astekaria 2018/08/03
arrowItzuli

bizigiro

Ur bizien sentsazioak

Eihartze Aramendia Iparragirre

Ur bizien sentsazioak

Hemen neoprenozko zure jantzia eta oinetakoak». Lionel Rossignol Ur Biziako arduradunak banatu ditu rafting-a egiteko norberak soinean eraman beharrekoak. Eta orduan hasi da errituala: aldagelara sartu, neoprenozko jantzi umelari buelta eman, zango bat sartu, bestea sartu, tira gogor gora... Ongi, gerriraino sartuta. Bigarren zatia orain. Beso bat, gero bestea; aldagelako beste biktimari begiratu eta, hura ere baldar dabilela ohartzean, bien irri konplizea. Aldagelatik atera, kaskoak, pala eta salbamendu jakak hartu, eta furgonetara: Errobi ibaian rafting jaitsiera egiteko prest.

Bi familia sartu dira furgonetan, ahal zuten moduan, palak bata bestearen kontra joz. Normandiatik etorri dira aita eta bi semeak, eta bigarren aldia dute rafting-a Bidarrain (Nafarroa Beherea) egiten dutena. Orduko oroitzapen onak bultzaturik, esperientzia berritzea erabaki dute, oporretako azken egunean. Centre-Val de Loire eskualdetik etorritako senar-emazte batzuk eta alabak lehen aldia dute Errobiko ibaian, eta gogotsu daude, zer ekarriko dien. Furgonetaren gidari Rossignolek -zeina Bibi kapitaina izango baita uretan- Ortzaizerako (Nafarroa Beherea) bidea hartu du: hortik abiatuko dira. Ondoan du Carmen Agirregomezkorta, rafting enpresaren ondoko Erramundeya ostatuaren jabea, gero hark hartuko baitu furgoneta atzera itzultzeko. Ur Bizia Bidarraiko lehen rafting enpresa izan zen, eta Rossignolek hastapenak kontatu dizkie parte hartzaileei: «Orain dela 27 urte sortu genuen Ur Bizia, 1991n. Frantziako Estatuko rafting diploma atera nuen, eta Euskal Herrira etorri nintzen bizitzera, Baionara. Parisen sortua naiz: kayakean ibiltzen nintzen, eta Errobi ibaira etortzen ginen. Hemen rafting-aren inguruan zerbait egin zitekeela pentsatu nuen». Garai hartan, rafting hitza bera ere arrotza zen askorentzat, eta Agirregomezkortak berak ere hala onartu du: «Toki bat xerkatzen ari ziren instalatzeko, eta honat heldu zirenean eta zer egin nahi zuten entzun nuenean, ez nuen fitsik konprenitzen. 'Horrek arrakastarik ukanen du?', galdegiten nien. Eta bai, begira orain...». Rossignolek asko eskertzen du Erramundeyako familia, beste ate batzuk jo baitzituzten lehenago eta ezezkoa izan baitzuten erantzun gisa: «Haien harrera ez da ahaztekoa».

Ortzaizera iritsi da eskifaia. Denak jaitsi, ontzia hartu, Agirregomezkortari «gero arte» esan, eta ibaira. Rossignolek, Bibi kapitainak, ikastaro labur bat eman du: palak nola hartu, norbait uretara erortzean zer egin behar duten eroritakoak zein besteek... Batzuetan, frogatxo bat egiten omen du jendeak igeri badakiela egiaztatzeko, baina oraingo parte hartzaileekin konfiantza baduela esan du, denen barren artean.

Orain bai, egiaren ordua. Bibi kapitainak bakoitzari eman dion tokian jarri, eta aurrera. Hastapena lasaia da, konfiantza hartzeko eta ingurura egokitzeko. «Errobi ibaia ez da oso kirol mailakoa, baina beste toki batzuk baino gehiago bai: Paueko edo Oloroeko uhaitzak baino gehiago, adibidez. Jendeak irudi edo paraje jakin batzuekin lotzen du rafting-a: Gavarnie, Cauterets... baina toki hau estetikoki biziki polita da», azaldu du Rossignolek. Eta hala da; ibai berdeak eta inguruan dituen zuhaitzek, harriek eta landarediak lasaitasuna ematen dute. «Hemen urte guztian egin daiteke rafting-a, negua ala uda izan: beti ura dago. Hemen ez dago ura mozten duen presarik beste toki batzuetan bezala, eta ura ez da hotza, azken finean euri ura delako», kontatu du Rossignolek, besteek lasai arraun egin bitartean. «Eta urak igotzean nahiz jaistean rafting-a egin daiteke?», galdetu du batek. Ibilbidean zehar atxikitze gune batzuk daudela erantzun dio, eta ur asko nahiz gutxi egon nabiga daitekeela horri esker. Zehaztu du arazorik ez dela ibaiaren profilari esker -gune lasaia, jaitsiera, gune lasaia, jaitsiera...-, urak gorago edo beherago egon. Eta hara non jaitsiera horietako bat. Kapitainak arraun egiteko agindu die batzuei, eta besteei gelditzeko, eta, denen lanari esker, lehen jaitsiera gainditu dute. Pozik daude denak, jaitsieraren emozio hori esperimentatuta. Hurrengo lasaiguneaz baliatuta, ontzia momentu batez gelditzeko esan die kapitainak. Bera jaitsi eta ingurumenean ugariak diren lore arrosa batzuk hartu ditu, Saponaria officinalis deiturikoak. «Gero esango dizuet zertarako balia daitezkeen», esan du.

Bidean aurrera egin ahala, begi bistakoak dira orain lau urte izandako uholdeen arrasto eta ondorioak: ibai bazterretan adarrak pilatuta, adarrak zuhaitzetan erabat okertuta, trena pasatzen den burdinazko zubian ura noraino igo zen erakusten duen marka... Aurretik gertatutako uholdeen arrastoak ere ikusten dira: nabarmenenak, harrizko zubiak erorita. Bat-batean, ibaiaren erdi-erdian, egundoko harria: «Hori ez da uholdeen eragina, baina bai naturak eragindakoa. 1995ean, hango menditik erori zen [behatzarekin ezkerrean gelditzen den mendia seinalatuz]. Gauez gertatu zen; orduan ez zegoen oraingo errepidea, eta auto gutxiago pasatzen zen».

Ontziarekin harritzarra saihestu eta aurrera. Uhaina Bidarraiko beste rafting enpresaren ontzi batekin topo egin dute. Bazter batean utzia dute ontzia, eta arroka batera igota daude, handik uretara jauzi egiteko prest. «Nahi al duzue zuek ere salto egin?», galdetu du kapitainak. Erantzun baino lehen, denak ontzian zutik dira, hortik irteteko asmotan. Behin jauzi eginda, kasu eman behar da, korronteak indar handia baitu. Arrokak ukitu dituztenez, abenturazaleek zikin-zikinak dituzte eskuak: Rossignolek momentu hori aprobetxatu du aurretik bildutako loreen berri emateko: «Lore hauen izena xaboi-belar sendagarria da [saponiere esan du, frantsesez], eta latinezko sapon hitzetik dator: xaboi esan nahi du». Petaloak kendu, uretan busti, igurtzi eta aparra ateratzen hasi da, xaboi baten moduan: «Eskuak garbitzeko erabil ditzakezue lore hauek: %100 bio da».

Charlotte harria pasatu dute berehala, eta horren istorioa ere kontatu du Rossignolek: «Beti kayakean aritzen zen Baionako emazte bat ibiltzen zen hemen, eta, egun batean harri hori kontra jo, eta besoa txikitu zuen, baina aurrera jarraitu zuen hala ere, ibilbidea bukatu arte. Harriari haren izena jartzea pentsatu genuen, Charlotte». Istripuez galdetuta, oso gutxi gertatzen direla adierazi du. «Dagoeneko esperientzia handia dugu, eta ibilbideak, txokoak eta abar ezagutzen ditugu. Iaz edo orain dela bi urte, baina, hildako bat izan zen. Euren kabuz etorri ziren, eta azkargune horietako batean ez dakigu zer pasatu zen, baina bertan gelditu zen. Oso arraroa da horrelakorik gertatzea», esan du.

Jolas bat proposatu du: partaide bat ontziaren puntan zutik ezarri, eta gainontzekoek arraun egin behar dute zirkuluan. Zutik itzuli gehien egiten duena txapeldun. Batek bi itzuli, zazpi besteak, bederatzi... ausarki egin dute barre denek. Halako batean, ahate familia bat: ahate kumeek ibaia gurutzatu dute amaren atzetik.

Arrantzalerik ez da ikusten inguruan: «Zati honetan arrantzale gutxiago ikusten dira orain, 2014ko uholdeak izan eta gero Donibane Garazi eta Bidarrai arteko zatia nokill gunea izendatu baitzuten, hau da, arrainak harrapatu bai baina uretara bota behar dira berriz, bizirik». Arrantzaleekin orain ongi pasatzen bada ere -Errobi ibaia bera elkarrekin garbitzen dute-, hastapeneko urteak «zailak» izan zirela aitortu du Rossignolek: «Jende biziki gogorrarekin egin genuen topo; ez zuten onartzen gu ibaitik pasatzea. Gertatu izan da ontzia pasatzen ari zela arrantzale bat harriak botatzen hastea. Guk diploma pasatzeko eskolan ongi ikasi genuen beste erabiltzaileekiko jarrera ona erakutsi behar dela, besteak beste. Orain dela urte batzuk, agiri bat sinatu genuen elkar errespetatuko genuela adieraziz». Ordutegi bat ere badute rafting zaleek: neguan 10:00etatik 18:00etara, eta udan 09:30etik 19:00etara.

Pixkanaka ibilbidearen bukaerara ailegatzen ari dira. Hainbat geldiunerekin eta beste, ibilbideak dituen bost kilometroak ordu eta erdian egin dituzte. Ontzitik atera eta denen artean kanpamentu nagusira eraman dute. Berriz errituala, neoprenozko jantzia kentzera. Orain ez da hain zaila izan, behintzat. Marrubi usainarekin bukatu da abentura, jantziak desinfektatzeko produktuak ematen baitu. Zapore ona uzten du rafting-ak.

Bihar: Piragua.

BERRIAn argitaratua (2018/07/31)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA