen arteko nahasketa». Garai batean, espezieen arteko bideak bakanduta ikertzen ziren, baina errotik aldatzen ari dira teoria haiek egungo ikerketa lerroetan; nahasiago ageri da orain dena, eta Alemaniatik heldu berri diren albisteek ate interesgarri bat ireki dute ikerketaren esparru horretan sakontzeko. Onerako; bere zailean. Argi du Gomezek: «Orain, historia interesgarriagoa da: xehetasun gehiago ditugu». Baliabideak ere asko hobetu zaizkie, diziplina anitzetan. Orain arte aztertu gabe geratzen ziren fosil asko, esaterako, egun «proteomikaren» bidez —proteinak ikertzen ditu— aztertzen direla azaldu du Arrizabalagak, eta horrek ikerketa esparru berri bat zabaldu duela: «Eta hurrengo lau-bost urteetan informazio askoz ere gehiago izango dugu, batez ere informazio genetikoa».

Espezie galdu haiei begira

Giza eboluzioaren kate luzean galdu ziren espezieen inguruko ikusmina areagotu egiten dute albiste hauek guztiek. Haien izaerari buruzko ezagutza gero eta osoagoa da. Haiek ulertzeko «gero eta lupa zorrotzagoak» erabiltzen dituztela onartu du Gomezek, eta horrek aurrerapausoak ekarri dituela. «Egun, esaterako, neanderthal kulturez hitz egin dezakegu. Lekuaren eta tokiaren arabera, taldeak ezberdindu egiten ziren. Adibidez, batzuk kanibalak ziren, eta besteak ez; batzuek hildakoak ehorzten zituzten, eta besteek ez».

Gaitasunei begira ere, egungo gizakiaren ezaugarriekin lotzen dituzten abilidadeekin lotzen dira gero eta usuagotan neanderthalak. «Esate baterako, haien lengoaia artikulaturako gaitasuna ere ontzat ematen dute egun antropologia biologikoan gehienek», onartu du Arrizabalagak.

BERRIAn argitaratua (2018/08/23)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA