astekaria 2018/08/03
arrowItzuli

bizigiro

Ur gainean eta haizea gidari

Uxue Rey Gorraiz - Olatz Azpirotz Larzabal

Ur gainean eta haizea gidari

Bela hizpide, itsasoa datorkio burura jende askori berehala: olatuak eta ur gazia. Geza da, ordea, Allozko urtegiko ura. Nafarroan kostalderik ez, eta jendeak horrelako bainu eremuak erabiltzen ditu uretan mota orotariko kirolak praktikatzeko. Eskaintza zabala da bertan: windsurfa, pedalontzia, piraguismoa... baina bela da izarra. Nafarroako Bela Federazioan adibide bakarra da Allozko eskola, eta horrek asetzen du, beraz, Nafarroan den afizioa. Urtero, martxoan hasten dute denboraldia, eguraldiak hobera egiten duenean. Orduan dute bertaratzen direnek kirola praktikatzeko aukera: modu profesionalean, txapelketetan parte hartzeko moduan, edota aisialdiko ekintza gisa.

Kirolaren xarmak erakarrita, Nafarroako Bela Eskola jarri zuten martxan: Esako urtegian lehenik, 1998ra arte, eta Lerate herrian gaur egun, Lizarratik hogei bat kilometrora. 1984an abiarazi zuten proiektua, eta, ordutik, nabigatzaile taldeek entrenamenduetarako tokia izateaz gain, eskolak jarduerak eskaintzen dihardu bela kirol gisa jendeari hurbiltzeko. Helburua hori izanik, belaren formatu oinarrizkoena aukeratu zuten bertarako: bela arina. Jende mordoa hartzen dute, eta ikastaroak ematen dizkiote kirola ezagutu nahi duen orori, beharrezko lezioen ondoren uretan bere nabigazio propioan murgildu dadin, haizeak gidatuta.

Eskolako lema nagusia Susana Gonzalezek gidatzen du, zuzendaria baita, duela 25 urtetik hona. Azaldu duenez, bizitza osoa darama eskolan lanean, eta inork baino hobeki ezagutzen du proiektua barrenetik. Pozik dago eskolak hartzen duen jende kopuruarekin. Nafarroan belarako dagoen afizioa aski handia dela azaldu du, «handiagoa egunez egun». Hori, ordea, eskolak jasotzen duen bisitari kopuruan baino gehiago, dagoen eskaintzan antzeman daiteke, haren ustez: «Asko gustatuko litzaidake geroz eta jende gehiago etortzen dela esatea, baina, egia esanda, berdin mantendu gara oro har», dio Gonzalezek, gustura, hala ere. Haren esanetan, afizio hori handiagoa da, baina «barreiatuagoa» dago, Nafarroatik kanpo eskola asko baitira kirola praktikatzeko aukera ematen dutenak.

Aldaketa handirik gabe, baina «bete-betean» dabil bela eskola. Zenbakiek eskolaren egoera «goxoa» erakusten dute. Ikasturtean, astero 145 haur hartzen dituzte, eta ikastetxeak tokirik gabe ere gelditu izan dira hainbatetan, zuzendariak azaldu duenez. Arrakastak sendotu du hainbeste urteko ibilbidea, baita pixkanaka egin dituzten hobekuntzek ere.

Allozko urtegian eta Aritzalekuko kanpinean egin dituzten hogei urteetan, instalazioak hobetu dituzte; aipatzekoa da, zuzendariaren esanetan, 2006an ur ertzean egin zuten obra, «uretarako sarrera asko erraztu baitzuen». Nafarroako Bela Federazioaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin aurre egin zieten kostuei, bai eta TEDER Lizarraldeko Lan Garapenerako Elkartearen ekarpenei esker ere. Belan nabigatzeko talde lana ezinbestekoa den bezala, elkarlanak ahalbidetu du eskolak orain egoera arrakastatsua edukitzea.

Ur lasaia, haize nahasia

Urtegi batean aritzea -itsasoa ez den ingurune batean, alegia- ez da desabantaila bat, han aritzen direnen ustetan, «berezitasuna» baizik. Olatu eta marearik ez izateaz gain, haizearen izaera da itsasoko eta urtegiko nabigazioaren arteko aldea. «Hemengo haizea aldakorra da oso, itsasokoa ez bezala, oso egonkorra baita han», azaldu du Gonzalezek. Haize bolada bortitzak izaten dira maiz; bat-batean lasaitu egiten dira; gero, berriz, ezustean hasten dira. Haizearen noranzkoa ere aldakorra da; horregatik, argitu du ezen, urtegia «ingurune kontrolatua» izanda ere, han nabigatzeak ez duela zertan errazagoa izan, «abantaila eta zailtasunak» dituelako, aldi berean. Gonzalezek azaldu duenez, ingurunea ezaguna izatea «oso aproposa» da gaitasun teknikoak garatzeko. «Ontzi propioa izanda gabezia teknikoak dituen jende asko etortzen da horiek lantzera, itsasoan modu aproposagoan ibili ahal izateko».

Gaitasun teknikoak garatzeko eta esperientziaz gozatzeko, udaro antzeko ikasketa prozesua baliatzen dute eskolako irakasleek. Eskolako instalazioak eta materialak erabiltzen dituzte ikastarora doazenei kirola erakusteko: klase teorikoa eta praktikoa egiten dituzte. Astelehenetik ostiralera, egunez egun gauza berriak ikastea dute helburu; ez baita bilatzen egun bakarrean aditu izatea, pixkanaka edukiak barneratzea eta esperientziaz gozatzea baizik.

Ikasleak eta irakaslea arratsaldero elkartzen dira bela eskolan; hango egurrezko etxolako ikus-entzunezko ikasgela dute bilgune. Hainbat sarik apaintzen dituzte ikasgelako hormak, zilar eta urre kolorez; hango taldeak txapelketak irabazitakoak dira.

Lehenengo, aurreko egunean esandakoak eta azaldutakoak gogoratzen dituzte. Haizea kontrolatzen ikasteko azalpenak dira nagusi, ikasleek hori ondo ulertzea baita irakasleak nahi duena. Gero, arbelean azalpenak errazteko, txalupa formako jostailu batzuez baliatu da ikasleei informazio eta bitxikeriak azaltzeko. Beste kontzeptu batzuk ere aipatu ditu azalpenetan; aurtzatzea eta bela astintzea, adibidez. Ikasketa prozesu teorikoan, dena argi gelditu dadin, irakasleak galderak egiten dizkie ikasleei, baita haiek ere hari. Lotsa etxean uzteko eskatzen die irakasleak, ikasteko baitaude han, eta belak eskaintzen dienaz gozatzeko. Giro ona eta irakaslearen hurbiltasuna antzeman daitezke. Iraupen bertsukoak izaten dira klaseak egunero, oro har, 25 minutu ingurukoak. Eta, hura bukatzean, gogotsu izaten dira guztiak, irakasle zein ikasle, ikasitakoak uretan praktikan jartzeko.

Saio teorikoa amaituta, belaontziarekin beste harreman bat izateko, txaleko horiak janzten dituzte, baita eskarpin beltzak, bainujantziak eta haize-babes gorriak ere. Irakaslea txalupa motordunean zain daukate belaontzira eramateko; azken pauso bat eman behar dute, ordea, horren aurretik: ontziari bela zuriak jarri. Hori eginda, irakasleak, aurreko saioetan bezala, leloa errepikatu die: «Ni haizeari esker bizi naiz: haizea da nire gasolina». Ikasleak, berriz, haizearen joan-etorrietan murgildu dira eskolako belaontzi zuriarekin, urtegiko ur oztinetan.

Kiroletik harago

Belan ongi moldatzeko «funtsezkoa» da, besteak beste, taldean lan egitea, erantzukizuna izaten ikastea eta autoestimua izatea, Gonzalezen esanetan. Horrexegatik jaso ohi dituzte ikasturte guztian eskola askotako taldeak: Allotzera doazenek, kirola egiteaz gain, gaitasun horiek landu nahi dituzte. Taldeka zein bakarka nabigatu, horiek guztiak lantzen direla nabarmendu du zuzendariak.

Gonzalezek aitortu du kirolaren atzean esfortzu handia dagoela. Ideia horri lotuta, beste kirolekin alderatu du, eta uste du jakin beharra dagoela ez dela «beste batzuk bezain sinplea». Horregatik, dioenez, bela ez da «moda» bat, pasio kontua baizik: «Nabigatu nahi duenak barren-barrenean edukitzen du gogo eta ilusio hori».

Bela ez da, inola ere, gehien praktikatzen diren kiroletako bat. Ongi ezagutzen dutenek, ordea, argi dute jendeak probatu behintzat egin beharko lukeela, ontzian nabigatzean zer sentitzen den jakiteko. «Galtzeko aukera» eskaintzen du, Gonzalezen esanetan: «Zure abenturatxoan galduta, zure pentsamenduetan galtzeko aukera ematen dizu belak; mundutik ateratzekoa». Zuzendariak «ihesbide eder» gisakoa dela sinesten du, eta, horregatik, probatzera animatzen du jendea: «Arazoak lurrean utzi eta naturaz gozatzeko egokiera paregabea da».

BERRIAn argitaratua (2018/08/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA