astekaria 2018/08/10
arrowItzuli

gizartea

Mugen gordinaren lekuko

Zihara Jainaga Larrinaga

Mugen gordinaren lekuko

«Beste mundu bat posible da». Itxaropentsu agertu da Ana Elena Altuna (Bergara, Gipuzkoa, 1957), errefuxiatuen aldeko Mugak Zabalduz egitasmoak uztailean egindako karabanan parte hartu ostean. Hamar eguneko bidaiatik uztailaren 23an bueltatu ziren Euskal Herrira karabanako kideak. Ventimiglian, Frantzia eta Italia arteko mugan, Siziliako lurretan eta Calabrian (Italia) ibili dira aurten. Migratzaileek muga horietan bizi duten gordintasunaren lekuko izan dira.

«Errealitatea da bidaian ikusten den guztia», adierazi du Amaia Santo Tomasek (Leioa, Bizkaia, 1997). Iazko Melillakoaren ostean, haren bigarren karabana izan da, eta, aurrekoarekin alderatuta, leioaztarrak aitortu du «paralelismo modukoak» sortzen direla: «Egoera oso latzak ikusten dira, eta ez dira egoera bakanak: denak du lotura».

Azken hilabeteetan Europako Batasuna eta Italia aplikatzen ari diren politika «ankerrak» salatzeko aukera ezin hobea iruditu zitzaion Santo Tomasi aurtengo karabana. «Europak ez baititu betetzen giza eskubideen legeak», gogoratu du. Europa babes bila ari diren pertsonekin zer egiten ari den salatu beharra dagoela azpimarratu du. «Europa gu ere bagara, eta gure izenean egiten ari direna ez da onargarria». Arrazoi berari jarraika, Euskal Herriko hainbat txokotako 127 pertsona joan dira aurten Mugak Zabalduz karabanan. Penintsulako beste kolektibo batzuekin elkarlanean egindako bidaiak guztira 300 pertsona batu ditu.

Proiektu politiko horren bidez, migranteen egoera ikusarazi nahi izan dute. Eta, horretarako, harrera zentroak bisitatu dituzte. Horietako batean, Cataniakoan (Sizilia), esaterako, Libiatik heldutako 4.000 migrantek urteak daramatzate zain handik ateratzeko paperak noiz eskuratuko. «Kartzela batean daudela sentitzen dute, eta ez dute ulertzen zergatik dituzten han bahituak deliturik egin ez badute», azaldu du Altunak, eta gaineratu du karabanako kideek «ikaragarrizko inpotentzia» sentitzen dutela halako egoera ikusita.

Salten (Girona) batu ziren karabanako partaide guztiak, eta han egin zuten hasierako ekitaldia. «Asko harritu gintuen herri horretan dagoen migranteen kopuru handiak», aitortu du Altunak. Ostean, Ventimigliara abiatu ziren. Urte hasieran, penintsulako hainbat kolektibo Salamancan (Espainia) bildu ziren, eta han erabaki zuten aurtengo karabanaren helmuga. Kokapen geografikoagatik aukera zuten hein handi batean. «Libiatik jende asko ari da pasatzen hara, eta oso toki arriskutsua da», aitortu du Agus Gorbeak (Gasteiz, 1952), Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideak. Bidaiatik bueltan, hara joatea aukera ona izan dela berretsi dute. Besteak beste, balio izan die konturatzeko hedabideak erakundeen eskuetan egoteak, hein batean, gizartearen elkartasuna ezkutatzen duela. Hori ere amorruaren parte dela adierazi dute. «Gu joateagatik ez da gehiago gertatzen, baina kontziente izan behar dugu nahiz eta ez ikusi errealitateak hor daudela», azpimarratu du Santo Tomasek.

Azken urteotan Italiak rol garrantzitsua hartu du migrazioen auzian. Horrez gain, azken hauteskundeetan eskuin muturra garaile atera izanak salaketak egiteko jokaleku egoki bihurtu du, Gorbearen esanetan. Horri lotuta, joan aurretik pentsatu izan zuten arazoak izango zituztela bertako jendearekin, baina ez dute tirabirarik izan. «Esango nuke ez zaiela interesatzen ere», aitortu du Gorbeak. Hurbildu zaizkien herritar gehienak manifestazioetara batu dira. Aldiz, errefuxiatuekin ez dute aparteko harremanik izan aurtengo bidaian.

Egoerak gertutik bizitzea

Elkarretaratzeak, manifestazioak eta bestelako ekintzak antolatu dituzte karabanan. Palermon (Sizilia), adibidez, Rotoli izeneko hilerria bisitatu zuten. Altunaren esanetan, bidaiaren une gogorrenetakoa izan zen hura. Azaldu duenez, itsasoan hondoratutako 127 gorpu daude hilerri horretan. Horietatik 56 egun berean jasotakoak dira. «Hori gutxi ez, eta hilerriko gela batean lurrean botata aurkitu zituzten gorpuak», azpimarratu du Gorbeak.

«Guk, gure politikek, eragindako hilketak dira horiek», nabarmendu du Altunak haserre. Borroka ahaltsu baten ostean, herri hartako elkarte bateko kideek gorpu guztiak batera lurperatzea lortu zuten. Kanposantu horretan arreba lurperatua duen mutil batekin hitz egiteko aukera izan zuen Gorbeak, Caran (Sizilia) etorkinak behin-behinean hartzeko zentro batean. «Anaiarekin eta arrebarekin irten zen bere herritik, eta egun, arreba kanposantuan dago, eta anaiaren arrastorik ez du: itsasoan galdu zen». Oso momentu gogorra izan zen karabanako kideentzat. «Hausnarketa bat merezi du han ikusitakoak: ohartu behar dugu guk ere zerikusia dugula horretan», gaineratu du Altunak. Bestalde, hildako horien familia batzuk beren senitartekoak ikustera hurbildu izan direla jakin zuten.

Beste une gogor bat ere gogoratuko du Gorbeak denbora luzean: marinelekin izandako hizketaldi bat. «Kontatu ziguten azkenaldian, arrantzatzera irteten direnean, sareetan arrainen ordez migratzaileen gorpuak azaltzen zaizkiela». Ondorioz, arrantzale askok beren lanarekin jarraitzeko zalantza handiak dituztela gaineratu du.

Alabaina, Santo Tomasek azpimarratu du errealitate ezberdinak ikusi dituztela. Sizilian Italiaren aurpegi «ankerra» ikusi badute ere, Riace herrian (Calabria, Italia), aldiz, txanponaren beste aldea ezagutzeko aukera izan zuten. «Solidarioa eta migranteen egoera ulertzen duena». Aspalditik, errefuxiatuak jasotzen dituen herria da Riace: biztanleen gehiengo handi bat migranteak dira. Herriko alkateak aitortu zienez, 1997. urtean errefuxiatuak iritsi ziren, eta arazoak sortu ez, haiei esker herriko hainbat kontu konpondu ziren. Halaber, duela hogei urte ez zegoen tabernarik herrian, eta, egun, hiru daude, baita zenbait komertzio ere. «Pena izan zen denbora gutxi egon ginela, han konturatu baikinen beste mundu bat posible dela», erantsi du Altunak.

Hirugarren karabana

Hirugarren aldiz antolatu dute aurten karabana. Lehenengo aldian, Greziara joan zirenean, autobus bakarra atera zen Bilbotik; aurten, aldiz, bi bete dituzte. Horri lotuta, Altunak adierazi du instituzio politikoek errealitatea ezkutatu nahi dutela: «Erakundeetatik etengabe entzuten ari gara ez dagoela zer eginik, eta gurea diskurtso bat baino ez dela». Karabanan parte hartzeak, baina, balio izan die ohartzeko urte osoan egiten dituzten ekintzak zentzua dutela, eta euren buruei erakusteko ez daudela bakarrik: «Uste baino gehiago gara bide berean lanean ari garenak».

Greziako lehen bidaia hartan, esku bakarrekin konta zitekeen jende gaztea. Aurten, aldiz, partaideen ia erdiak 30 urtetik beherakoak zirela azpimarratu du Altunak. Halaber, iazko karabanatik aurtengora gazteen presentzia ikaragarri hazi da. Santo Tomasek honako hau dio: «Oso aberasgarria izan da nire adineko pertsonen arteko mugimendu hori ikustea, benetan arduratzen gaituen zerbait dela ohartzea».

Halaber, gaineratu du ardura apur bat ere sentitzen dutela: gizartearen sentsibilizazioa lortzekoa, hain zuzen. Kontzientzia sortzen saiatzen dira unibertsitatean aurten sortu duten taldearen bitartez. «Gertatzen ari dena gertatzen ari da, eta jendeari ezinegona sortu zaio, gazteoi ere bai». Horrekin lotuta, sare sozialei esker, kontzientzia lortzeko bidea gazteei gutxienez erraztu zaiela aipatu du. «Askoz errazagoa da gure artean komunikatzea: denok gaude sare sozialetan, eta mugitzeko erraztasun horiek ondo etorri zaizkigu».

«Aberasgarria». Halaxe definitu dute aurtengo karabana hiru kideek. Datorren urteari begira, Amaia Santo Tomasi gustatuko litzaioke beste karabanarik egin behar ez izatea, «baina oraingoz asko dago salatzeko eta aldarrikatzeko». Horri horrela, espero du karabana gaztez bete ahal izatea, «indarra badugu». Agus Gorbeak gaineratu du urte osoan jarraituko dutela Euskal Herrian egunero azaltzen diren edo «erakusten dizkiguten» errealitateen araberako ekintzak antolatzen.

BERRIAn argitaratua (2018/08/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA