gizartea
Ñabardurarik ez haur izenentzat
Ane Lamarka Etxeberria
Gutxitan agertzen da euskaraz ñ letra duen hitzik, baina uste baino euskal izen gehiagotan erabiltzen dute gurasoek seme-alabak izendatzerako orduan. Hemendik aurrera, ordea, Ipar Euskal Herrian arazoak izango dituzte izen horiek erregistratzerakoan, eta ñ letra n letrarekin ordezkatzea izango da aukera bakarra. Frantziako Lan ministro Muriel Penicaudek uztailean Frantziako Erregistro Zibilak hartutako erabakia berretsi zuen: hemendik aurrera, debekatuta egongo da jaioberriei ñ grafema duten izenak jartzea, Frantziako Akademiak ez baitu onartzen diakritiko hori. Erabaki polemiko hori dela eta, hainbat euskal izen -Begoña, Beñat eta Zuriñe, besteak beste- ezin izango dira erregistratu euskal grafiarekin.
Arazoa Fañch bretoierazko izena duen haur baten kasutik dator. Gurasoek urtebete eman zuten Frantziako aginpideen aurka borrokan, semearen jatorrizko izena erregistratu ahal izateko, baina, justiziaren eta erregistro zibilaren arabera, Frantziako Akademiak ez du ñ-a onartzen.
2014ko uztailaren 23an, Frantziako erregistro zibilak zirkular batean jaso zuen ñ-aren erabilera, baina «herrialdearen batasunaren aurkako atentatutzat» hartu eta hura erabiltzea gaitzetsi zuen. Araudian aldaketa egin zela eta, Fañchen gurasoek justiziara jo zuten, baina, irailean, Bretainiako Kemper hiriko auzitegi batek debekatu egin zien haurra izen horrekin erregistratzea, «Frantziako Estatuaren borondatea haustea ekarriko luke, herrialdearen batasuna eta herritar ororen berdintasuna mantendu beharrean», jartzen zuen epaian. Fañchen kasua izan da azkenaldian hedabideetan gehien agertu dena, baina ez bakarra, zeren iaz gauza bera gertatu baitzen Derc'hen bretoierazko izenarekin ere. Izen horretan, ordea, beste zeinu diakritiko bat dago: apostrofea. Beraz, 2014ko txostenean ez da debekatzen soilik n gaineko tileta, baizik eta apostrofea bera ere bai.
Penicauden esanetan, Emmanuel Macronen gobernuak bat egin du erregistro zibilak eta justiziak hartutako erabakiarekin, nahiz eta ñ-a euskaraz eta bretoieraz erabiltzen den eta biak milaka hiztuneko hizkuntzak diren. Penicauderen arabera, Erabaki horrek bat egiten du Frantzian indarrean dauden hizkuntz politikekin, eta gogora ekarri du egungo hizkuntza ofizial bakarra frantsesa dela, eta euskara eta bretoiera -beste hainbat hizkuntzaren artean- ez direla ofizialtzat edo koofizialtzat hartzen.
Ertz askotariko gaia
Euskaltzaindiako Onomastika Batzordeko buru Roberto Gonzalez de Viñasprek esan du horrelako kasuak ez direla berriak eta asko daudela Frantziako Estatuan. Iparraldeko adibide bat ere eman du: «Jaioberri bati Aiña neska izena jarri nahi izan zioten, baina arestian aipatutako erabakiengatik ezezkoa jaso zuten ofizialki». Era berean, erregistroan izen eta abizenekin zer gertatu ohi den azaldu du: «Badira Iparraldean Beñat edo Zuriñe ñ grafemarekin sinatzen dutenak, baina gero ez dakitenak ea beraien txartelean edota Erregistro Zibilean nola jasoa dagoen. Gauza bera gertatzen da Iparraldeko batek jatorri espainiarra badu eta Frantzian jaioa bada: adibidez, Ibañez abizena badu. Ez du aukerarik ñ-arekin bere abizena erregistroan jaso ahal izateko. Gaia zabala da, beraz, ertz askotarikoa». Euskaraz zeinu diakritikoa pertsona izenetara eta toponimoetara mugatuta dagoela azaldu du, eta azpimarratu du Hegoaldean ez dagoela horrelako arazorik izen edo abizenak erregistratzeko orduan. Kritikatu egin du, era berean, Frantziako erregistro zibilean ez dutela «tarterik» uzten hori aplikatzeko, eta «malgutasunez» aztertu behar dela gaia.
Euskaltzainarentzat, «kontu politiko-administratiboa» da hori, eta irtenbideak «hortik» etorri beharko luke. Era berean, bere nahia adierazi du: «Desiragarria litzateke araudiak errealitate sozialarekin bat egitea, eta gai hauek zentzuz eta tolerantziaz tratatzea».