astekaria 2018/08/03
arrowItzuli

gizartea

Mahairatzeko askatasuna jomuga

Jon Rejado

Mahairatzeko askatasuna jomuga

Lehenik, agindu zuten bazkarian egongo diren San Roke jaunaren kofradiakideak gizonak izango direla, eta ez emakumeak». Laudioko (Araba) San Roke Kofradiako 1599. urteko estatutuan jaso zuten esaldi hori, eta 2009ra arte indarrean egon zen. Hau da, 411 urtez Laudioko jaietako egun handietako bateko bazkarian mahairatzeko aukera ukatu zitzaien kofradiako emakumeei. 2010etik, ordea, kofradiako andrazkoak libre izan dira bazkarian parte hartzeko. Halere, oraindik eremu batzuetan andreek ezin dute aske erabaki mahairatu ala ez.

Laudioko Kofradiaren Eguneko bazkariak zeresana eman zuen 2008az geroztik. Ordea, azken hamarkadetan adibide gehiago daude: Udiarragako Kofradiak Ugaon (Bizkaia) irailean egiten zuen babarrun jana; San Antongo Kofradiak Sarrian (Araba) egiten zuen afaria... Bazkari horietan emakumeei parte hartzea debekatzen zitzaiela gogoratu du EAEko Arartekoko Berdintasun Saileko arduradun Maria Luisa Agirretxek. Elkarte gastronomiko batzuek emakumeak diskriminatu izanak ere zeresana eman du.

Donostiako Gaztelubide elkartearenak sona handia izan zuen. Ohitura zen San Sebastian egunaren bezperan alkateak eta Urrezko Danborraren irabazleak han afaltzea. 1987. urtera arte. Orduan, Pilar Miro zinema zuzendariari eman zioten saria, eta ez zioten utzi sartzen, emakumea izateagatik. 1989an, Gabriel Celaya poetaren emazteari ere sartzea debekatu zioten, eta Celayak uko egin zion joateari. Ordutik ez zen Donostiako alkaterik itzuli, aurtengo urtarrilera arte: Eneko Goiak afarian parte hartu zuen, gonbidapena haren emazteari ere egin ziotenez biek izan zutelako aukera agertzeko.

Begirada administrazioan

Denboran gertuago dago Tolosako Ostegun Gizeneko (Gipuzkoa) afarian gertatutakoa. Inauteriak hasten diren egunean, elkarte askotan mahairatzeko aukera ukatzen diete andreei. 2011n irudikatu zen: Gure Kaiola elkarteko kide batek bi emakumeren izena idatzi zuen gonbidatuen zerrendan, eta ordura arte izena emana zuten guztiak -denak gizonezkoak- zerrendatik kendu ziren: Ostegun Gizen hartan, elkarteko kide gizonezkoak eta bi emakumezkoek bakarrik afaldu zuten, gainontzekoak beste leku batean zeudela. Gizonak kexa bat jarri zuen EAEko Arartekoan: ez elkartearen kontra, baizik eta Tolosako Udalaren aurka, elkarte diskriminatzaile bati diru eta laguntza publikoa emateagatik.

Tolosako afari hartako gonbidatuetako bat zen GarbiƱe Biurrun epaile eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Gizarte Arloko presidentea. «Tolosako ordenantzen arabera, ezin izango zuten elkartea diruz lagundu, baina EAEko Berdintasun Legearekin nahikoa litzateke laguntzak kentzeko». Arartekoaren ebazpena 2016ko inauterien aurretik heldu zen, eta, Biurrunek hausnartutakoaren ildotik, udalari eskatu zion laguntzarik ez emateko elkarte baztertzaileei. Udalak hala egin zuela jakinarazi du. 2017ko Ostegun Gizeneko afarian parte hartu zuen Biurrunek. «Aipatzekoa da beste emakumezko batzuk ere bazeudela, normal-normal». Ordea, Agirretxek gogorarazi du elkarte batzuetan emakumeak diskriminatzen dituztela oraindik ere.

Biurrunek eta Agirretxek nabarmendu dute halako diskriminazioak desagerrarazteko ahalmena dutela administrazioek. Agirretxek azaldu du elkarte pribatuek herritarren ondare kultural diren ekintzak antolatzen dituztela, maiz eremu publikoan, eta horrek administrazioen esku hartzea eskatzen duela. «Bertan jarri behar da begirada, eta argi utzi onartezina dela». Tolosako Udalak azaldu du egoera ez dela erraza, eta eremu publikoaren eta pribatuaren arteko tentsioa aipatu dute: hain zuzen ere, elkarte baztertzaileak asoziazio eskubidean hartzen dute babes.

Barne hausnarketa

Administrazioak aldaketa behartzeko duen indarrak, ordea, ez du estaltzen talde baztertzaileen «hausnarketa falta», Biurrunen iritziz: «Arartekoaren ebazpenek balio dute, baina horraino heldu behar al da, gauzak hain argi egonda?». Tolosako Udalak ekinbideak abiarazi ditu gogoeta hori sortzeko elkarte gastronomikoetan, baina bertako iturriek berretsi dute «ez dela erraza» izaten ari. Iaz Jai Berdinzaleen Behatokia abiarazi zuten.

Jose Luis Navarro Laudioko San Roke kofradiako maiordomoak azaldu du Laudioko kasuaren konponbidea hortik heldu zela. «Zentzuzkoa zen kofradiako emakumeei parte hartzeko askatasuna ematea; kide gehienek hala uste zuten, baina barne araudiaren traba genuen». Izan ere, kideen erdiak ez ziren nahikoa estatutuak aldatzeko: %75en babesa behar zen. Zenbait «trikimailu» ere erabili zituzten gehiengoa lortzeko: aurka zeuden askok Laudioko Caritasen laguntzen zuten, eta, horiei iritzia aldarazteko, kofradiako zuzendaritzak Caritaseko buru zen moja bat gonbidatu zuen bazkarira. %75tik gora aldaketaren alde agertu ziren, azkenik. 2010ean, Estibaliz Gorostiagak parte hartu zuen bazkarian, espetxean zegoen aita Pablo Gorostiaga ordezkatuz, baita sor Marinak ere.

Garai hartan, Laudion hainbat jarduera izan ziren Kofradia Eguneko bazkarian andreen partaidetza bultzatzeko. Mugimendu feministak egoera salatua zuen, eta Arartekora iritsi zen kexa: udalari gogoratu zion ezin zuela kofradia babestu. Kofradia erlijiosoa zen heinean, gotzainak ere parekidetasuna eskatu zuen. Esku hartze horiek ez ditu ontzat jo Navarrok: «Aldaketaren alde geundenoi ere bortitza iruditu zitzaigun gauzak egiteko modua: askatasuna eman baino gehiago, parte hartzea inposatu nahi zieten, nork eta gotzaintzak». Elizara heldu zen kofradiaren haserrearen berri. Kofradiakide kide batzuen emazteek eliza garbitzen zuten, eta hori egiteari uko egin zioten, protesta gisa. «Gure kabuz bideratzeko denbora eskatu genuen, eta lortu genuen».

Edonola ere, Biurrunek nabarmendu du esparru pribatuaren muga ere gainditu beharko litzatekeela. Agirretxe ildo beretik mintzatu da. «Maila pribatuan, oinarrizko eskubideen aplikazioa arinagoa da: hori larria da, eta ez luke horrela izan behar». Biurrunek koska bat igo du aldarrikapena: «Elkarte batean gizon beltz bati eta judu bati sarrera ukatuko baliete, hurrengo egunean itxita egongo litzateke».

Eremu pribatuan zuzenbide zibilak esku hartu behar duela gaineratu du Agirretxek. Bertan ebatzi beharko litzateke asoziazio eskubidea legezkoa den edo ez. Hots, soilik gizonak sartzeko «arrazoizko justifikazio objektiboa» al dagoen: «Prostatako minbizia dutenen elkarte batean arrazoizkoa da gizonak baino ez egotea, edo lesbianen elkarte batean soilik emakumezkoak».

Bihar: Getariako lehorreratzea.

BERRIAn argitaratua (2018/08/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA