gizartea
Zozketekin: beste era bat jaia egiteko
Arantxa Iraola
Usadioz, familia eta adiskideen artean banatu ziren urte askotan antzerkiko rol nagusiak: esaterako, Elkanorena eta harekin itzultzea lortu zuten eskifaiako hemezortzi gizonenak. «Hautatu» egiten zituzten beste hainbat; hain justu, antzerkiaren alde «alegorikoa» ere egiten da, eta bost kontinenteen ordezkari gisa aurkezteko hautatu izan ohi zituzten herriko hainbat neska gazte -«edertasuna» izaten zen haiek aukeratzeko ezaugarrietako bat- karroza batean eramateko: «Herriko erreginak ere esan izan zaie». Aldiz, udala azken bi legealdiotan -EH Bilduren ardurapean- jai «parte hartzaileagoa» lortzeko ahaleginetan ari da. Aldaketak egin ziren orain lau urte; gehiago datoz aurten.
Aldaketak «tentu handiz» egin nahi izan dituztela azaldu du Gerekak. Dudak izan dituzte bidean: «Nola ukitu hau?». Aski gatazkatsuak diren esperientziak badira Euskal Herrian -Irungo eta Hondarribiko alardeetakoak aipatu ditu, etsenplurako-, eta halakorik ez zuten nahi. «Herria banatzerik ez genuen nahi; baina argi genuen aldaketak nahi genituela, eta, gainera, egin nahi genituen». Orain lau urte, lehen aldaketa izan zen kontinenteen ordezkari gisa irteten diren emakumeak «zozketaz» aukeratzea. «Gogoa zuten denek izena ematea eta zozketa egitea erabaki zen». Eta «ondo» joan zen.
Baina ez ziren horrekin bakarrik lasai gelditu udalean. «Horrela ere, festa honetan, karroza batean joatera mugatzen zen emakumeen presentzia». Herrian, bestela ere, makina bat andrek hartzen dute parte antzerkiaren antolaketan, baina ekitaldiaren lehen lerroan ere ipini nahi zituzten: ikusten den horretan. Halaber, Elkanoren ondoan agertzen diren gizonen «transmisioan» ere eragin nahi zuten: herritar orori ireki nahi zioten aktore izateko era. Izan ere, egun sentitua da herrian: emozio handikoa. «Usadioz, esaterako, antzezle aritu izan direnek jardun izan dute aurretik bizar luzea uzten, kilo batzuk galtzen ere bai sarri... Pertsonaian sartzeko», azaldu du Floren Iribar zinegotziak. Horregatik, igaro lau urteetan propio landu dute gaia: urrats gehiago nola egin aztertzeko.
Jardundakoen onespena
Hautsi ere ez dute egin nahi izan aurreko guztiarekin. Aintzat hartu nahi izan dute, esaterako, aurreko urteetan Elkanoren eta haren kideen rola bete duten gizonen jarduna, eta jarraitzeko era izango dute aurten. Hortik aurrera nola jokatu ez dute guztiz «zehaztuta», baina sortzen diren hutsune berriak «zozketa» bidez beteko direla erabakita utzi dute; hain justu, aurtengorako ere baziren hainbat hutsune, eta zozketa bidez aukeratu dira horiek.
Aldaketa horiek aurreko antzezle taldeari taxuz jakinaraztea oso garrantzitsua iruditu zaie udalean; orain arte jaia bizirik mantentzeko haiek egindako «sekulako lana» onestea ere bai. «Bilera bat egin genuen orain lau urte eskifaiako kide irten ziren guztiekin», azaldu du Gerekak: «Ondo joan zen». Hala ere, parekidetasunaren aldeko urratsik ez dute egingo eskifaiako pertsonaia horietan; gizonezkoak ziren denak -izen-abizenez identifikatuta daude agiri historikoetan-, eta egoki ikusi dute bere horretan lagatzea. Aterik itxi gabe: «Debate hori ere ireki daiteke».
Antzezpenean parte hartzen duten gainerako pertsonaia guztietan, ordea, kuotak jarri dituzte: andre eta gizonak aritu daitezen. Lantzariak izaten dira, esaterako, antzezpenean; gurdi gidariak ere bai. Rol horietan guztietan parte hartzeko zozketak egin dituzte: andre zein gizonentzat. Aurten, esaterako, 23 postu zozkatu dira guztira. Hamabi, neskentzat; 11, mutilentzat. Interesa piztu du deiak: 62 herritarrek eman dute izena. Horretarako bete beharreko baldintzak izan dira 1983-2000 urteen bitartean jaioak izatea, Getarian erroldatuta egotea, eta kontinenteen ordezkarien kasuan, aurrez atera gabeak izatea.
Ezusteak izan dira bidean. Esaterako, parekidetasunean inguruko irizpideak eraman dituzte kontinenteen ordezkari gisara irteten diren bost pertsonaietara ere, eta estreinakoz modua eman diete mutilei horiek betetzeko; bi toki gorde dituzte haientzat. Eta arrakasta izan du deiak. Pronostiko guztien aurka: «Egia esan, ez genuen uste mutilik apuntatuko zenik kontinente ordezkari izateko zozketara; eta hara ezustea: pila batek eman zuen izena. Bueno, hamar izan ziren, baina guretzat pila bat da, tradizioz andreek bete izan dituzten rolak baitira», onartu du Gerekak. Agian herrian harridura gehien eragin duen aldaketa hori dela esan du. Baina, oro har, ongi joan da dena, eta pozik daude udalean. «Gure lana baita aukerak irekitzea».
Bihar: Alardeak eraberritzeko esperientziak.