astekaria 2015/12/24
arrowItzuli

gizartea

Esako horma apurtuko balitz Zangoza husteko denborarik ez legokeela dio txosten batek

Ion Orzaiz

Esako horma apurtuko balitz Zangoza husteko denborarik ez legokeela dio txosten batek

Esako urtegiaren (Nafarroa) pareta apurtuko balitz, urak berehala hartuko lituzke inguruko lurrak. Txikizioa, baina, ez litzateke hor geldituko. Minutu gutxiren buruan, Aragoi ibaiaren ertzean diren hainbat herri txiki irentsiko lituzke uholdeak. Zangoza, adibidez, 23 minutuan geldituko litzateke uraren azpian. Eta atzo argitara emandako ikerketa baten arabera, denbora tarte horretan ezinezkoa izanen litzateke herria jendez hustea.

Nazioarteko lau ikerlari independentek ondu dute txostena: Pablo Alvarez (ingeniaria), Virginia Alonso (Fisikan doktorea), Alimah Wessel (giza geografian eta hirigintzan aditua) eta Andrew Leeson (ebakuazio ereduetan aditua). Son eta eskarmentu handiko zientzialariak dira guztiak, eta azpiegitura handien ebakuazio ereduak egiteko erabiltzen den metodologia aplikatu dute Esako urtegiaren kasua aztertzeko. Beste hainbat adituren laguntza ere jaso dute txostena lantzeko garaian, balizko ezbehar batean aldagai guztiak aztertu behar direla uste baitute: populazioa, altimetria, eraikinen neurriak, herriko sarrerak eta irteerak, herritarren adina, kaleen planoa eta alarma gailuen kokapena, besteak beste.

Abiapuntu gisa hartu dute Antonio Casas eta Carlos Revuelto geologoek eginiko uholde eredua. Horren arabera, Esako horma apurtuko balitz, urak hogei minutu beharko lituzke Zangozara ailegatzeko eta parte zaharreko karrikak ?ibaitik gertuen daudenak? urpean uzteko. 18 eta 23 metro arteko altuera izanen luke urak inguru horretan. Ibaiaren ibilbidetik urrunen dauden karriketan, berriz, bost metroko garaiera izanen luke.

Ordurako, herritar guztiek babeslekuetako batean egon beharko lukete. Ikerlanaren egileek ondorioztatu dutenez, ordea, ezinezkoa litzateke hori. «Baldintza baikorrenetan, Zangozako herritar guztien ebakuazioa egin ahal izateko denbora 33 eta 44 minutu artekoa da, baina litekeena da denbora erreala hortik gora egotea», azaldu dute txostenean.

Izan ere, hainbat faktorek baldintzatzen dute herritarren erreakzio gaitasuna, eta, adituen aburuz, ezbeharraren ordua da garrantzitsuenetako bat. Hipotesi guztien artean, arrisku handienekoa soilik aztertzea erabaki dute: urtegiko horma gaueko ordu txikietan apurtzen denekoa, alegia. «Ordu horietan, herritar gehienak lotan egonen lirateke; zehazki, loaren III eta IV. faseetan. Alarma batek esnatuko balitu, nahasita eta desorientatuta sentituko lirateke, eta horrek eragina izanen luke ebakuazioaren iraupenean». Herritarrak esnatzen direnetik etxetik ateratzen direnera arteko denbora aldakorra dela azpimarratu dute txostenean. Erresuma Batuak badu eraikinak jendez husteko protokolo bat, eta, horren arabera, lo dauden pertsonak esnatu eta etxetik ateratzen hasteko behar duten denbora 10 eta 20 minutu artekoa da. Beraz, Esako horma apurtuko balitz, hainbat herritar etxetik ateratzean harrapatuko lituzke uholdeak.

Horretarako, baina, ezinbestekoa da herritarrek alarmak entzutea eta horiek identifikatzen jakitea. Eta, gaur egun, ez da premisa horietako bat bera ere betetzen. Hala, Cecor enpresa espezializatuak eginiko ebaluazioaren arabera, Zangozan instalatutako sirenek «ez dituzte betetzen Esako Larrialdi Planean ezarritako baldintzak, eta, beraz, gerta liteke herritar askok alarma ez entzutea eta ebakuaziorik ez egotea».

Zangoza ez dago prest

Jendearen erreakzio denbora eta baliabide teknikoak gorabehera, herria husteko garaian prestaketa ezinbestekoa dela uste dute Alvarezek, Alonsok, Wesselek eta Leesonek. Eta zangozarrak ez daude prestatuta. Aditu talde horrek urrian eginiko inkesta baten arabera, herritar gehienek (%85) uste dute erakunde ofizialek emandako informazioa «oso eskasa» dela. %69k, adibidez, ez dakite zenbat denbora izanen luketen ihes egiteko alarma pizten den unetik.

Hori dela eta, hainbat gomendio egin dizkiete Esako urtegiaren arduradunei eta inguruko herrietako agintariei. Lehenengoa: arriskua errotik erauzi eta Esako ur kopurua murriztea, «pertsonen segurtasuna bermatuko lukeen neurri bateraino». Horrek kolokan jarriko luke urtegia handitzeko proiektua bera.

Beste eskakizunetako bat da informazio iturriak hobetzea eta herritarrentzako formakuntza saioak egitea: «Ezin bada arriskua saihestu, ezinbestekotzat jotzen ditugu ikastaroak, herritarrek ebakuazio plana ezagut dezaten; noizbehinkako simulakroak ere egin beharko lirateke, jendeak sirenen soinua eta babeslekuetara joateko prozedurak barnera ditzan».

Ingeniariei eta arduradun politikoei deia ere egin diete txostenaren egileek, gomendioen atalean. «Herritarren segurtasuna bermatzea ezinezkoa denean, halako azpiegiturak herriguneetatik hurbil eraikitzea saihestu beharko lukete, eta administrazioen lana da ebakuazioari buruzko ikerketak exijitzea».

BERRIAn argitaratua (2015/12/21)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA