mundua
Kairo, hiriburu izateari uztear
Ricard Gonzalez
«Espero dugu hurrengo urtearen bigarren seihilekoan ministerio guztiak lekualdatzea. Auzo administratibo delakoa dago aurreratuen. 2021ean, lehen fase osoa burutua egongo da», azaldu du Khaled Husseinik, proiektuaren bozeramaile diharduen militar batek. Alegia, bost urte eskasean Egiptok hiriburu berri bat izango du, hutsetik eraikia, Kairotik 50 kilometro ekialdera. Eraikin ofizialez gain —parlamentua, presidentearen jauregia, enbaxadak...—, hiri berriak finantza barrutia ere izango du, eta milioi bat lagun biziko dira han, gutxi gorabehera. «Amets bat dugu», aldarrikatu du Husseinik, Martin L. Kingen hitzak erabiliz. «Egiptoko Estatuaren irudi ederra emango dugu».
Planak, hiru faseak kontuan harturik, zorabiatzeko moduko zenbakiak ditu: bost milioi biztanle baino gehiago, New Yorkeko Central Park halako bi den parke bat, hiria zeharkatuko duen ibai artifizial bat, 600 klinika eta ospitale baino gehiago... Guztia eremu izugarri batean: 700 kilometro karratukoa da, Singapur adinakoa. Hogei bat etxe orratz ere eraikiko dituzte, tartean Afrikako garaiena (400 metro). Webgunean jarritako maketetan, metropoli berriak Dubairen eta Vancouverren arteko nahasketa bat dirudi.
Indar armatuek dituzte ACUD enpresa eraikitzailearen akzioen %51; gainerakoak Etxebizitza Ministerioari dagozkio. Al-Sisi gogor agintzen hasi zenetik, militarren aztarnak ageri-agerikoak dira gobernuan eta ekonomian, lehen baino are agerikoagoak. Halere, ezinezkoa da jakitea zehazki zenbaterainokoa den enporio militarra, tabu hutsa da eta. Defentsa Ministerioaren aurrekontua estatu-sekretu bat da, konstituzioak babestua. Gardentasun falta horrek hiriburu berriaren zenbakiak ere estaltzen ditu.
«Ez dago oso argi nor ari den ordaintzen proiektuok; ez dago gardentasun handirik», deitoratu du Amr Adly ekonomialariak; jarrera kritikoa du «proiektu nazional» direlakoekin. Proiektu horiek lan faraoniko multzo bat dira, hala nola Suezko kanal berria, eta, haien bitartez, gobernuak ekonomia bultzatu nahi du. «Arazoa da lan horien oinarrian ez dagoela inongo bideragarritasun ikerketa zorrotzik. Baliabide ugari erakartzen dituzte epe laburrera, geroko ustezko etekinen promesarekin», gaineratu du.
Husseini bozeramaileak aitortu duen arren ez dagoela behin betiko aurrekonturik, hasieran zioten 40.000 milioi dolar ingurukoa izango ote zen. «Oraingoz, 20.000 milioi libera inguru jarri ditugu [1.300 milioi euro], eta espero dugu gainerakoa Egiptoko eta atzerriko inbertitzaileek jarriko dutela. [Arabiar] Emirerri Batuetako eta Txinako zenbait konpainia badabiltza jada lehen fasea finantzatzen, eta beste batzuekin negoziatzen ari gara», baieztatu du ofizialak.
Kairoren buxadura arintzea da hiriburu berriaren helburua; izan ere, 22 milioi lagun bizi diren megalopoli bat da Kairo; erabat oztopatua du trafikoa, eta kutsadurak izugarri gainditzen ditu NBEk gomendaturiko mugak. Lehendik ere izan da planik Kairoren kanpoaldean auzuneak eraiki eta desertuari tartea jateko, eta ez dute ondoren positiborik izan. Erdizka utzitako eraikinez beteta dauden urbanizazio ugari ditu Kairok inguruan; politika publiko ezinago kaskar baten lekukotza isila. Garraio publikoko sareetatik aparte daude, eta elite gutxi batzuk soilik joan ziren hara bizitzera.
Ur hornidura, arazo
Argi dago gauza bera gerta litekeela hiriburu berrian, nekez erakarriko baititu aurreikusitako bost milioi biztanleak. «Kairoren kanpoaldean bada sektore bat oso espekulatzailea, eta basamortu sailak saltzeak etekin handiak eman litzake», dio kritikaz David Sims urbanistak; Simsek Egypt's Desert Dreams (Egiptoko basamortuko ametsak) liburuan bildu du basamortuko hirigintza planen 40 urteko porrota. «Gainera, Kairoren buxadura arindu beharrean, larritu egingo du, norbere ibilgailua erabiltzea sustatzen baitu. Alternatibarik onena garraio publikoan inbertitzea izango zatekeen», erantsi du.
Proiektuaren iraunkortasun arazo nagusietako bat zera da, ura erruz xahutzen duela, eta Egipton gero eta eskasia handiagoa dagoela, munduko urtegirik handienetako bat eraiki behar baitute Etiopian. Aski da hiriburu berriko apartamentuen iragarkiei so egitea ikusteko askotariko luxuak eskaintzen dituztela, hala nola igerilekua eta spa partekatua, lorategi zabalak eta beste, basamortuaren erdian. 60.000 eurokoak dira merkeenak, ezin garestiagoak gehienentzat, Egiptoko funtzionario batek nekez irabazten baititu hilean 200 euro baino gehiago. Husseinik dioenez, agintariek 20.000 apartamentu utzi nahi dituzte etxe sozial gisa, baina argi dago inondik ere ez direla nahikoak. Gobernuarentzat, hiriburu berria «ametsa» da, baina, egiptoar gehienentzat, areago da desertuko ispilatze bat.