gizartea
Soldadu jantzita ere bai
Arantxa Iraola
Gatazka horien gordintasunak ezkutuan laga ditu Euskal Herriko beste hainbat arma desfiletan ondo bidean konpondu diren hainbat prozesu. Baina izan, badira: arrakastatsuak, gainera. Garai bateko desfile militarren eta armadunen desfile folklorikoen arrastoak dira alardeak, iraganeko bizipenetan oinarritutako ospakizunak; bizirik daude, ordea, hainbat tokitan, eraberritu ondoren ere.
Tolosa (Gipuzkoa) hortxe dago, adibiderako. Sanjoanetan egiten den alardean gizonak besterik ez ziren ateratzen orain hiru hamarraldira arte, elkarte gastronomikoen abaroan horietako asko. Baina emakumeek gaia mahai gainean jarri zuten: andrazkoen konpainia bat sortzea proposatu zuten, eta aparteko eragozpenik gabe egin dute ordutik bidea jai horretan. Gipuzkoan bertan, Antzuolan, zuztar sakonak ditu urtero herriko jaietan egiten duten alardeak ere: 920. urtean, ustez, Valdejunqueran (Nafarroa) antzuolarrek mairuen kontra izandako borroka «aitzakia hartuta» egindako erritu bat dela esplikatzen dute antolatzaileek. Duela hamar urtetik dute andrazkoek bertan desfilatzeko era. Bizkaian, Elorrion, errebonbiloen desfilea da etxe gehienetan armak izaten ziren garai urrun hartako lekukoa; urriko lehen igandean izaten da. Desfilatzen dute han ere emakumezkoek. Joan den hamarraldian hasi ziren; entseguetara joaten hasi ziren, eta inork ez zien aterik itxi.