bizigiro
Malko eta irri artean, agur
Olatz Silva
Maulen egin zituzten lehenengo kilometroak, eta Getxora (Bizkaia) heldu arte hamaika bizipen izan dituzte. Zuberoa, Nafarroa Beherea, Nafarroa, Araba, Gipuzkoa, Lapurdi eta, azkenik, Bizkaia: 783 kilometro egin dituzte, horietatik 420tik gora oinez, 21 etapatan banatuta.
Bilbon itsasontzia hartu, eta Bizkaiko Zubira abiatu ziren astearte goizean. Azken eguna zen arren, energiaz eta animoz gainezka iritsi ziren partaideak. Koldo Iturbe Getxoko Udaleko Euskara zinegotziak ongietorria egin zien espedizioko kideei. Pozik zegoela adierazi zuen Iturbek, espedizioa han amaitzeagatik ez ezik, «helburu berberak» ere partekatzen dituztelako: «Getxon euskaraz bizi ahal izateko etengabeko esfortzua egiten ari gara».
Andres Isasi Musika Eskolara abiatu ziren ondoren, han egitekoak baitziren amaiera ekitaldia. Partaideen gurasoak ere gonbidatuta zeuden. Ane Pedruzo eta Imanol Zabaleta antolatzaileak aritu ziren aurkezle lanetan. Hilabete osoan sormen lan bat prestatu behar izan dute gazteek: Bilboko Arriaga plazan aurkeztu zizkieten gainerakoei bezperan; talde irabazleak antzeztu egin zuen bere lana, eta horrela hasi zuten ekitaldia. Jarraian, Mikel Fernandez bideogileak egindako ikus-entzunezkoa eman zuten: hilabetearen laburpentxo bat egin zuen. Taldeka igo ziren oholtzara, eta talde bakoitzeko bik hitz batzuk esan zituzten espedizioa agurtzeko. Bakoitzari diploma bana emanda amaitu zuten.
«Ez egin negar amaitu delako; egin irribarre bizi izan dugulako», halaxe esan zuen gazte batek. Izan ere, 31 egun eman dituzte Euskal Herria zeharkatzen, ehun lagun baino gehiago elkarrekin, euskaraz... Gutxitan edo inoiz berrituko ez duten esperientzia izan da haientzat: aurtengoa hasiera besterik ez izatea espero dute guztiek, eta Euskarabenturak urteetan jarraitzea.
Xerpak, ezinbestekoak
Rol oso garrantzitsua eduki dute xerpek, begiraleek, espedizio osoan. Ane Arsuaga donostiarra eta Josu Pedruzo gasteiztarra izan dira horietako bi. Lana neketsua izan dela adierazi duten arren, «primeran» egon dira espedizioan. «Hilabeteko abentura da, eta energia neurtu behar da. Hasiera-hasieratik dena emanda hasi nintzen, eta erdialdean inflexio puntu bat izan nuen; bukaeran gora egin dut berriz», adierazi du Arsuagak. Pedruzok gaineratu du xerpa bat ehuneko ehunean egon ez denean beti egon dela beste norbait laguntzeko prest.
Gazte talde «bikaina» bildu dutela azaldu du Arsuagak: «Giroa oso ona izan da hasieratik bukaerara arte». Pedruzok esan duenez, «gazteek arazorik gabe azaleratu dituzte adiskidetasuna eta sentipenak; guztia garatu da giro oso osasuntsuan».
Xerpa izateko energia «nahitaezkoa» dela adierazi dute, baita gazteekin egon nahi izatea ere: «Hemen egon garenok gure umetasun puntu hori oso modu azalekoan kudeatzen dugu». Xerpak ez ezik, kamiseta urdina jantzi duten beste hainbat pertsona ere egon dira, antolatzaileak eta hodeiak. Hodeien taldekoak izan dira komunikazio lantaldea, osasun taldea, gidariak eta boluntarioak. «Taldean oso jende potentea egon da, energia oso positiboarekin, eta uste dut hori transmititu diegula gazteei», gehitu du Pedruzok. Lan «kolektiboa» izan dela nabarmendu du.
«Elkarren arteko harremanak eta bizi izandako sentimenduak etxera eramango dituzte, eta pisu garrantzitsua izango dute beren eta gure bizitzan», gaineratu du Pedruzok. «Horrelako abentura bat bizi izateko pareko aukerarik ez dute topatuko», gehitu du Arsuagak.