ekonomia
Hegoaldean, etxebizitzen salmenta 2008. urtekora hurbiltzen ari da
Iker Aranburu
Lurraldez lurralde alde handiak daude. Araban igoera oso nabarmena izan dute etxe salerosketek (%31,3), eta apalagoak Nafarroan (+9,4) eta Bizkaian ere (+%6); Gipuzkoan, ordea, %1,9 jaitsi dira salerosketak. 2017an, Gipuzkoa izan zen igoera handiena izan zuen lurraldea, eta, hortaz, zailagoa du orain erritmoari jarraitzea.
Etxebizitzen salerosketa bizkortu egin zen XXI. mendearen hasieran, diru merkeak erraztutako zorpetzea izan zenean. Joera horrek 2007an jo zuen goia (35.753 etxebizitza). Baina, 2008an, krisiaren lehen aztarnak agertu ahala, adreiluaren sukarra jaisten hasi zen, eta merkatuak erorialdi izugarri bat izan zuen. 2013an jo zuen behea, 14.667 etxe salerosi baitziren.
Berriak, %20
2014an hasi zen suspertzen etxebizitzen merkatua, ekonomiak oro har izan zuen bilakaera positiboarekin. 2013tik 2016ra bi digituko igoera izan zuen urtero salmentak, oso behetik abiatzen zelako, eta, hazkunde ekonomikoa itzuli ahala, badaezpada ere etxea erosteko erabakia atzeratu zuten asko merkatura itzuli zirelako. 2017an %6,9 handitu ziren salerosketak, eta antzeko hazkunde erritmoari eusten diote aurten. Horrenbestez, etxebizitza merkatuaren erorialdia %60tik %36ra leundu da.
Saltzen diren bost etxetik lau bigarren eskukoak dira -ia bitik bat izan ziren 2007an-. Krisiak garabiak geratu zituen, eta azken lau urteetan, ekonomia %3ko erritmoan hazten aritu den arren, etxebizitza berrien eraikuntza motel doa, salbuespenak salbuespen. Eta eraikitzen ez dena, ezin da saldu. Egia da, ordea, etxebizitza berrien salmenta merkatu osoarena baino gehiago handitu dela aurtengo lehen erdian (+%10,4).
Aurrekoarekin lotutako beste datu bat ere eman du INEk: babestutako 1.433 etxebizitza salerosi dira urtarriletik ekainera, iaz epe horretan baino 66 gehiago (+%4,8). Ozta-ozta iritsi dira %11 izatera.
Prezioak ere, gora
Etxebizitzen eskaria eta salerosketa handitu ahala, handitzen ari da haien prezioa ere. Baina, krisi aurretik prezioak neurrigabe garestitu zirelako edo, orain salneurrien igoera motelagoa da saldutako etxeena baino. Irailaren hasieran emango du INEk urte erdiari dagokion datua; lehen hiruhilekokoa da azkena, eta horretan ikusten da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %6,1 handitu zirela prezioak 2017ko lehen hiruhilekoarekin alderatuz gero. Lau urte daramate bizitegiek garestitzen, baina oraindik 2007an baino %31 merkeago daude. Motelago doaz gauzak Nafarroan: %2,1 handitu dira prezioak urtebetean, baina 2007an baino %42 merkeago daude oraindik.