kirola
JOKIN ALTUNA
«Zirrara sortzen dit neure burua gorriz jokatzen ikusteak»
Iñaki Odriozola
Bizkarreko lesioak hobera egin al du?
Bai, ahaztua dut dagoeneko. Ez dut batere arazorik. Hala ere, erabat zaintzen dut fisioterapeutekin eta. Partidak amaitutakoan ere, osatzeko lana egin behar izaten dut.
Min hartzeko ez dago garai onik, baina uda hasieran lesionatzea ez da gozoa izango, ezta?
Hala da. San Fermin torneoko aurreneko neurketan hartu nuen min, eta pena handia eman zidan gehiago jokatu ezin izanak. Garai txarrenean etortzen dira horrelakoak.
Hemendik aurrera, atseden hartzeko denborarik izango al duzu?
Egia esan, ez. Uztailean, astebete min hartuta pasatuta ere, zortzi partida jokatu nituen. Hamar edo 11 izango ziren bestela. Abuztua eta iraila gogorrak izango dira, ziur. Igandean, Gasteizen, buruz buru jokatuko dut Aimar Olaizolaren aurka, eta Andre Maria Zuriaren torneoan eta Zarautz Hiria torneoan Jose Javier Zabaletarekin osatuko dut bikotea. Herrietan egingo diren beste zenbait jaialditan ere izango naiz. Partida faltarik ez dut izango, behintzat.
Udako torneoak preziatuak dira pilotarientzat, eta Zabaletarekin jarri zaituzte. Irabazteko hautagaiak izango al zarete?
Bikote sendoa osatuko dugula iruditzen zait. Aspen maila oneko atzelariak ditugu, baina Rezusta eta Zabaleta gainontzekoak baino koska bat gorago daude. Bi bikote baino gehiago sartzen diren torneoetan beste konbinazio batzuekin jokatu behar izaten dugu. Bi atzelari behar badira, gehienetan biak sartzen dituzte, eta erraza da batarekin edo bestearekin jokatzea. Zabaletarekin jarri naute, eta oso gustura nago.
Aurten, gainera, buruz buruko txapelduna zarenez, elastiko gorriarekin jokatuko duzu. Presiorik sortzen al dizu horrek?
Alde horretatik, ez dut inongo arazorik. Jakitun naiz jendeak nitaz hitz egingo duela. Partidetan, aurkezpen ekitaldietan eta antzekoetan, zirrara sortzen dit neure burua gorriz jantzita ikusteak. Hala ere, joan den urtean partida pila jokatu nituen, eta kantxan ez dut aldaketarik nabari. Urte ona egin dut, eta udan maila berean jarraitu nahiko nuke. Erregularra izan nahi dut. Baina garbi dut berdin didala txapeldun izan eta gorriz jantzita irten beharrak.
Elastiko gorria ez dizu inork kenduko, baina igandean buruz buruko errebantxa duzu, Olaizola II.aren aurka. Berezia da partida?
Jendeak gustuko du buruz burukoaren errebantxa, eta ikusmina sortu du. Pozik jokatuko dut, eta gogotsu nago igandean kantxara irteteko.
Olaizolaren jokoak ez du sekreturik zuretzat, ezta?
Denok dakigu Olaizola II.ak nolako maila duen, izan buruz buru, izan binaka. Batzuetan, irabazi izan diot; galdu ere egin izan dut. Garaipena lortu dudanetan asko jokatuta izan da, eta igandean nirea eman beharko dut irabazi nahi badut.
Ikusi al duzu irabazi zenion finala?
Bai, bi aldiz ikusi dut partida hura. Galdutakoak ere ikusten ditut, ordea.
Ez da erraza izango uda betean buruz buru kantxa osoan jokatzea, ezta?
Binakako partidak ari gara jokatzen etengabe, eta zaila da. Gainera, behin edo bi aldiz entrenatzea alferrik da, ez baita hobetzen. Fisikoki modalitate gogorra da, eta eskuek ere asko sufritzen dute. Hilabeteetako lana behar da buruz buruko partida batera puntu-puntuan iristeko. Hala ere, espero dut partida ederra jokatuko dugula eta zaleei merezi duten ikuskizuna eskainiko diegula. Ahalik eta hobekien jokatzen saiatuko naiz, behintzat.