kultura
Saroberen ezpalekoak
Ainhoa Sarasola
Duela ia bi hamarkada, Urnietan (Gipuzkoa), Sarobe Arte Eszenikoen Guneko zinema eskolan ezagutu zuten elkar. «1999-2000 ikasturtean izan zen. Bakoitza bere aldetik joan ginen hara», azaldu du Arregik. Enpresa ikasketetako azken urtean zebilen bera; Goenagak eta Berzosak amaituta zituzten ikasketa horiek berak; Garañok Kazetaritza eta Publizitatekoak eginak zituen, eta Gil Munarriz institututik atera berria zen. «Nik, adibidez, zerbait ikasteko gogoa neukan; ez nuen ideiarik zinemagintzaz, nekien bakarra zen asko gustatzen zitzaidala, eta ikusi nahi nuela zelan egiten zen hori», azaldu du Arregik.
Harremana egin zuten, eta harreman hori areagotu egin zen eskolako dinamikaren harira. «Gidoigintza kurtsotik hiru gidoi aukeratu, eta hiru labur egiten ziren 16 mm-tan. Jon, Xabi eta Jorge batean zebiltzan, Aitor eta ni beste batean...», dio Goenagak. Batek zuzendu, eta besteek bestelako roletan jarduten zuten, eta lan bakoitzean rolak txandakatzen zituzten; hala, guztiak aritzen ziren batean edo bestean. Gogoan dutenez, taldea sortua zuten jada ikasturtea amaitu aurretik. Nork bere gidoia idatzia zuen, eta eskolako dinamika berean jarraitu zuten lanean. «Batak bestearenak irakurtzen genituen, eta hor jada bazegoen material bat; era natural batean, gidoi batzuk mahai gainean zeuden, eta, ez bazeuden, garatzeko gogoa zegoen». Garañok gogoan duenez, halako batean erabaki zuten bakoitzak film labur bat zuzenduko zuela, eta besteek beste roletan lagunduko zutela: «Moriarti sortu zen gure bizitzetan zer egin oso ondo ez genekien momentu batean, eta hala, pentsatu genuen: 'Ba behintzat egin ditzagun labur batzuk'». Orduan hasi zen hedatzen egun arlo teknikoagoetan aritzen diren beste hainbat kideren sarea ere.
Donostiako Larrotxene kultur etxean hasi ziren filmak sortzen, bertako baliabideekin; Berzosarenetik hasi ziren, bost laburrak osatu arte. Lehen urtean egin zituzten gehienak, baina Garañorena, esaterako, 2008an bukatu zuten. Goenagak eman du azalpena: «Denbora asko pasatzen genuen Larrotxenen, eta, labur horiek egiten ari ginela, beste proiektu batzuetan hasi ginen pentsatzen». Garañoren ustez, Arregik zuzendutako laburrak -Nora hoa, Bixente?- sari batzuk lortu izanak lanean jarraitzeko ilusioa ekarri zien, eta Goenagarena -Tercero B- «profesionalago» egitea erabaki zuten; mugarritzat ditu bi lan horiek. «Apustu bat egin genuen, eta ondo atera zitzaigun. Horrek eta beste ekoiztetxe batzuekin harremanetan jartzeak lan dinamika batean hastea ekarri zigun». Moriarti, sortzaileen talde moduan, sortua zen jadanik. Eta berehala sortu zuten izen bereko ekoiztetxea ere, Atxaren parte hartzea gehituta.
Hori ere ia berez iritsi zen, beren proiektuak ontzeko tresna baten gisan, baina Goenagak gogoan ditu hasierako zalantzak. «Salto bat ere izan zen. Larrotxenen urtebete eman, eta Parte Zaharrean lokal bat alokatzeko aukera sortu zen. Zenbat zen...?». «25.000 pezeta», zehaztu dio Arregik, irriz. Goenaga: «Guretzat hori kristoren inbertsioa zen garai hartan. Bazirudien ez zuela atzera bueltarik; zen esatea 'pauso hau emango dugu?'». Haren ustez, garai hartan Garañok zein Berzosak «ikuspegi estrategiko handiagoa» izan zuten. «Nik kurtsoa egin nuen zinema gustuko nuelako, baina gero nire asmoa zen ikasitakoaren inguruan lanen bat bilatzea. Baina pixkanaka gauzak egiten zoaz. Jabetzerako, hemeretzi urte joan dira, eta hemen segitzen dugu».
Bakoitzaren zalantzak gorabehera, hazia ereinda zegoen. Talde bat ziren, eta pixkanaka sakonduz joan ziren elkarrekin lan egiteko hasierako molde horretan. Garaño: «Elkarlan horretan hasi ginen, eta azkenean filosofia hori, nahita edo nahi gabe, orain arte mantendu dugu».
Autoretzari lotutako kezkak
Zuzendariaren figurak pisu handia du zinemagintzan. Filmaren izenburua baino gehiago, zuzendari jakin horren azken lanaz hitz egin ohi da maiz. «Horrek arrazoi bat du», Garañoren ustez: «Filma talde lan bat izan arren, zuzendariak bere zigilua ematen dio nolabait». Haien kasuan, ordea, Moriartikoen filmez hitz egin ohi da. Kideek aitortu dute horrek kezka sortzen ziela hastapenetan. Goenaga: «Ez nengoen ziur guk taldean sortzean nortasun handirik izango ote genuen. Baina urteak pasatu ahala, iruditzen zait ahots propio bat sortu dela, taldearena. Denon ikuspegiak uztartzen joan gara, eta Moriartiren filmak denon nahasketa dira». Garañok ere bazuen kezka hori, baina alde ona ikusten dio orain: «Zentzu batean orain kontrakoa ere gertatzen zaigula esango nuke. Lehen, zigilu hori izatea onerako zela iruditzen zitzaigun, eta orain, igual ezin diogula eskapu egin. Azkenean, hau da gure egiteko forma, eta iritsi gara puntu batera non gure filmak familiakoak diren». Arregik beste gogoeta bat gehitu du , filmaketa askotan aritu den lankide batek aipatutakoa gogora ekarrita: «Berak esan izan digu oso gutxitan ikusi duela zuzendari bat erabakiak bera bakarrik hartzen, beti duela babes figura bat, handiagoa edo txikiagoa, frontoi lan hori egiten... Hori agian kolektibotasun mozorrotu bat da... ». Goenagaren ustez ere zinemak beti du «kolektibotasun puntu bat, baina kolektibotasun oso hierarkizatu bat» izan ohi da.
Edonola ere, beren modura jarraitu zuten lanean. Zenbait film esanguratsu aipatzearren, esaterako, Arregik eta Goenagak Lucio (2007) zuzendu zuten; Garañok eta Goenagak, 80 Egunean (2010) eta Loreak (2014); eta Arregik eta Garañok, Handia (2017). Zuzendari aritu ez ziren beste kideak ez zituzten urrun izan, gidoigintzan edo ekoizpenean jardun baitzuten gehienetan. Bakarka ere jardun izan dute, baina gehienetan binaka aritu dira zuzendaritzan. Eta molde horren «errematea», Garañoren ustez, oraintxe ari dira frogatzen, La trinchera infinita lan berria hiruren artean ari baitira zuzentzen. «Nahiz eta salbuespen bat izan, balio du filosofia zein den ikusteko». Hainbat arrazoi tarteko, filmaketa bi zatitan banatu dute: udaberrian, Goenaga eta Arregi izan ziren filmaketa zuzentzen, eta oraintsu, Garaño eta Goenaga aritu dira bigarren zatian.
Jakin badakite jendeari atentzioa ematen diola hala aritzeak, hainbeste urteren ostean hala jarraitzeak bereziki. «Hori baino gehiago», dio Garañok, «jendeari arraroa egiten zaio, normalean bi zuzendari haserretu eta bakoitzak bere filma egitea gertatu izan delako, baina ez da izaten halako rol aldaketarik». Arregik aitortu du maiz galdetu diotela ea nolatan orain arte taldea ez den hautsi.
Alde eta kontra
Lan batetik bestera aldaketak egiten dituzten arren, Moriartiko kideek badute lanerako ohiko metodo bat, Arregik azaldu duenez: «Aspalditik dugun prozedura da Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak martxan jarri baino lehen elkartzea eta handik aste pare batera beste bilera bat egitea. Lehen bilerara, bakoitzak urtean zehar buruan izan dituen ideiak ekartzen ditu; brainstorming moduko bat sortzen da, eta lehen sentsazioak ikusten ditugu». Izan daiteke hogei ideia bota, eta zortzi igarotzea hurrengo fasera, onespen txikiagoaz edo handiagoaz. «Tarte batera, beste bilera bat egiten da, ideia horiek nola garatu ikusteko. Gero, normalean, ideia mahai gainean jarri duenak garatzen du proiektua, eta ondoren gehituko da beste zuzendarikide bat».
Rol batean zein ariko den erabakitzeko, ideia izan daiteke irizpideetako bat, baina normalean hainbat arrazoi izaten dira tartean. Arregi: «Askotan, norbera non eta zertan dabilen da kontua». «Motibazio kontua ere bada», Goenagaren ustez; ideia batek nor erakartzen duen gehiago edo gutxiago. Bakoitzak zer roletan duen eskarmentu gehiago ez da erabakigarria, baina bada faktore bat, Garañoren ustez: «Nahiz eta gero denak egon, Jose Marik gidoiaren karga handia hartu ohi du, Jorge ere gehiago dabil gidoiarekin, Xabi produkzioan...». Dena den, beste kideak zuzendarien alboan izaten dira beti, «bigarren eraztun moduko batean, kanpotik begira bezala, eta eztabaidan sartzen dira; gauzak ondo badoaz, gutxiago; bestela, gehiago».
Eta eztabaidak izaten dituzte. «Oso antologikoak» izan dira batzuk, Garañoren hitzetan. «Jendeak flipatu egiten zuen gure lehen filmaketetan». Egun, lantaldean horren kontura barre egiten dutela dio, badakitelako eztabaidek gerora ez dutela ondorio larririk izaten. «Jose Marik behin esan zuen, eta nik ordutik berak baino gehiago esaten dut, ados gaudela %90 eta piko batean, ze ja badugu zinema ikusteko era oso antzeko bat, eta gero, ez gaudela ados txikikeria askotan...». «Baina txikikeria horiek askorako ematen dute...», gehitu du Goenagak. Hori da taldean aritzearen alde txarretako bat, denen ustez. «Desabantaila argietako bat da askotan haserretzen zarela, eta asko moteltzen dela dena, erabaki bat hartzeko ados jarri beharra dagoelako». Ez da beti erraz lortzen, baina horretan alde joka dezake taldeak, Goenagaren ustez: «Unearen arabera, hor beste ahots batzuk daude. Berez bi zuzendari egon badira ere, besteok ere iritzia ematen dugu; nolabait, ez da biren arteko erabaki bat, askoren artekoa baizik». Bakoitzaren iritzia aurrera atera edo ez, hori erlatibizatzen ikasi dutela uste du Arregik: «Batzuetan, zuk defendatzen zenuena hobeto dago, eta beste askotan, okerrago. Uste dut konfiantza dugula pauso motel horietan, iritzi talde horrek ondo bideratzen duela kontua».
Garañoren ustez, elkar ondo ezagutzeak pisu handia du. «Izaeraz oso ezberdinak gara, eta prozesuak ere oso era ezberdinetan eramaten ditugu. Nik, adibidez, asko sufritu ohi dut filmaketan, eta Aitor, aldiz, disfrutatzen ikusten dut; muntaketan, alderantziz da». Arregik abantaila bat ikusten dio horri: «Ondo dago profil ezberdin horiek egotea, konpentsatzeko, eta iparrorratza argiago izateko, zeren prozesua luzea izaten da, eta askotan ez duzu irtenbidea argi ikusten». Goenaga bat dator: «Film bat bere osotasunean ikustea zaila da prozesua hain luzea izanda, eta uste dut taldean arituz gero errazagoa dela perspektiba mantentzea». Taldeak ongi funtzionatu izanaren beste bi faktore aipatu ditu: iritzia emateko duten askatasuna, eta nork bere «oxigenazio epeak» hartzea.
Horiek horrela, galdetutakoan ea beren burua irudikatzen ote duten film bat bakarka egiten, «ez» borobil batekin erantzun dute hirurek, batera kasik. Arregi: «Nik argi dut Handia nik bakarka egin izan banu askoz ere film txarragoa aterako zela, berdin Lucio...». Besteak bat datoz, baita oso film ezberdinak liratekeela esatean ere. «Nik behintzat, pentsatu izan dudanean 'ez dut honekin jarraitu nahi', alternatiba ez da bakarka joatea, uztea baizik; edo Moriarti, edo pelikularik ez egitea». Arregik garrantzia handia ematen dio nork bere tarteak hartu eta taldeak ulertu izanari. «Uste dut errespetua egon dela, eta hori Moriartiren aktibo oso inportante bat dela. Ni behintzat, alde horretatik, harro nago halako dinamika baten parte izateaz».
Bihar: Bulegoa Z/B.