astekaria 2018/08/03
arrowItzuli

bizigiro

Ontzi txikian arraun

Aitor Biain. Edu Lartzanguren

Ontzi txikian arraun

Uribarri Ganboako (Araba) Landako hondartzan jende asko pilatu ohi da udako egun eguzkitsu eta beroetan. Gasteiztik ordu laurden eskasera dago urtegia, eta bainatzeko leku «paregabea» da, Migel Angel Bernalte Pumu Inguruabenturako kidearen esanetan. Itsasoan baino epelago egon ohi da ura normalean, baina barnealdeko beroari ihes egiteko toki aproposa da askorentzat. Hainbat kirol praktikatu daitezke urtegiaren bueltan, eta nola ez, baita uretan bertan ere. Piraguismoa da horietako bat.

Bainurako ez ezik, piraguan ibiltzeko ere toki «perfektua» da urtegia, Pumuk azpimarratu duenez. «Oso desberdina da piraguan urtegian, itsasoan ala ibaian ibiltzea. Eta oso desberdinak dira toki bakoitzean aintzat hartu beharrekoak». Ura bare-bare egoten da urtegian, itsasoan ez bezala, eta, beraz, arraunlariak ez du olatuez kezkatu beharrik. Ibaian, aldiz, harriak egon daitezke, eta ur emaria ere kontuan hartu beharrekoa da. Urtegian ere egon daitezke arriskuak, baina «nabarmen txikiagoak» dira haiek eragin ditzaketen ondorioak.

Ekainetik urrira bitarte alokatzen dituzte piraguak Inguruabenturako kideek Uribarri Ganboako urtegian. Landako hondartzan bertan aloka daitezke, egunean bertan; baita aurrez telefonoz ere. Bakarka zein binaka aritu daiteke. «Bada arrantza egitera etortzen denik ere. Piragua bat alokatzen dute, eta orduak ematen dituzte urtegian zerbait harrapatu artean». Izan ere, naturgune aberatsa da urtegia. Arraun surfa ere egin daiteke.

Goizeko hamaiketan, lauzpabost lagun baino ez daude hondartzan. Eguna triste samar esnatu da, eta eguzkiari kostatzen ari zaio lainoen artean zuloa egitea. Goizegi da, agian, bainu baterako. Tenperatura, aldiz, goxoa da: 20 graduren bueltan ibiliko dira termometroak. Haizerik ere ez dabil. «Egun on! Esnatu gara?» galdetu dio Pumuk gaztetxo talde bati. Donostiako Alde Zaharreko aisialdi taldeko gazteak dira, eta goiza urtegian igaroko dute, ur kirolez disfrutatzen. «Uretan esnatuko gara orain, ez kezkatu!», erantzun die begiraleak.

Bi taldetan banatu dira: talde bat piraguan ibiliko da lehenbizi, eta besteak arraun surfa egingo du; aldaketa egingo dute ondoren. Salbamendu jakak banatu dituzte segidan, eta azalpenak ematen hasi da begiralea. Nola arraun egin behar den azaldu du aurrena, eta kontuan hartu beharrekoak zerrendatu ditu ondoren. «Pisu handiena duena atzean eser dadila, eta bestea, aurrean. Atzekoak aurrekoari kopiatu behar dio, elkarrekin egin behar baita arraun». Salbamendu jakak ongi jarriak dituztela ziurtatu dute berriz, eta uretara sartu aurretik beste ohar bat gogorarazi die Pumuk gaztetxoei: «Eguzkitako krema eman, ez ahaztu!».

Urtegiaren erdigunerantz abiatu da taldea, Zuhatzako irlarantz, lasai-lasai. «Edonork egiteko kirola da hau; ez da abilezia berezirik behar», adierazi du Pumuk. «Gainera, urtegiaren ezaugarriak oso aproposak dira piraguan ibiltzeko. Zeharkaldi lasai batez disfruta dezakezu hemen; ingurugiroaz eta paisaia ederrez gozatzeko aukera dago». Norberaren egoera fisikoaren eta nahiaren arabera moldatu daiteke ibilbidea, gainera. «Goizeko lasaitasunean arraun egitea baino une magikorik ez dago», erantsi du.

Irlara gerturatu aurretik, eskuinetara begiratuta Gorbeiaren tontorra ikus daiteke. Behin uhartea pasatuta, Uribarri Ganboa herriaren parean, kosta egiten da arraun egitea, ur-lasterren eraginez. «Urtegiaren erdian gaude, eta nabari da hori. Aurten, gainera, ur asko dago», azaldu du Pumuk. Urek ez zuten Uribarri Ganboako herria harrapatu urtegia egin zutenean; Landakoa, aldiz, bai. Gasteizko Klub Nautikoa ere herriaren alboan dago. Belaontzi pare bat baino ez daude egun han. «Urtegian debekatuta baitago motorrezko ontziekin ibiltzea». Urteek aurrera egin ahala, ordea, gero eta gutxiago dira, begiralearen esanetan.

Itzulerako bidea hartu du taldeak. Ibilbidearen zatirik «zailena» da, Pumuren hitzetan, nekea nabaritzen baita besoetan, eta haizeak ere arraun egitea zaildu baitezake; «iparraldetik jotzen duenean, batez ere». Gazteek ez dute arazorik izan, halere. Piraguatik salto egin eta bainua hartzeko parada ere izan dute tartean. Zerua ere argitu da. Eta Landako hondartza bete egin da taldea iritsi denerako.

Bihar: Bela.

BERRIAn argitaratua (2018/08/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA