astekaria 2018/08/10
arrowItzuli

politika

«Euskaldunak gaur zurekin izan behar dituzu, koipea eman, baina nik ez dut inoiz horrela funtzionatu»

Eneko Etxegarai Urain

«Euskaldunak gaur zurekin izan behar dituzu, koipea eman, baina nik ez dut inoiz horrela funtzionatu»

Jean Grenet (Baiona, 1939) erretretan da. 20 urtez izan zen Baionako alkate, baina politikaren aurretik zein ondoren bizia badagoela dio. Arrangoitzen (Lapurdi) bizi da egun, herritar «arrunt» gisa du bere burua, eta esaten du ez duela zertan bere iritzia eman, egiten dena ez duela epaitzerik. «Ahal nuena egin dut, ahal dutena egiten dute; ez da konparaketarik egiterik, haiek eta gero beste batzuk izango dira».

Nola bizi izan dituzu azken boladako gertakariak? Bake prozesuaz-eta zer diozu?

Bazen garaia, denek itxaroten genuen bake prozesua. Pazifista naiz, biolentzia hastio dut, eta horretaz sufritu dugu; Donostia ordu erdira da. Atentatuak ikustea miserablea zen. Sentitzen genuen, gainera, ez zela soluzioa, bide itsua zela, biolentziak ez zuela ezer ekarriko, inoiz. Alde batera utzirik ohartzen gira askoz fiteago aitzinatzen ari garela. Historiak dakarren erakaspena da. Herri zoragarri honen irudi kontraproduktiboa ematen genuen. Parisen uste zuten gerra zibila zela. Ezetz erraten nien, normalki bizi ginela. Biolentzia batez ere bestaldean zen, GALen erreakzioa izan zen, SACeko ohiek kontuak konpontzen zituzten.

GALen inguruan Frantziaren ardura aipatzen da maiz.

Pentsatzen dut estatuaren partetik ez dela politika argirik izan arazo horreri begira. Bestalde, hona etortzen zirenek odola zuten eskuetan, ETArenak 900 heriotz baino gehiago dira. Errefuxiatu politiko estatusa galdegiten ahal zuten, ez zitzaien onartuko. Berehala estraditatuak izango ziren Espainiara, klandestinoak ziren. Garai anbiguoa zen, denentzako zaila. Uros eta harro naiz azkenean Euskal Herriak ulertu izana ez zela soluzioa. Nahi edo ez Espainia herri demokratikoa da, ez gira Francoren garaian. Ez dira gauzak egiten eriak klaskatuz. Ez dut iraultzan sinesten, garapenean baizik.

Desarmea Baionan eman da.

Ez naiz ados horrekin. Gatazka armatua, Espainia, Gaztela eta Hego Euskal Herriaren artean izan da. Guk hemen zer izan dugu? GAL eta iheslari batzu. Gureganatzen dugu desarme bat ez dena gurea. Ez da Frantzia eta Espainiaren arteko gerra bat izan. Hego Euskal Herria Madrileko botere zentralaren kontra izan da. Haien arteko gerra bat da, ez gurekin.

Armak mugaren alde honetan zeuden.

Uste dut gehiago bestaldeko iniziatiba zela, alde honetakoa baino. Harritu naiz jende batek bereganatzea bake artisauak, Kanbo... Lehen lerroan ez zirenek erraten dute arazoa konpondu dutela. «Ez, ez duzue arazoa konpondu». ETAk desegitea erabaki du, armak zeharka itzuli ditu. Bestaldean konplikatuagoa da, beti daude tentsioak. Espainian duten arazoa hemen ez dugu. Katalunian gertatzen dena beste leku batzuetara hedatzea arriskatzen du Madrilek: Andaluzian, Hego Euskal Herrian, Galizian. Ez gara batere kontestu berdinean Frantzian.

Arbolaren Egia estreinatu da.

Nere ustez goizegi da, neurri desegokia da, ez du lasaitzen, eta lasaitzea behar dugu. Bai polemikoa zen, probokatzailea. Froga da hori egin dutela eta ez dakitela orain non jarri. Baionako biztanleei erreferendum bitartez eskatzen bagenie, nere ustez, ez lukete nahi. Ez dugu horren beharrik, gehiegi iraun duen gatazka izan da, arrastoak utzi dituena, denborari denbora utzi behar zaio orain. Horrez gain, ezin dugu kontsideratu arte garaikideko maisulan bat denik.

Hedatzen duen ideiaz zer diozu?

Aukeratzekotan Gernikako arbola nahiago dut.

Zergatik?

Sinbolo biziki ederra delako, lehenik eta behin arbol bat da, eta Euskal Herria zer den ongi adierazten du. Merezi duen errekonozimendua, eta, ezagutu dugun guziarekin, bake desiragarria. Lazgarria da, hala ere, bazkaltzen ari zara jatetxe batean, tipo bat heldu da eta tiro bat ematen dizu buruan. Arazoak ez dira horrela konpontzen, esperientziak erakutsi du. Begira kartzelan dauden guziak. Diputatu nintzenean, hitza hartu nuen presoen hurbilpenerako.

Zein izan zen erantzuna?

Bizpahiru Justizia ministrori galdera egin nien, baina ez dizute erantzuten.

2011n Aiete izan zen, 2012an Aurore Martinen kasua... Urte horietan zer zioten Parisen?

Alde nabarmena zegoen hemengo arduradun politikoek eta Pariskoek sentitzen zutenaren artean. Guk erraten genien: «Aski da, nahiko ongi kokatuak gira jakiteko zer pasatzen den». Anekdota bat kondatuko dizut. Astearte batez Jean Louis Borlooren bulegoan naiz. Telefono dei bat jasotzen dugu. Eliseoa zen nitaz galdezka. Orduan informatzen naute: Nicolas Sarkozy lehendakarigaia Baionara datorrela ostegunean. Erran nien: «Barkatu? Errepikatu otoi. Ongi pentsatu duzue?». Erran nien: «Begira, ez didazue iritzia eskatu, baina emanen dizuet: pitokeri galanta da, orain egin nahi duzuena». Dena konpondua zela erran zidaten, eta kortesiaz abisatzen nindutela. Hara zein zen Paris eta hemengo errealitatearen arteko aldea. Eskatu bazidaten errango nien ez zuela balio probokatzera etortzea. Arazo batzuk bertatik hobeto hautematen dira.

Bidai horren inguruan Alliot Marie biziki kritikatua izan zen

Ez dut hitz egin nahi; joker.

2017ko urtarrilaren 1ean Euskal Hirigune Elkargoa sortu zen.

Garapen baten aldekoa nintzen, baina ez halakoa. Hamar elkargotik bakarra egin dugu, nik hiru egingo nituen, bat probintziaka, eta horren gainetik konpetentzia orokorrekin, polo metropolitanoa. Bi printzipio ditut: hurbiltasuna bata -arazo batzu hurbiletik konpontzen direlako-, eta subsidiariotasuna bestea. Errango nuke, beraz, eraginkorragoak ginatekeela hiru elkargorekin, Lapurdik, Zuberoak eta Nafarroa Behereak problematika ezberdinak dituztelako. Amankomunean kudeatzen ahalko ziren, ura, edo turismoa adibidez. Galdeiozu Baionako bati zer pasatzen den Ligi-Atherein (Zuberoa). Zer errango dizu? Ezer ez.

Eskumenetaz zer diozu?

Batzuk beharrezkoak dira, besteak hautazkoak. Dena hartzea erabaki da. Goldea idiak baino lehenago jarri da, eskumenetatik haratago, baliabideak daudelako, eta lehentasunak.

Elkargoak euskara eta gaskoia ofizialki aitortu ditu lurraldeko hizkuntza gisa.

Ortodoxoa naiz. Konstituzioaren bigarren artikuluak oso ongi dio frantsesa dela hizkuntza ofiziala. Ez du kentzen lokalki beste hizkuntza bat erabili daitekeela, eta eskerrak ez dagoen euskara bakarrik. Hizkuntza horiek biziarazi behar dira, ez nau trabatzen. Sortu nintzenean, inork ez zuen euskara erakasten, ez bazen zekiten familietan. Eskolan lotsa zenuen euskaraz hitz egiteaz. Gaur egun ez gaude horretan. Baina segur da konstituzionalki ezin direla maila berdinean jarri frantsesarekin; hori ez da egia.

Ezberdintze eskubidean sakondu behar da?

Kasu egin behar da beste lekuetan gertatzen dena ikusirik. Kataluniari buruz pentsatzen dut, batez ere. Gaztelaniaz baino gehiago katalanez ikasten dutelako dira gaur egungo arazoak. Belaunaldi horiek normaltasun osoz beraien hizkuntz propioa dute. Identifikazio eta errekonozimendu behar bat sortzen du horrek, independentzia saiakera dakarrena. Geroa ez da Europa federala, ez dut inondik ere sinesten. Kontserbadorea naiz, baina zinez sinesten dut Frantzia hexagonalarentzat, frantsesa dela hizkuntz naturala.

Antieuskaldunen taldean sailkatzen zaituen mitoa faltsua da?

Inoiz ez naiz horietakoa izan, inoiz ez. Ez dakit mundu abertzalean nola kontsideratzen nauten, baina ez dut uste euskaldunak borrokatu ditudanik, edozein modutan. Demokrazian gauden bitartean, marko horretan adierazten girenean; ni biolentziaren kontrakoa naiz. Demokrazian lehen gauza bestea errespetatzea da, eta bere iritziak. Ni ez naiz Etxeberri edo Etxegarai deitzen, Grenet dut izena. Ulertzen dut jende horrek lurraldeari begira sentsibilitate bat duela, ez dudana baitezpada. Baina kontsideratzea mugimendu horretan ez dauden guziak antieuskaldunak direla, faltsua da. Lagunak ditut euskaldunak direnak. Sentsibilitate bat dut herri honentzat, ezin ukatua da, bertan bizitzeaz harro naiz, errespetu asko dut tradizioentzat, hizkuntzarentzat... Garrantzitsua da atxikitzea, garatzea. Horrek ez du erran nahi lurralde nazionalean ezin dugunik kokatu. Semea futbolari profesionala zen eta euskadiko taldek selekzionatu zuen. Ohore bezala bizi izan zuen; baita nik ere.

Max Brissonek dio borroka armatu garaian bi alde zeudela.

Politikaren haur gastatua naiz. Hautagai deklaratu, eta inbestidurak heldu ziren, inoiz ez naiz belaunikatu. Erosoa da. Euskal hauteslearen pisuaz inoiz ez naiz arduratu, beraz. Gaur egun, alderdi guzietan ainitz pausatzen den galdera da. Abertzaleak aski finak eta aski inteligenteak dira, eta ulertua dute. Euskaldunak zurekin izan behar dituzu, koipea eman. Zure konbikzioak, sentsibilitate politikoa, pentsatzen duzuna, edozer izanik ere, boz bat, boz bat da. Promesek, entzuten dituztenak soilik engaiatzen dituzte. Nik ez dut inoiz horrela funtzionatu.

Elkargoari loturiko herritartasun bat garatzen zioala dio Jean Rene Etxegarai presidenteak.

Ez dago dudarik, nire lehen auzapezordea izan da 20 urtez. Sustengatu nuen, Modem alderdikoa zen, eta UMPren bozak izateko, etiketa borobilago bat behar zuen. Eskutik hartu nuen Jean Rene Etxegarai, eta UDIko lehendakari Borloren ikustera eraman nuen. UDIko etiketa oraindik badauka, inbestidura eskuratzea ahalbidetu dio. Ezin daiteke erran, beraz, ez naizela nere segidaz okupatu. Bera bakarrik aurkeztu zen, beraz, ez dut hautatzerik izan. Zilegia iduritzen zitzaidan. Gainera, uste dut berriz aurkeztu banintz ez zela nerekin geratuko, denbora luze egiten ari zitzaiolako.

Nola garatuko da hau dena?

Ez naiz Jean Rene bezainbat engaiatua euskalkerian, eta autonomia borondatean Baiona hiri gaskoia zen. Ez dut aholkurik emateko, baina kasu egin behar da jendea ez gehiegi txokatzea, hazkunde handiko euskalkeriarekin. Gauzak egiten utzi behar dira, naturalki eginen dira. Abiadura bortxatzen denean, erreakzioak eragiten ditu. Adibidez, Euskotan bozkatzea aurrekontua. Hori jendeak ez du ulertzen.

Mugaz gaindiko harremanaz zer diozu?

Mugaz gaindiko agentziaren barruan bilkura asko genituen, baina ohartzen gira biziki zaila dela. Ez ditugu egitura berdinak, eta konpetentzia batzu dituzte, guretzat, eskualdean direnak. Bi zenbakik dena azaltzen dute. Euskal Herri espainolean 2.800.000 dira, eta Euskal Herri frantsesean 350.000 gira. Ez da besterik, horiek dira indar demografikoak. Espainia aldeko Euskal Herria biziki aberatsa da, gainera, gu baino askoz gehiago. Oso azkarra da. Existitzen gira, baina ezin gira konparatu.

Besta iragan dira. Eraso sexista zein bortxaketen aurrean, emakumeen janzkerarekin ez zela harrigarri erran zenuen garaian.

Bai, zintzoki erran nuen. Jendetza, jendetza da. Ez dugu gizonen natura aldatuko, batzuentzat bereziki; harrapariak. Arras gustuko ditut emakumeak, baina inoiz ez zait burutik pasa jarrera edo portaera desegoki bat izatea batekin. Basapiztiak dira batzuk.

Ez al da hezkuntz arazo bat?

Uste dut edozein gizarte eredutan izan direla harrapariak, eta beti existituko direla. Gizakiaren naturan da, testosterona... Bakoitzak egiten du nahi duen erabilpena, edo ahal duena. Kasu guzietan hezkuntza bada, baina faktore asko dira. Ez du balio batzuengan gogoak piztea. Guraso banintz, eta alaba nerabe bat banu, janzkera batzu ez nituzke aholkatuko.

BERRIAn argitaratua (2018/08/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA