astekaria 2018/08/10
arrowItzuli

mundua

Kaleko borrokak jarraituko du

Cecilia Valdez

Kaleko borrokak jarraituko du

Goizaldeko hirurak dira, eta ia bi milioi emakume daude plazan, negu gorriaren hotzari eta euri zaparradari aurre eginez. Hamabost ordu luzeko saio baten ostean, 72 senatariek botoa eman dute. Isiltasuna nagusitu da. Ondoren, oihu ozen batekin amaitu da gaubeila. Abortua legeztatzeko lege proiektuak zazpi botoko aldeagatik ez du aurrera egin. Senatuko 72 ordezkarietatik 38k kontra bozkatu dute, 31k alde, eta bi abstentzio izan dira —senatarietako bat ez da saioan izan—. Ekainean diputatuek emandako aurrerapausoa hutsean geratu da, orduan lege proiektuak lau botoko aldearekin egin baitzuen aurrera. Senatua, izan ere, ganbera kontserbadoreagoa da.

Borrokak, baina, aurrera jarraituko du. Celina Rodriguez Argentinako mugimendu feministaren aitzindarietako bat da, eta abortuaren eztabaida kaleetan dagoela dio: «Lege hau kalean irabazi dugu; honek ez dauka atzera-bueltarik. Elkarrekin ari gara emakume guztiak, kolore ezberdinetakoak, ohikoa ez den bezala, eta diputatuek eta senatariek herriari entzun behar izan diote».

Argentina osoan, iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera, bazter guztietan errotu da mugimendu feminista, batez ere gazteen konpromisoari eta grinari esker. Brenda da horietako bat. Plazarako bidean hitz egin du BERRIA-rekin. «Ez dira bozkatzen ari abortua bai edo ez, baizik eta abortuak klandestinitatean egingo diren edo ez; hau da, abortatzeagatik hiltzen jarraitu behar ote dugun edo ez».

Argentinan 450.000 abortu egiten dira urtean, eta 47.000 emakume inguru ospitaleratu behar izaten dituzte praktika klandestinoen ondorioz sortu ohi diren konplikazioengatik. Emakume batek abortatzen du ia bi minuturo, eta urtean batez beste 43 hiltzen dira abortatzeagatik. Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsaren arabera, 10 eta 14 urte arteko neskato bat erditu egiten da Argentinan hiru ordutik behin.

Lucianak bat egin du borrokarekin. Haren ustez, abortatzeko «marko legal bat» ezartzea da gakoa, bestela klase kontu bat baino ez baita: «Baliabide gutxi dituzten emakumeak hiltzen dira. Abortua den-denek praktikatzen dute, aberatsek eta txiroek, baina ondorioak ezberdinak dira batzuentzat eta besteentzat». Txosten baten arabera, abortua legeztatuko balitz, osasun sistemak %43ko aurrezpen bat izango luke alor horretan, praktika klandestinoen ondorioz artatzen diren emakumeak murriztuko balirateke. Zundekin, uztaiekin, jostorratzekin eta perrexil zurtoinekin egin ohi dira abortu klandestinoak.

1921. urteko legea

Argentinan, abortuari buruzko 1921ko lege bat dago indarrean. Soilik bi kasutan baimentzen da haurdunaldia etetea: emakumearen bizia edo osasuna arriskuan dagoenean, edo emakumea bortxatu dutenean. Abortua lau urtera arteko kartzela zigorrarekin dago zigortua.

Senatuak baztertu duen lege proposamenak herrialde askotan indarrean dagoen legedi baten alde egiten zuen; hamalaugarren astera arte abortatzeko eskubidea izatea, eta epea zabaltzea emakumearentzat edo umekiarentzat arriskua dagoenean.

Latinoamerikan, bi herrialdetan baino ez dago lege malguagoa: Kuban eta Uruguain.

Argentinan, agenda feministak agenda publikoa bereganatu du. Borroka, baina, ez da egun batetik bestera sortu. Abortatzeko Eskubidearen Kanpaina Nazionalak bozgorailua jarri dio aspalditik borrokan ari diren emakumeen ahotsari, eta gaur egun nekez aurkitu daiteke inor ez dagoena prest abortuaren inguruan duen iritzia emateko. Abortuaren aldeko borrokaren ikur bihurtu den zapi berdea nonahi ikus daiteke; lepoetan bilduta, bizkar zorroan zintzilik, eskumuturrean lotuta... Kontrakoek ere zapia daukate, zeru kolorekoa, urriagoa.

Emakumeen XVIII. Topaketa Nazionalean heldu zioten aurreneko aldiz gaiari sendotasunez. 2003. urtea zen, eta ordutik kaleko eztabaida areagotu egin da. Gizartearen arrakala zabalduz joan den neurri berean zatikatu da klase politikoa. Talde kontserbadoreek jarrerarik atzerakoienak plazaratu dituzte, eta, kontraesanak kontraesan, alderdi politikoen barruan ere zatiketak eragin ditu auziak. Mauricio Macriren gobernuak ez du jarrera jakin bat hartu abortuaren gaian, eta presidenteak atzo bertan adierazi zuen, bozketaren biharamunean bertan, eztabaidak jarraitu egingo duela: «Arazoa hor dago, eta lanean jarraitu behar dugu neska horiek guztiek aukeratzeko aukera izan dezaten». Presidentearen hitzetan, herrialdea ulertzen ari da «demokrazian bizitzea zer den».

2019ra begira

Eskuinera lerratuta dagoen agintariaren hitzak dagokien testuinguruan jarri behar dira; izan ere, datorren urtean hauteskunde orokorrak dira Argentinan. Litekeena da, beraz, alderdiek abortuaren gaia giltzarri bihurtzea datorren urteko kanpainan, nahiz eta nekez bozkatuko den berriz.

Konstituzioaren 81. artikuluak zehazten duenez, ganberetako batek lege proiektu bat baztertzen duenean ezin da berriz ere gaia mahai gainean jarri hurrengo urte politikora arte; datorren urtean, aintzat hartuta presidentea ez ezik diputatuak eta senatariak ere berrituko direla, konplexua izango da gaiari heltzea.

Herriaren eta boterearen arteko talkk eta distantzik, beraz, hor jarraituko dute. Lucianak argi dauka borrokan jarraituko dutela mendeetan menperatuta egon diren emakumeen izenean: «Hau festa bat da. Borroka luze baten gailurrera iristen ari gara; aspaldian piztu zen garra hauspotu dugu, eta gure duintasuna aldarrikatzen jarraituko dugu. Aintzat har gaitzaten aldarrikatzen jarraituko dugu; gure erabakiak errespeta daitezen aldarrikatzen jarraituko dugu. Geu pasatuko gara historiara. Eskubide hori zor digute, eta, aurten ez bada, hurrengo urtean izango da».

Plazan elkartutakoek gogoan izan dute senatuko eztabaida luzean hil zen emakumea. Santiago del Estero iparraldeko eskualdeko 34 urteko emakume bat da, eta abortatzen ari zela hil da. Orduantxe, Carlos Menem presidente ohia eta senataria abortuaren kontrako botoa ematen ari zen. Iparraldeko eskualdeko emakumea ez bezala, haren emazte ohiak, presidentearen emazte ohiak, bizirik jarraitzen du —elkarrizketa batean aitortu zuenez, Menemek abortatzera lagundu zion agintari zela—.

BERRIAn argitaratua (2018/08/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA