astekaria 2018/08/03
arrowItzuli

iritzia

Aireportua

Nerea Ibarzabal Salegi

Aireportua Nerea Ibarzabal Salegi

Sarrionandiaren poema hau ezagutu nuen aspaldi, izugarri hunkitu ninduena bere garaian: «Ikasten dugun lekua da eskola. Edozein leku izan daiteke, hala nola etxea, kalea, mendia, itsasoa, parkea, zinema aretoa, eta, beharbada, eskola». Zelan esan zerbait hain iraultzailea, hain laburki eta ez-al-zenekien-orain-arte? tonu batekin, gainera.

Kontzeptu aldakor eta mugikor gisara deskribatzen du Sarrik beste askok eraikin batera mugatzen duten hori. Tira, ba berba horiek iltzatuta geratu zitzaizkidalako edo, TOK moduko bat garatu dut denborarekin: berak eskolak lez, nik aireportuak ikusten ditut leku guztietan. Eta ez soilik abuztua delako eta oraindik ez naizelako oporretara joan edo bai-.

Ez-leku bitxiak dira aireportuak, deserosoak diseinuz, ordubetetik gora inork zapaldu nahi ez dituenak, garestiak. Are bitxiagoa da bertan antzezten duguna eta bilakatzen garena edo bistaratzen zaiguna. Baina aireportua edozein leku izan daiteke.

Agur esaten duzun edozein leku, bideak banatzen diren edozein puntu, kafetegi hura edo zure etxeko sofa. Ospitale bat. Zure seme-alaba zure ohe ondoko sehaskan egotetik aldameneko logelara igarotzen den unea. Aireportuak dira, halaber, berrelkartzen garen toki guztiak: kasualitateak eragindako ordu txikitako enkontruak, bigarren aukerak edo kintoen bazkariak bezain fenomeno soziologikoki aztergarriak. Bidaiaren ostean bakoitza zenbat aldatu den neurtzen dugu, tentuz, ia beldurrez, -maleten barrualdea ikusteko erabiltzen diren X izpiekin- aldatu denak aldatu ez dena aspergarritzat jotzeko, eta aldatu ez denak aldatu dena traidoretzat.

Zerbait galtzeak panikoa ematen dizun edozein egoera ere aireportu bat da niretzat. Kuriosoa da, hegazkinik ez duzu pasatzen uzten trenekin edo autobusekin egiten duzun bezain erraz. Trastorno honen erruz, ingurura begiratu eta aireportu-jendea baino ez dut ikusten: arazo guztiak terminalak iruditzen zaizkiona, atzerapenak tragediatzat dituena, eta langileen grebak defendatzen dituena, bere plazerean eta erosotasunean eragiten duten unera arte. Matxuratutako hegazkin -proiektu, harreman, proposamen- batera igotzeko prest leudekeenak, apur bat gehiago ez itxarotearren. Edonon daude, arrandegian, eskolan, tabernan, eta beharbada, aireportuan.

Okerrera doa TOK hau, eta psikoanalistari ez zaizkio iristen nire whatsappak. Baina zebrabideko udaltzaina azafaten keinuak egiten hasi zait goizero eta ez dut jakiten noiz gurutzatu, eta supermerkatuan megafoniatik nire izena esaten dutela iruditzen zait, nire zain daudela eta aukera honek ezin didala ihes egin. Bizitza osoa 100 mililitroko potetxotan sailkatzen hasi naiz, eta egia da eramangarriago dela horrela, baina gero gauetan maleten gurpil-hotsak entzuten ditut leihotik, milaka maleta nire etxepeko espaloian aurrera eta atzera, eta beti falta zait paperen bat, edonon, ogia erosterakoan ere bai, noan lekura noala paper bat falta zait, nire mesanotxean ahaztuta utzi dudana, mugikorraren kargagailuaren ondoan.

Oporrak behar ditut.

BERRIAn argitaratua (2018/07/31)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA