kirola
Pupua baino trapu handiagoa
Imanol Magro Eizmendi
Chelsea goiztiar mugitu zen atzo. Kepa Arrizabalaga bezperatik zegoen Madrilen zain, eta haren abokatuek LFPko bulegoak ireki eta gutxira eraman zituzten 80 milioi euroak. Athleticek, berriz, eguerdi aldera eman zuen albistearen berri. Ia hitzez hitz kopiatu zuen bere egunean Aymeric Laporte agurtzeko idatzitako oharra, eta bere «ardura» eskertu zion taldean egondako denboraldi guztietan. Eta denboraldi horiek ez dira gutxi izan, bederatzi urterekin iritsi baitzen Kepa Lezamara. Harrobiko harribitxietako bat izan da, eta Valladoliden utzita eginiko urtea kenduta, beti egon da Athleticen.
Keparen kasua harrigarria izan da, urtarrilean bere kontratua berritu eta etete klausula hobetu zuelako. Real Madrilera joateko zorian egon zen, baina operazioa ez zen itxi. Urtarrilaren 22an, Athleticen «luzarorako» jarraitzeko gogoa zuela esan zuen Kepak. Orduan saldu izan balu, Athleticek hogei milioi euro jasoko zituen. Zazpi hilabete geroago 80 milioi jasoko ditu. Futbolean hainbestetan gertatu bezala, hitzak haizeak eraman ditu. Atezain bikaina da ondarroarra, baina diruak mina arinduko du Ibaigane aldean.
Chelseak ez du eman kontratuaren baldintzen berri, baina Ingalaterran atzo zabaldu zenez, atezaina bost urterako kontratua sinatu du, eta sei milioi euro inguru jasoko ditu urtero. Athleticen ere ez zuten soldataren berri eman, baina hedabideetan zabaldu zenez, 4,5 milioi euro irabazten zituen sasoiko —zazpi urterako luzatu zuen kontratua—. Alde horretatik, hobekuntza ekonomikoa ez da oso nabarmena; beraz, badirudi kirol arrazoiek ere eragin handia izan dutela Keparengan. Chelsea Ingalaterrako ligako talderik handienetakoa da, baina sasoi honetan ez du Txapeldunen Liga jokatuko. Maurizio Sarri izango du entrenatzaile, eta, teknikariak herenegun esan zuenez, aspalditik ezagutzen zuen Kepa. «Banekien, gaztea izanda ere, oso oso ona dela».
Athleticzalea gehien harritu duena, dena den, auzia bi egunetan argitu dela da. Real Madrilekin izandako sokatira dema hilabetetik gorakoa izan zen, eta Kepa jokatu gabe egon zen luzaroan, ustez, lesio batengatik. Oraingoan, aldiz, Chlesearen presak dena bizkortu du. Orain arte, Thibaut Courtois zen Chelseako atezaina, eta hark Real Madrilera joateko asmoa duela jakinarazi zien taldeko buruei —35 milioi eurogatik saldu dute—. Ingalaterran jokalariak fitxatzeko epea bihar bukatuko da, eta Chelseak bizkor mugitu beharra zeukan. Bi egun, eskaintza egin, eta ordaindu. Londresko taldeak larunbatean hasiko du liga, Huddersfield Townen zelaian. Litekeena da Kepa hasierako hamaikakoan egotea.
Chelseak buruhauste handia zuen atean, eta Keparekin konpondu du. Ondarroako atezainak azken bi sasoiak egin ditu Athleticen lehen taldean, eta 53 partida jokatu ditu. Hasieratik aritzeko deitua zegoen, eta orain, kolpetik, Eduardo Berizzok ordezkoa aurkitu behar dio. Atezainarena, baina, ziur asko, Athleticek hobekien estalita duen postua da. Ordezkoa Alex Remiro eta Iago Herrerin izango da. Herrerinek Leganesen eskaintza jaso zuen, baina ate hori erabat tixiko da. Hirugarren aukera Unai Simon gaztea da, baina hark zailago du.
Iago Herrerin ezagun zaharra da, 30 urte ditu, eta bost urte daramatza Athleticen lehen taldean. Duela bi sasoi sei hilabete egin zituen Leganesen utzita, eta orduan jokatu zituen partida gehien Lehen Mailan, 21 guztira. Beste urteetan, Keparen eta Iraizozen itzaletara egon da, eta Kopako eta Europa Ligako partidak jokatu ditu bereziki. Alex Remiro, berriz, 1,91 metro luze da, eta 23 urte dituen Cascanteko atezain bat. 2012tik dago Lezaman, eta iragan sasoian Huescan utzita aritu zen, Bigarren Mailan. Bere taldea mailaz igo zen, eta Remirok 41 partida jokatu zituen. Gol gutxien sartu dizkioten Bigarren Mailako bigarren atezaina izan zen. Carmelo Cedrun historikoak esana da Kepa baino hobea dela oraindik, baina ikusteko da San Mameseko presioa eusteko gai den. Izan ere, Remirok inoiz ez du jokatu Lehen Mailan, ezta Athleticen aurreneko taldean ere.
Dirua, zertarako?
Athleticek, orain, dirua du, diru asko. Dirua, dena den, ez da inoiz arazo izan Athleticen. Neguko merkatuan 65 milioi jaso zituen Aymeric Laporteren truke, eta 32 erabili zituen bakarrik Iñigo Martinez fitxatzeko. Aurretik, Athleticek 21 milioiko irabaziarekin bukatu zuen sasoia, eta 116 milioi pilatu ditu azken sei urteetan. Baina, zertarako? Athleticek urteak zeramatzan merkatuan indartsu sartu gabe, baina Martinezekin joera hori aldatu zuen. Ikusteko dago berriz horrelako zerbait egiteko prest dagoen.
Athleticen merkatua, izan ere, txikia da, bere filosofiak izen oso gutxira murrizten du ahalegin ekonomiko handi bat egiteko aukera. Atezain postua ondo babestuta du; beraz, zelaiko beste postu batzuetan jarri beharko luke arreta. Agertzen diren lehen izenak, ezinbestean, Realeko harrobiko izarrena da, eta bat nabarmentzen da beste guztien gainetik: Mikel Oiartzabal. Eibartarrak 50 milioi euroko etete klausula du, eta realzalea da. Otsailean, elkarrizketa egin zion BERRIAk, eta honela erantzun zion «Joango al zinateke Athleticera?» galderari: «Ni txikitatik Realeko zalea naiz, Zubietan hazia naiz, nire etxea hau da, eta egon nahi dudan lekuan nago. Realari dena zor diot. Nire bizitzaren zatirik handiena hemen egin dut».
Beste aukera posible batzuk atzerrian daude. Ingalaterran ari dira, besteak beste, Ander Herrera, Natxo Monreal edo Cesar Azpilikueta. Athleticen gaur egungo lehen taldeak orain dituen beharrak ikusita, baina, Herrera litzateke aukerarik erakargarriena. Erdilaria gustura ari da Manchester Uniteden, eta entrenatzailearen konfiantza du. 2019an bukatuko zaio kontratua. Zaila dirudi, baina duela hiru egun zailagoa zirudien Kepak Athletic uztea. Beste aukera bat dirua gordetzea litzateke, eta epe luzean pentsatzea.